Iratxe Reparaz Beaskoetxea

"Jendeari emozioak sentiaraztea gustatu izan zait beti"

Erkuden Ruiz Barroso 2020ko ira. 23a, 13:08
Iratxe Reparaz arte zuzendaria. IKER GOZATEGI

Publizitatearen munduan marka handietarako lan egin ondoren, orain musikaren munduan proiektuak, ideiak eta mezuak garatzen ditu Iratxe Reparaz Beaskoetxea arbizuarrak

Etengabe ikasten, ikertzen eta esperimentatzen aritzen da Iratxe Reparaz arbizuarra. Arte zuzendaria da, eta pixkanaka sormen zuzendaritzara saltoa ematen ari dela esan du. DeepSoda ekoiztetxeko proiektuak garatzen ditu, eta Zetak taldeko sortzaileetako bat izan zen. Haren lana bideoklipetan, argazkietan eta bestelako elementuetan ikus daiteke.

Zer da arte zuzendaria izatea?
Arte zuzendaria naiz, baina azkenaldian hori aldatzen ari dela eta sormenezko zuzendari bihurtzen ari naizela uste dut. Arte zuzendaritza da ideia baten alde bisuala garatzea. Azkenaldian, proiektu baten ideia orokorra pentsatzen eta transmititzeko moduak zuzentzen ari naiz gehiago. Sormenezko zuzendaritzaren ardura da ideia pentsatzea, ez bakarrik bisualki; estrategikoa, dena. Kontzeptu osoa. Hasieratik hasita bukaeraraino. Ez da bakarrik zerbait polita egitea.

Agian arte zuzendaritzaren figura zineman ezagunagoa da, baina zu publizitatean aritu zara.
Arte zuzendaritza arlo desberdinetan dago: publizitatean, zineman, musikan, antzerkian... Izen bera duen arren arlo bakoitzean desberdina da. Ni publizitatean hasi nintzen komunikazio kanpainen arlo bisualak garatzen. Bizitzaren arrazoiengatik DeepSodan eta Zetak-en hasi nintzen, eta arte zuzendaritza musikan jorratu nuen. Orain zineman ere hasi naiz. Mundu berdina da, artisten mundua.

Publizitatea eta Harreman Publikoak karrera egin zenuen. Zerk erakartzen zintuen?
Txikitatik gustatu izan zait jendeari gauzak sentiaraztea. Norbait etxera afaltzera etortzen bazen saiatzen nintzen dena ahalik eta politen jartzen. Etxean sartzean sentsazioak sentitzea. Eskutitzak idazten nituen, argazkiak egin eta gero erakutsi... Jendearengan emozio horiek ikustea. Hasieran zaletasun bat zela uste nuen, baina nire ahizpak kazetaritza ikasten zuen eta publizitate karrera bat zegoela eta hori lantzen zela esan zidan. Hor sartu nintzen zertan zen gehiegi jakin gabe. Publizitatearen mundua oso handia da. Azken urtean zer nahi nuen jakin nuen.

Eta arte zuzendaritza ikasi zenuen.
Bartzelonan master bat egin nuen. Zehatzagoa zen. Mugarri bat izan zen. Erakutsi zidan arazoei sormenezko soluzioak ematen. Eta ez bakarrik modu bisualean. Nire lana zen arazoak konpontzeko ideiak edukitzea, eta hori markengana bideratzen genuen. Hortik agentzia handi batean lan egiten hasi nintzen, marka oso handientzat. Ez zitzaidan gehiegi gustatu eta agentzia txikiago batean sartu nintzen. Adar gehiago jorratzen dituzu eta mundu guztiarekin kontaktuan zaude. Pila bat ikasi nuen hor. Publizitatea, komunikazioa eta psikologia oso lotuta daude, eta niri asko gustatzen zait. Jendearengan emozioak sortaraztea. Nire lana askotan da jendea ulertzea. Orduak pasatzen ditut jendea eta gizartea ulertzen; zergatik egiten den hau eta zergatik bestea. Hori proiektu desberdinetara bideratzen da. Mezu bat sortzen da gizartea analizatuz. Toki guztietan eman daiteke, baita musikan ere. Pellorekin horretan bat egiten dugu. Pellori gauzak sentiaraztea eta esperimentatzea gustatzen zaio. Txikitatik egin izan ditugu proiektuak elkarrekin. Pixkanaka gauza handiagoak egiten hasi ginen, Zetak egin arte. Berak sortu zuen, eta nik laguntzen dut.

Esperimentatzea eta ikastea gustatzen zaizu.
Hori da. Ahal izango banu beti ikasten egongo nintzateke. Kuadrillako Ariane Insaustik esan zuen ikastea maite zuela, bizitza osoa ikasten egongo zela. Esaldia grabatuta geratu zitzaidan, eta egia da. Publizitatea, gero psikologia, gero soziologia... Lanean ere ikasten da, eta horretan nabil.

Arte zuzendaritzatik sormenezko zuzendaritzara salto ematen ari zara. Proiektuaren osotasuna lantzen duzu. Nola sortzen da proiektu bat?
Niri gustatzen zait ahalik eta profesionalen egitea. Nik arte zuzendaritza ikasi nuen bezala, badago pertsona bat bideogintza ikasi zuena, beste pertsona bat arlo grafikoa, beste bat estilismoa... eta niri gustatzen zait bakoitzari bere lana ematea badakidalako horretan hoberenak direla. Ideia bat daukadanean lehenengo gauza da taldea sortzea eta pertsona ezberdinetaz inguratzea; bakoitza bere arloan espezialista. Bakoitza saiatzen da nire ideia bere arlotik garatzen. Horrekin ziurtatzen dut ondo aterako dela.

Horretarako estiloak eta modak kontrolatu beharko dituzu, ezta?
Bai. Unibertsitateko irakasle batek esaten zuen begia hezi behar dela. Modan zer dagoen jakiteko museoetara joan behar zara, liburuak erosi behar dituzu, zinemara joan, aldizkariak irakurri eta instagram, facebook, tik tok eta aplikazio guztietan eguneratuta egon behar zara. Gizartean mugitzen dena ezagutu behar duzu. Belaunaldi desberdinak ulertu behar dituzu ere. Ezinezkoa da den dena jakitea. Proiektuaren arabera pertsona batzuekin edo beste batzuekin lan egiten dut. Bakoitzak bere izaera du eta garrantzitsua da lan egiten duten pertsonek proiektuaren izaerarekin bat egitea.

Zure lanetan zu atzetik zaudela ikus daiteke?
Oraindik prozesu horretan nago. Gauza desberdinak probatzen ari naiz, baina esan dezaket nahiko estilo naturala izaten saiatzen naizela. Fikzioa gustatzen zait, baina dokumental itxura ematen dut. Errealista.

Oso gaztea zara eta publizitate agentzia batean lan egin duzu, orain arte zuzendaria zara... Talentuaren adierazle?
Ez dakit talentua den... Baina beste gauza bat dago: diziplina oso garrantzitsua da. Esaten dute %1 kreatibitatea dela eta %99 lana. Bartzelonan nengoenean lan asko egin nuen, asko, eta diziplina hori hartu nuen. Jende oso onarengandik ikasi dut ere.

Publizitatea ikasten ari zinenean, oso ondo zer zen jakin gabe, honaino iristea espero zenuen?
Ez. Duela bi urte ez nuke inolaz ere ez imajinatuko jaialdi bat antolatzen egongo nintzela. Telebistarako iragarkiak egiten ariko nintzela imajinatzen nuen. Askoz jota. Baina ikusi dut publizitatea ez dela bakarrik telebista. Dena da. Musikaren mundua ezagutu dut, eta asko gustatu zait. Agian ere familiaz eta lagunez inguratuta lan egiten dudalako. Oso gustura nagoen inguru bat da. Eta etengabe ikasten ari naizen mundu bat delako ere.

Eta Arbizun.
Sorpresa bat izan da. Zetak-ekin hasi ginen, baina orain haratago doa. Pellorekin gelditzen naiz, taberna batean, eta aktualitatea komentatzen dugu. Gizartea nola ikusten dugun, zer gertatzen ari den eta horrekin filosofeatzen dugu. Honi buruz abesti bat egingo dugu? Jaialdi bat egingo dugu? Ideiak edukitzea da, eta elkarrekin forma ematea. Zetak ez zen musika talde bat bezala sortu, zerbait gehiago bezala baizik. Oso pozik gaude. Egia birusaren kontuagatik ezin izan dugula proiektua bira batekin burutu. Baina konfinamendua ongi kudeatu dugu. Alde ona ateratzen saiatzen gara beti.

Etengabe gauzak egiten ari zarete. DeepSodan hainbat proiektu garatu dituzu ere.
DeepSoda sortu genuen gure ideiak autogestionatzeko: Baloreak, abestiak produzitu, bideoklipak egin... Hor gaude gure bidea definitzen. Xabi Bandiniren bideoklipak egin ditut, Baloreak proiektu osoa egin genuen, orain Nafarroa 1512... Gauza asko daude.

Komunikatzeko moduak aldatu dira. Nola aldatu da publizitatearen mundua?
Nire belaunaldikoek ez dugu aldaketa hori bizi. Irakasleek beti esaten zuten lanean hasi zirenean telebistarako, irratirako eta egunkarietarako lan egiten zutela. Baina orain publizitatea ez da iragarki bat egitea, arazoei konponbidea aurkitzea da. Asko aldatu da. Aplikazioetan, sare sozialetan eta abarretan ikusten da. Teknologia aldatzen doan heinean, publizitatea moldatzen doa. Etengabe ari gara berritzen eta gazteengatik asko ikasten dugu. Nik behintzat. Orain formatu anitzak dira, eta pantaila bakoitzak publizitate mota bat behar du.