Udalak bederatzi lursail salduko ditu

Guaixe 2020ko ira. 28a, 09:59

Eskola berritik Akerruntza kalearen ikuspegia.

Herrian daude guztiak eta haietan etxebizitzak eraiki daitezke. Enkanteko hasierako prezioan salduz gero, udalak 325.918 euro eskuratuko lituzke.

Arbizuko Udalak, plegu itxiko enkante bidez, bereak diren eta herrigunean dauden bederatzi partzela salduko ditu. Enkanterako proposamenak aurkezteko epea lastailaren 12an despedituko da. Bederatzi lursailetatik sei San Joango bidean daude, 8 eta 18 zenbakiak izanen direnak. Aurreneko bi partzelak elkarrekin saltzen dira eta horrela etxebizitza bat eraikitzeko aukera ematen du. San Joan bideko gainontzeko lursailetan ere etxebizitza bana jaso daiteke. Iruñeko etorbideko 38. zenbakian, Arnatz kaleko 19.ean eta Akerruntza kaleko 21.ean daude salgai dauden beste hiru lursailak. Aurreneko bietan etxebizitza bana egin daiteke, hirugarrenean bi. 


Udalak saldu nahi dituen lursailak urdinez markatuta.

Salmentarako baldintzetan jaso denez, lursaila erosten duenak pagatu beharko ditu sortzen diren zerga guztiak. Erosleak ezin izanen dio beste inori eskualdatu lursaila, Arbizuko Udalak horretarako baimena ematen ez badu. Behin enkantea pasata, eskuratutako lursailean etxea egiteko tramiteak eta eraikuntza lanak egiteko hiru urte izanen dira.  

Arbizuko Udalaren lursail salmenta
Kalea Azalera eraikigarria m2 Hasierako prezioa
San Joan bidea 8-10 220 29.241
San Joan bidea 12 220 29.241
San Joan bidea 14 220 29.241
San Joan bidea 16 220 29.241
San Joan bidea 18 220 29.241
Iruñeko etorbidea 38 326,75 45.073
Arnatz kalea 19 220 56.235
Akerruntza kalea 21 577,1 78.405