Amaia Reparaz Extramiana

"Ferdaik transmititu nahi dudana ongi biltzen du"

Eneida Carreño Mundiñano 2020ko urr. 20a, 14:24

Amaiak online denda zabaldu du. Natura oinarri hartuta, objektu politen eskaintza zabala du

1. Proiektu berri bat duzu esku artean, zergatik sortu duzu Ferdai?
Aspaldi nenbilen holako proiektu propio bat sortzeko asmoarekin. Gustuko ditudan gauza berriak ikasteko aukera bikaina izateaz aparte, ilusioz betetzen nau horrelako marka berezia eta pertsonala martxan ikusteak. Nire pentsamenduan zeraman ideia hori errealitate bilakatzearen prozesua izan da politena, eta bidean aurkitu ditudan pertsona eta proiektu zoragarriak ezagutzea.

2. Zer esanahi du hitzak?
Ferdai nire herriko termino baten izena da, Arbizukoa, eta gure aitonak han orduak pasatzen zituen, bere baratza eta animaliak zaintzen. Oso toki berezia da familia guztiarendako, eta proiektu honekin transmititu nahi dudana oso ongi biltzen du: naturaltasuna, xumetasuna, elkartasuna eta naturarekiko maitasuna.

3. Zer eskaintzen du Ferdaik?
Ez da bakarrik produktu politak erosi daitezkeen online denda; koadernoak, libretak, poltsak, kandela usaintsuak edo irudiak aurki ditzakezu, besteak beste. Askoz gehiago da; kontzientzia eta gelditasunarekin bizitzeko era bat sustatzen du, kontsumo jasangarria bermatuz eta natura zaintzen duten produktuak eskaintzeko apustua egiten duen marka da.

4. Zergatik online bakarrik?
Momentuz online bakarrik saltzen dira produktuak, baina agian aurrerago dendaren batean ere egon daitezke eskuragarri. Gaur egun, online egotea ezinbestekoa dela uste dut. Gainera, aurten pandemiarekin jasaten ari garen egoera dela eta, ikusi da komertzioak egokitu beharra daukala aro berri honetara.

5. Ferdai eta naturaren arteko lotura zein da?
Ferdaiko produktuen bitartez gerturatu nahi diet natura bere kontsumitzaileei. Produktu hauek gogora ekarri diezazukete zer pertsona izan nahi duzun, planeta eta natura zaindu behar ditugula oroitaraz diezagutela, gure belaunaldiek hemen bizitzen jarrai dezaten, eta eredu izan daitezen kontsumo jasangarria posiblea bakarrik ez dela, baizik ezinbestekoa.

6. Zer produktu saltzen dituzu?
Dendan hainbat produktu kategoria aurki ditzakezu, alde batetik paper artikuluak (libreta, koaderno eta egunerokoak), bestetik ehunez egindako poltsak edo totebag-ak eta, azkenik, etxerako artikuluak (paretan zintzilikatzeko irudi edo lamina ilustratuak edo kandela usaintsuak). Poduktu berriak ere gehitzea gustatuko litzaidake.

7. Materialez zer duzu esateko?
Produktu hauek ekoizteko erabili diren materialak kontu handiarekin aukeratu ditugu. Adibidez, koadernoetan erabilitako papera eta azalak, %100 birziklatuak izateaz aparte, hainbat prozesu sortutako hondarrekin egindakoak dira. Poltsak egiteko berriz %100 kotoi organikoa erabiltzen da, edo kandelak egiteko sojazko argizaria.

8. Prozesuaz eta fabrikazioaz zer duzu esateko?
Materialez aparte, produktuaren fabrikazioan parte hartu duten hornitzaile eta kolaboratzaile guztiak ere mimoz aukeratu ditut. Esate baterako, kandelak egiten dituen enpresa aitonengandik oinordetzan jaso duten negozio txikia da, edo koadernoak inprimatu diren inprenta naturarekin oso konprometituta dagoen familia negozio da. Poltsak egiten dituen tailerra, berriz, elkarlanean aritzen da Indiako emakumezko komunitate batekin.

9. Zer eskaintzen duzu web orrian? Deskribatuko duzu?
Web orrian, denda eta produktu guztien deskribapena izateaz aparte, informazio eta ideia ugari aurkituko dituzu, aipatutako bizimodu geldi horrekin bat datozenak. Esate baterako, dohain gida labur bat duzu deskargatzeko non 6 ideia ematen ditudan planetarekin  bizi kontziente eta arduratsuago bat emateko eta blog-ean ere hilero partekatuko ditut gauza berriak.

10. Sare sozialetan zaude?
Bai, Instagram (@ferdai.es) eta Facebooken kontuak dauzka Ferdaik, eta handik jarrai ditzakezue markaren nobedade eta kontu guztiak. Jendearengandik gertu egoteko eta edozein gauza argitzeko bide ezinhobea da.

11. Gonbidatu sakandarrak web orria bisitatzera.
Sakandarrak betidanik bereizi izan gara ekologiarekiko pertsona kontzientziadun eta naturaren maitaleak izateaz. Gonbidatuta zaudete proiektua gertutik ezagutzera www.ferdai.es web orrian eta pozik argituko ditut dauzkazuen zalantza edo galdera guztiak. Mila esker bihotzez.