Emakumeen kontrako "indarkeria-mota oro guztiz onartezina" dela dio Arbizuko Udalak

Guaixe 2020ko aza. 25a, 13:29
Indarkeria matxistaren kontrako ekimena. Artxiboa.

Arbizuko Udalak gaurko eguna dela-eta adierazpena kaleratu du. Arbizuko mugimendu feministak gaur, 18:30ean, plazan deitu duen kontzentrazioan parte hartzeko deia egin du.

Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako egunean Arbizuko Udalak adierazi duenez, “indarkeria sexista emakumeek eta gizonek bizi duten desberdintasun-egoeraren adierazpen bortitzena da. Eta, era berean, emakume eta gizonen arteko botere-harremanak bere horretan mantentzeko ezinbesteko tresna da”. Arbizuko Udalak “emakumeenganako indarkeria oro baztertzen” duela adieraztearekin batera, “indarkeria hori eragiten duten agente oro (komunikabideak, publizitate sexista, epaitegiak, hezkuntza-sistema, lan merkatua…) ere baztertzen dugula ozen” aldarrikatu du, “nahikoa da” esan du. 

COVID-19ak eragindako pandemia betean, Arbizuko Udalak gaztigatu duenez, “egoera ahulenean dauden pertsonak bereziki kaltetuak izan dira, horien artean indarkeria matxistaren biktimak”. Aurten Euskal Herrian 4 emakumezko erail dituztela gogoratu ondoren adierazi du: “indarkeriaren adierazpide guztien aurka eta jendarte feministaren alde lanean jarraitzeko hartutako konpromisoa berresten dugu”. Azkenik, “ezinbestekotzat” jo du “egunerokotasunean indarkeria sexistaren kontrako jarrera adieraztea eta jendarte parekideago bat eraikitzeko lanean murgiltzea. Gure herrian ez dugu ez bakerik ez normalizaziorik izango emakume izate hutsagatik emakumeak hiltzen eta erasotzen jarraitzen den bitartean”.