Zaintza sistema publiko eraginkorraren alde

Guaixe 2020ko aza. 27a, 12:29

Udaletxeko beheko solairuan dago mediku kontsultategia. Artxiboa.

Igandean, 13:00etan, mediku kontsultategitik “bizitza, zaintza eta zerbitzu publikoak” lelo duen giza kate ibiltaria abiatuko da. Defendatu beharrezkotzat jo dituzte: komunitatea, osasun sistema publikoa, tokiko merkataritza, ostalaritza edota hezkuntza.

COVID-19 gaitzak eragindako pandemiak “bermerik gabe” harrapatu gaituela salatu eta “bizitza erdigunean” jarriko duen bestelako eredu bat aldarrikatuko dute Arbizun igandean. Deitzaileek azaldu dutenez, “zaintza eta bizitzaren zutabeak diren osasun sistema, nagusiendako egoitzak, gizarte zerbitzuak, hezkuntza… azken urteetan murrizketengatik zigortuenak izan dira, bizitza baino  kapitala lehenetsi duten agintariengatik”. 

Egungo agintariekin kritiko azaldu dira, pandemiako “lehen olatura berandu eta gaizki iritsi ginen, gutxi batzuen interesak gehiengoaren osasunaren eta ekonomiaren aurretik jarriz”. Salatu dutenez, “korrika eta presaka ekin zioten deseskalatzeari, lasaikeria sustatuz eta dena bukatu zela aditzera emanez. Lehen konfinamenduari esker irabazitako denbora alferrik galdu dute eta aztarnari, mediku, erizain, zaintzaile eta irakasle nahiko kontratatzeari uko egin diote”. 

Horregatik, “birusarekin batera bizi beharrean, birusa desagerrarazteko estrategia” hartu beharko litzatekeela nabarmendu dute. Horretarako, ezinbestekotzat jo dituzte, batetik, “birusaren arakatze, detekzio eta jarraipen gaitasuna handitzeko inbertsioak”, eta, bestetik, “kutsatzeen susperraldi bat detektatu orduko neurri zehatzak aplikatzea”. Garaiz aritzearen garrantzia azpimarratu dute. “horixe da ekonomia jarduerari eusteko bermerik onena”. Bestalde, gaineratu dute krisia “betikook ezin dugu ordaindu”, eta dirua badagoela ziurtatu dute: “AHTko kilometro bakoitzean inbertitzen denarekin 100 sendagile, erizain edota zaintzaile kontratatu daitezke, eta AHTko 20 km-rekin ospitale berri bat eraiki daiteke”. 

Datua 
Peru eta Belgikaren ondoren, miloi biztanle bakoitzeko hildako kopuru handiena duen hirugarren herrialdea da Euskal Herria.