Arbizuarrak Auzitegi Nazionalean deklaratu beharko du

Guaixe 2020ko abe. 24a, 12:16
Gelbenzuri elkartasuna adierazteko egindako auto-karabana. Argazkia: @arbizukoAGA

Astelehenean, 11:00etan, Iruñeko epaitegitik telematikoki deklaratuko du. Leitzan 2002an Guardia Civil bat hil eta lau zauritu zituen atentatuarekin zerikusia izatea leporatu diote. 

Arbizuko Gazte Asanbladak (AGA) jakinarazi duenez, Espainiako Audientzia Nazionalak deklaratzera deitu du Ruben Gelbentzu Gonzalez. Eta harekin batera preso dauden beste bi euskal herritar ere. AGAk gaineratu duenez, hirurei Guardia Civilaren kontra leherkariz Leitzan 2002an egindako atentatu baten erantzule izatea egozten diete. Atentatu hartan agente bat hil eta beste lau zauritu ziren. AGAko kideek gaineratu dutenez, erakunde armatuko kide izatea, hilketa terrorista eta lau hilketa terroristaren saiakera eta lehergailuak edukitzea leporatzen dizkiote.  "Aipatzekoa da ekintza berarengatik beste hainbat jende auzipetua izan dela aurretik eta inoiz ez dela erantzulerik topatu". 

AGAko kideek jakinarazi dute Gelbentzuren etxe parean eta Arbizuko beste hainbat tokitan kamerak dituzten autoak agertu direla, "poliziak bigilantziarako erabiltzen ditu". Azaldu dutenez, "gure elkartasun guztia beharrezkoa izanen da errepresio kasu hori gelditzeko". Horregatik herenegun auto karabana egin zuten arbizuarraren egoera salatzeko. Atzo herri batzarra egin zen. Larunbaterako, 13:00etan, kontzentrazioa deituta dago Gelbenzuri elkartasuna adierazteko.