Hamar urte, hamar urte dira. Azkar pasatzen dira, eta, aldi berean, asko dira. Hamar urtetan gauza asko gerta daitezke. Duela hamar urte Nafarroa 1512 Arbizuko taldeak bere ibilbidea hasten zuen. Iñaki Rayo bateria jolea, Julen Luis Ulon gitarra jolea, Txirri ahotsa eta Xabi Arbizu Estane baxu jolea musika egiteko elkartzen hasi ziren. Ondoren, 2014 urte inguruan Aritz gitarra jolea elkartu zitzaien. Autodidaktak izan dira; "jarrera" kontua dela aipatu dute taldekideek.
Hamargarren urteurrena, beraz, 2020 urte arraro honetan ospatzea egokitu zaio Nafarroa 1512 taldeari. "Hasieratik zerbait berezia egitea pentsatuta geneukan. Gauza gehiago geneuzkan, baina ideia nagusia abesti bat ateratzea zen". Hortaz, Uda hartan abestia kaleratuko dute laster, Gabonetako oporretako egunetan izanen dela aurreikusi dute musikarik. Gainera, aurtengo udan Iraungo du diskoa kaleratu zuten. "Oraindik ezin izan diogu jendeari aurkeztu". Urriaren 31n Totem aretoan kontzertua eskaini behar zuten, baina azkenean hura ere bertan behera gelditu zen.
Uda hartan
Baxu bat erosi, bateria bat erosi… eta 2010. urtean jotzen ari ziren. Alerta Gorria taldeko kideen esperientzia gertu ezagutzen zuten, eta haiek ere talde bat sortzera animatu ziren. Aurretik sei kide izan ziren, baina taldea egonkortuz joan zen, eta laukotea sortu zuten. "Zerbait egiteko gogoekin hasi ginen. Uda hartan elkartu ginen eta hasieran bertsioak egiten hasi ginen". 2012. urtean lehenengo maketa kaleratu zuten: Irabazteko jaioak. "Abesti batzuk genituen, eta haiekin kontzertuak ematen hasi ginen. Kanta batzuk edukita jarraitu nahi bagenuen zerbait egin behar genuela pentsatu genuen, eta diskoa grabatu genuen". Jendeari gustatu zitzaiola aipatu dute taldekideek.
"Gehien bat Nafarroa 1512-ren garrantzia letretan dago. Esaten duguna gara. Gure musikak ez du ezer berezirik". Bide horretatik jarraitu zuten, eta 2016an Fronte berri diskoa publikatu zuten. Taldearendako disko hori mugarria izan zen. Kontzertuetan "indar" gehiago izateko bigarren gitarrista bat bilatu zuten, Aritz. "Hortik jo genuen eta denborarekin bigarren diskoa, errefortzua, hirugarren diskoa… Eta hamar urte pasa dira". Ia konturatu gabe. Duela bi urte hirugarren Garraxirik sakonena diskoa kaleratu zuten.
Estilo propioa
Nafarroa 1512 taldea Street punk eta Oi estiloetan mugitzen da, hala ere, denborarekin taldearen estilo propioa sortu dutela esan dute. "Estiloa ez da aldatu; hobetu, bai". Sortzen dituzten melodietan garapen bat egon da. "Gure estiloa aurkitzea lortu dugu; nortasuna izatea". Ahaztu gabe taldearen filosofia letretan aurkitzen dela: "Argi daukagu gure helburua ez dela honetaz bizitzea, baizik eta borroka ideologikoa egitea. Musika tresna moduan erabiltzen dugu gure mezuak jendeari iristeko".
Abestien atzean Estane dago. "Orain arte berak egin ditu abestiak". Melodiak eta letrak proposatzen ditu eta gero taldekideen artean abestiaren estruktura egiten dute; abestiak sortzen dituzte. "Azken aldian beste taldekideok ere eskua sartu dugu, baina orokorrean berak egin ditu abestiak". Inspirazioa egunaren arabera etortzen dela azaldu dute, "txarrena bila egotea da. Hobe itxoitea eta abestiak etorriko dira".
Garrantzitsuena letrek esaten dutena da. Estanek kultura asko duela eta asko irakurtzen duela aipatu dute taldearen mezuak azaltzeko: "Gauza asko dakizki". Helburu nagusia "jendean kontzientzi politikoa sortzea" da: "jendea pentsaraztea, jakitea, kontzientzia piztea, pertsonaia garrantzitsuak ezagutzea…". Nafarroako eta Euskal Herriko egoeraren inguruko, feminismoaren, kapitalismoaren kontrako eta abarreko gaiak jorratzen dituzte. "Guri ez dagokigu esatea talde bat baino gehiago garen". Taldearen hastapenetan letrak "zuzenagoak" zirela aipatu dute taldekideek, "orain zeharkako modu batean sartzen dira". Ildo beretik jarraitzen dute, baina beste modu batera esaten dituzte gauzak.
Arrakasta
Duela hamar urte ez zuten "inolaz ere ez" lortuko zuten arrakasta aurreikusten. "Jendeak asko ematen du". Gehien bat, kanpoan nabaritzen dute taldearen arrakasta: "Sakanan gehiago edo gutxiago jendea ezagutzen dugu, baina Gipuzkoara edo Bizkaira joaten garenean, kontzertuak betetzen direla eta jendeak letrak dakizkiela…". Jendeak gozatzen duela ikusten dute.
Bigarren diskoaren ondoren nabaritu zuten taldea hazten hasi zela: "Hasieran jendearengana iristea kostatu zitzaigula esan daiteke, baina bigarrenarekin saltoa eman genuen". Lehenengo diskotik bigarrenera "denbora pasa zen" eta ez kontzertuak ematen zituzten arren, "ez zegoen jarraikortasun handirik". Bigarren diskoa kaleratu ondoren, "motibatu" ziren ikusi zutelako aurrera egin zezaketela. "Kontzertuetan jendea animatzen zela ikusi genuen, eta horrek motibatzen zaitu".
Hamar urte hauetan "gorabeherak" egon direla aitortu dute. "Bai kolektiboki bai bakarka". Hamar urte asko dira eta bizitzaren arlo guztietan bezala, "bakoitzak gure gauzak izan ditugu". Duela bi urte inguru Estanek arrazoi pertsonalengatik talde uztea erabaki zuen, eta baxu jole bat bilatu behar izan zuten; Txoko. Harekin itxita zituzten kontzertuak eskaini ahal izan zituzten. "Ondoren, galdetu genion ea zein intentzio zeukan guk proiektu berriak genituelako eskuartean, eta ezin zela konprometitu esan zigun". Estane itzuli zen. Hala ere, tarte horretan kontzertuetan parte hartzen ez bazuen ere, musika sortzen jarraitu zuela gaineratu dute taldekideek, "beti egon da gauzak egiten". Kaleratu berri duten diskoaren abesti gehienak bereak direla esan dute.
Zutik eta elkarrekin
Iraungo du diskoa 2020ko abuztuan kaleratu zuten. "Oso zaila izan da. Guk urtea modu batera planteatu genuen, urtarrilean edo otsailean sartu ginen estudioan, grabatu genuen, eta udaberrian kaleratzeko ideia geneukan. Ondoren, disko berria aurkeztu eta ia urte guztiko datak itxita geneuzkan". Bat-batean dena pikutara joan zen. Egoera arraroa zen arren, kaleratzea erabaki zuten. "Data luzatzen eta luzatzen egon ginen, ea gauza hobetzen zen. Kontzertuak emateko aukera zegoen, baina ikusten genuen ez zegoela modurik". Dena eskuartean zutenez aurrera egin zuten. "Azkenean, lana handia da".
Baina ezin izan dute diskoa aurkeztu. "Diskoa kaleratzea ongi dago, baina politena da abestiak jendearen aurrean egitea. Sortzen den hartu eman hori". Hori da gehien faltan botatzen dutena. Urriaren bukaeran kontzertua eskaini behar zuten Totem-en, baina azkenean bertan behera geratu zen ere. Egoera honek "desmotibatzen" duela aipatu dute: "Azkenean entseguaren motibazioa zuzenekoetan jotzea da. Orduan, kostatzen da". Momentuz egoerak "antzekoa" jarraituko duela uste dute, Nafarroa 1512 taldearen kontzertuak ez direlako eserita ikusteko modukoak. "Lagun artean, zutik, saltoan, kantatzen eta oihukatzen egoteko kontzertuak dira", esperientzia bat da. "Ari gara zerbait planteatzen, ea zer sentsazio sortzen dizkigun. Gutxienez jendeari diskoa aurkezteko". Etorkizun "beltza" ikusten dute, baina "buelta" emango diote. "Oso arraroa egiten zaigu jendea eserita egotea. Gehien bat guretako". Beste aukerarik ez badago probatu beharko dutela esan dute.
Taldearen historian ehundik gora kontzertu eskaini dituzte. "Hirugarren diskoarekin asko eman genituen. Uda izan ohi da sasoi nagusiena, baina gaztetxeetan eta horrelako aretoetan urte osoan egiten dituzte emanaldiak.
Alerta Gorria taldearekin batera iaz Danimarkan zenbait kontzertu egiteko aukera izan zuten. "Oso polita izan zen. Arbizuko jende pila bat joan zen…". Gehiago etorriko dira. Bestetik, Gasteizko Txosnetan bizitutakoa bereziki gogoan dute. "Ez genuen hainbeste jende espero, inondik inora. Iritsi ginenean eta lekua ikusi genuenean hutsune pila bat egonen zirela uste genuen, eta gero bete zen. 23:20ean ez zegoen inor, eta 23:30ean dena beteta". Jendearen erantzuna orokorrean "oso ona" izan da, eta oroitzapen oso onak dituzte.