Lezizaren aldeko plataforma bat

Guaixe 2021ko urt. 26a, 10:03

Ubeldearen egoerarekin kezka dute herritarrek erabaki dute plataforma sortzea.

Enpresa baten isurketen ondorioz herri erditik pasatzen den erreka hilik dagoela salatu du Leziza bizirik! herri plataforma sortu berriak. Egoera salatzearekin batera, plataformak enpresari bete behar dituen baldintzak bete ditzala exijitu dio.

Leziza ubeldea bizirik nahi dutelako elkartu da arbizuar talde bat, herria erditik zeharkatzen duen errekaren alde egiteko. Leziza bizirik! herri plataformako kideek bere burua aurkezteko prentsaurrekoan jakinarazi zutenez, “azken urteetan Agotzaina enpresak egiten dituen isurketen ondorioz, erreka hiltzen joan zaigu, bizirik behar lukeen erreka hilik dugu”. Gaztigatu dutenez, “kutsaduraren eraginez arrainak eta, orokorrean, ubeldearen biodibertsitatea desagertzen joan dira”.

Ingurumen kalteez aparte, arbizuarren “osasunarekiko kezka” ere badute plataforman, “herriko etxe askotan usain jasanezinak nagusitu dira, errekan bertan behin baino gehiagotan usain txarraz gain apar marroia begien bistan ikusi dugu. Urtetik urtera egoerak okerrera egin du eta herritarren haserrea handitzen joan da, beraz, egoera honi aurre egiteko ordua iritsi dela uste dugu”.

Plataformako kideek enpresari “erantzukizuna” eskatu eta exijitu diote “behar dituen neurriak hartzea, errekara bizitasuna bueltatzeko eta arbizuarren ongizatearen eskubidea berreskuratzeko”. Jakinarazi zutenez, enpresak “irabazi handiak” ditu (2,6 milioi euro 2019an), “beraz inbertitu dezala Leziza garbi mantentzeko egin behar dituen lanetan”. 

Sinadurak 
Sinadura bilketa hasi zuen hilaren 16an plataformak. Etxez etxe pasako dira ekimenaren berri ematen eta sinadurak biltzen.