Leziza errekarekin kezkatuta

Guaixe 2021ko urt. 22a, 13:57

Ubeldea herri erditik pasatzen da.

Arbizuko Udalak larunbatean informazio batzarra eginen du, 12:30ean, udaletxean. Udaleko ordezkariek  enpresarekin izandako bileraren nondik norakoak azalduko dituzte, eta Nafarroako Gobernuak egindako txostenaren berri eman ere. 

Arbizuko Udalak makina bat alditan jaso du herritarren kexuak Agotzaina enpresaren jardunaren ondorioz: usain txarrak, isuriak Leziza errekan eta bestelakoak. Ondorioz, Arbizuko Udalak hainbat salaketa jarri ditu, baita enpresak ingurumen kalteengatik isunak jaso ere. Nafarroako Gobernuaren enpresari buruzko txostena jaso zuen Arbizuko Udalak abenduaren 17an. Foru administrazioak jakinarazitakoaren arabera, Agotzaina enpresari “2001ean emandako baimenak ez du balio enpresak gaur egun duen produkzio mailarako”.

Nafarroako Gobernuak Arbizuko Udalari jakinarazi dionez, enpresak lanean segitzeko Ingurune Baimen Integratua beharko luke. Baimen hori eskuratu ahal izateko hiru hilabeteko epea eman dio enpresari. Horretarako, bere azpiegituretan “aldaketa edo hobekuntzak” egin beharko ditu. Alde batetik, enpresaren emariak modu egokian neurtu ez direnez, 3 hilabete ditu kreditatuta dagoen laborategi baten emari neurketaren txostena aurkezteko. Bestetik, enpresaren produkziotik sortzen diren lohiak ez dira toki itxian tratatu eta horrek usainak sortu ditu. Beraz, 3 hilabete ditu toki itxi bat egokitu eta han lohi horiek tratatzeko.

Bestalde, foru administrazioak enpresari eskatu dio isuriak bideratzeko kanala ez dagoela homologatuta eta, esandako epean, isuriak kanalizatu beharko ditu enpresak. Aipatu isurien inguruko azterketa txostena aurkeztu beharko du ere. Errekako uretan suspentsioan dagoen bateriaren baloreak behar baino handiagoak dira. Gauza bera gertatzen da oxigenoaren eskaera kimikoarekin. Horregatik, Nafarroako Gobernuak Agotzaina enpresari eskatu dio araztegia egokitzeko proiektua eta obra egitea hiru hilabeteko epean, horrela isuri horiek balore egokiak  emateko. Plataformako kideek azaldu dutenez, “enpresa hasieran zuena baino askoz ere produkzio handiagoa du eta araztegiak gainezka egiten du. Hango aparra errekan bukatzen du”. 

Foru administrazioak ikuskatutako arazoak “oso garrantzitsuak” direla argitu du. Eta hiru hilabeteren ondoren “txostenak esandakoa bete den egiaztatzeko behar bezalako inspekzioak” eginen ditu. Egokitzapen horiek guztiak egin ondoren, enpresaren jardunaren jarraipena foru administrazioarena izanen da.

Enpresaren isurketen inguruan informatzeko Arbizuko Udalak larunbaterako 12:30ean deitutako informazio batzarra ez da mota horretako aurreneko bilkura. Herritarrei egoeraren berri emateko azaroaren 28an beste bat egin zuten. Han izan ziren hainbat arbizuarrek pausoa ematea eta Leziza Bizirik! Plataforma osatzea erabaki zuten.