Medikuak aginduta, edo norberak hala nahi duelako, jarduera fisikoa egin beharra duten arbizuarrek aukera bat baino gehiago dute orain. Alde batetik, Arbizuko Udalak Olatzean ondoko berdegunean jarduera fisikoa egiteko zirkuitua jarri du. Zahartze aktiboa sustatzeko zazpi elementu jarri dituzte. Haiekin egin daitezken ariketekin besoak eta hankak landu daitezke, ariketa aerobikoak egin eta errotazio mugimenduak egin ere. Eta haien ondoan nola erabili azaltzeko argibideak daude. Gainera, Ane Lizarraga kirol zinegotziak aurreikusia du hitzordua jartzea eta tresnak nola erabiltzen diren erakustea.
Aipatu zirkuituaren ondoan, bost elementu dituen gimnasia zirkuitua jarri du udalak gazteek hala eskatuta. Haietan flexioak eta dominadak egiteko aukera dago. Adinekoek eta gazteek topo eginen dute bertan ariketa egiten, herritarren arteko loturak sendotzeko gunea bihurtuko da gunea. Bi zirkuituak jartzeko Arbizuko Udalak Nafarroako Gobernuaren despopulazioaren kontrako jardueretarako emandako 16.518 euroak erabili ditu.
Gehiago
Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak kontratatutako teknikari bat jarduera fisikoak nola egin erakusten hasi zaie arbizuarrei. Medikuak jarduera fisikoa agintzen dien pertsonei zuzendutako eskaintza da. Erizainarekin koordinatuz, behar duten adinduak artatzea da helburua. Ariketak egiten erakutsi, zein postura edo mugimendu ekidin… Ostegunetan udaletxeko goiko solairuko gela batean eskaintzen du zerbitzua, 11:00tatik 14:00tara. Azken batean, mugikortasuna hobetu eta osasuntsu egoteko zerbitzu berria da.
Horrekin batera, Arbizuko Udalak osasunerako paseoak eskaintzen ditu. Begirale batek dinamizatuta, ibiltari taldea asteazkenero, 16:00etan, udaletxetik abiatzen da pasieran ibiltzera. Duela bi aste hasi ziren horrela.