Gelbenzuren auzipetzea salatuko dute

Guaixe 2021ko urt. 29a, 12:39

Genbelzuri elkartasuna adierazteko Arbizun abenduaren 28an egindako kontzentrazioa. Argazkia: @arbizukoAGA

Larunbatean, 17:00etan, Arbizuko plazatik abiatuko da ‘Errepresioari STOP. Elkartasuna Rubenekin” manifestazioa. 

Espainiako Auzitegi Nazionalean ETAren hainbat atentaturen egiletza argitzeko hainbat auzi zabalik daude. Horietako bat da ETAk Leitzan 2002ko irailaren 4an leherkariz egindako bat. Atentatuaren ondorioz Juan Carlos Beiro guardia civila hil eta beste lau agente zauritu ziren. Ismael Moreno epaileak Jon Lizarribar, Itxaso Zaldua (preso dago), Mikel Karrera Sarobe (preso dago) eta Ruben Gelbentzu Gonzalez arbizuarra auzipetu eta haiek epaitzea proposatu du. Guardia Civilak 2020ko garilaren 30ean bidalitako informazioan oinarritu du Ismael Moreno epaileak akusazioa. 

Guztiei hiru delitu egozten dizkie: erakunde armatuko kide izatea, hilketa terrorista, lau hilketa terroristaren saiakera eta legez kanpo lehergailuak izatea. Auzipetze horregatik Lizarribarrek, Zalduak eta Gelbentzuk epaitegian bideokonferentziaz deklaratu zuten abenduaren 28an. Zalduak, Lizarribarrek eta Gelbentzuk epailearen aurrean ukatu egin zuten atentatu hartan parte hartu izana, garai hartan ETAko kide ez zirelako.  

Gelbenzuri babesa adierazteko dinamika martxan da Arbizun eta aurretik egin diren autokarabana eta kontzentrazioen segida izanen da larunbateko manifestazioa. 


Ruben Gelbentzu Gonzalez
Auzipetua

Atentatu hori argitzeko, aurretik auzibideak zabaldu ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak? 
Orain dela 18 urte izandako gertaera horren kasuan, egile paperean baino, ekintza bera agindu izanaren akusaziopean, Frantziar Estatuko kartzeletan preso egonda, beste zenbait pertsona auzipetzeko saiakerak egon dira azken urte hauetan. Egile paperean, gu gara lehenak. Preskripzioaren mugan. 

Zer bide egin dute? 
Tartean Frantziar Estatuaren hainbat baimenen beharra egonik, auzipetze saiakera guztiak bertan behera geratu dira. 

Zein da zuen kontrako akusazioen oinarria? 
Akusazioa oraingoan, 2002ko irailean, Leitzan Guardia Civilaren aurkako ekintza batean parte hartu izana da. Militar bat hil eta beste lau zaurituta suertatu ziren.
aina prozedura hau, eta nire kasuan, 2003, 2013 eta 2020 urteetan emandako hiru auzipetze saiakera, bi atxiloaldi eta 10 ordutarainoko etxe miaketak, Polizia Nazionala eta Guardia Civilaren polizia-etxeetan 5 egunetako bi inkomunikazio, eta kartzelaldi saio batek osatzen dute. 

Prozedura guztiak, Polizia Nazional eta Guardia Civilaren inteligentzia atalek osatutako idatzizko txostenetan oinarrituta daude. 2
003 eta 2013ko auzipetzeak, behin-behineko artxiboan bukatu zuten. 

Akusazioa ukatu egin duzue. 
Guztiz. Faltsua da. 

Zuei deklarazioa hartu ondoren, auziak aurrera eginen du? 
Bai, abenduaren 28an, Auzitegi Nazionalaren aurrean egindako deklarazioaren ondoren, auziak aurrera eginen du. Akusazioa bere horretan mantentzen dute. 

Gaur egun auziaren prozesuaren zein egoeratan zaudete? 
Gure partetik, gure defentsarako frogen aurkezpenerako tartean aurkitzen gara. Judizialki, instrukzio lanetan. 

Epaileak kontrol neurriren bat ezarri dizue? 
Ismael Moreno epaileak, auzipetzearekin batera diktatutako behin-behineko askatasun probisionalean aurkitzen gara, hilaren 1 eta 15ean sinadura bitartez Auzitegi Nazionaleko instrukzio 2. salaren aurrean aurkezteko beharrarekin. Miloi erdi euroko fidantza solidarioa ezarri zaigu, eta horri aurre egin ezean, gure kontu, ondasun eta diru sarrera guztien enbargoa ezarriko zaigu. 
Kontrol neurri hauek, aldakorrak dira. Prozeduraren edozein momentutan, akusazioek edo fiskalak eskatu, eta epaileak berretsita behin-behineko kartzelaldian bihurtu daitezke. 

Epaiketa egotea aurreikusten duzue? Noiz? 
Prozedura jarraitu bitartean, epaiketara kondenatuak gaude. Benetan, zer eta noiz gertatuko den? Auskalo. 

Egotzitako delituen erruduntzat hartuz gero, zein litzateke jasoko zenukeen zigorra? 
40 urtetik oso gorako kartzela zigorra. Gure adina eta espetxeen benetako helburua kontutan edukita, hil arteko zigorra ziurrenik. 

Auzipetzearen inguruko zer gogoeta egiten duzu? 
Ibilitakoak ibili eta gero, azken urteetan eta hainbat zentzutan, etenik izan ez duen errepresioaren beste adibide baten aurrean aurkitzen garela, gogoeta horrekin geratzen naiz. Mendekuak eta obse-sioak elikatutako errepresio gordina. Hitz polit eta marketing-ak estali edo desitxuratu ezin dutena. Zaharrak berri. Pertsonalean, Arbizu eta Sakanako hainbat herrietako jende anitzen partetik jasotako elkartasun eta babes zintzoarekin geratzen gara. Baldintzarik gabe, maitasunez emandako besarkada estuekin. Elkar babesaren adierazle garbi diren keinu duin eta askeekin.