Arbizuko Udalak komunitate baratzak egitasmoa du eskuartean. Lurrik ez duenak eta baratza izan nahi duenari aukera eman nahi zaio horretarako, beti ere, baratzak modu naturalean edo ekologikoan landuz. Herriaren hegoaldean dagoen Beldarrin kalearen ondoko partzela batean sortuko ditu baratza horiek. 15 izanen dira, bakoitza 60 bat metro karratu ingurukoa. Arbizuko Udalak partzela bakoitzean ur hartunea eta kontagailua jarriko ditu. Baita baratze guztietako erabiltzaileen tresnak gordetzeko txabola txikia ere. Arbizuko Udala komunitate baratzen araudia zehazten ari da. Bitartean haietakoren batean interesa duenak 675 894 913 telefonora hots egin eta bertan eman dezake izena.
Bestetik, Arbizuko Udalak Zuhaitz Eguna antolatu zuen igandean. Plazan elkartu eta handik San Joan ermita aldera joan ziren, haren ondoan eginen baitzen landaketa. Udaletik herrian 2020an jaio eta Arbizun erroldatutako haurrek Zuhaitz Egunean parte hartzeko gonbidapena jaso zuten etxean. Arbizun erroldatu gabeek aldez aurretik udala abisatu behar zuten.