Plazako frontoi zaharrean estalpea jarri edo ez?

Guaixe 2021ko ots. 22a, 14:56

Hori erabaki beharko dute arbizuarrek martxoaren 14an eginen den kontsultan. Erantzuna baiezkoa bada, udalak proposatutako bi estalpe aukeren zein duten gustukoen zehaztu beharko dute.

Arbizuko plazan metalezko zutabe handi bat dago. Behar den bakoitzean zutabea erdigune hartuta, lonazko estalpe bat jartzen du Arbizuko Udalak. Jarri eta kenduko estalpe horrek eguraldiaz babesten ditu arbizuarrak herriko egun handitan. Baina egunerakoan eta festetan eguraldiaz babesteko estalpe finko baten beharra sumatu dute Arbizun. Gainera, estalpe finkoak hainbat ekitaldi hartzeko aukera emanen lieke arbizuarrei. 

Horren jakitun, udalak bi proposamen landu eta herri galdeketa deitu du. Bi proposamenetan aurreikusten da plazaren zati bat aire librean gelditzea eta frontoiaren aldean estalpea jasotzea. Martxoaren 14an arbizuarrek udalak egindako bi galdera erantzuteko aukera izanen dute: frontoi zaharra tapatzeko, estalpearen beharra ikusten duzu? Estalpea jartzekotan, zein aukera duzu nahiago? Arbizuarrek bi galderak erantzun ahal izateko udalak informazioa banatu die etxera. Herritarrek etxean jaso duten txostenean arkitektoek prestatutako bi estalpe aukerak daude. Baita parte hartze prozesuari buruzko informazioa. Estalpea jartzea erabakitzen bada, aurten jarri nahi luke udalak. 

A aukera 
Udaletxe parean zegoen frontoi zaharrean espazio bat hartzen du, plaza libre utziz. Kale Nagusiaren paralelo jasoko litzateke estalpea, 19,70 metro luze eta 14,50 metro zabal, guztira 285 metro karratuko azalera hartuko lukeen “lauki luzea”. Zur ijeztuzko dozena bat zutaberen gainean jasoko litzateke estalpea. Teilatuak egurrezko egitura izanen luke akustika hobetzeko. Teiladuraren erdian eguzki argia pasatzeko plakak jarriko lituzkete. Barruan 3 eta 5 metro arteko altuera legoke. Estalpea Lorian etxetik 3,5 metrora jasoko litzateke, Fentxon etxetik 9,5 m-era eta Uhalde kaleko izkinako etxera 8,5 m-ra. Aukera honek Uhalde kaleko oinezkoendako eskailerak, arranparen trazadura eta bankuen eremua mantenduko luke, eta ibilgailuen pasabide kontrolatua baimenduko luke. 

B aukera 
Plaza guztia maila berean jarriko litzateke lehenik. Horretarako, plaza gurutzatzen duen bideko arranpa Uhalde kalerantz eraman beharko litzateke. 17,5 metroko zabalerako aldeak dituen “lauki” itxurako estalpe bat jasotzea aurreikusten du aukera honek. Berez, oktogono erregularra da eta 306 metro karratuko azalera hartuko luke. Burnizko 8 zutabe borobilen gainean jasoko zen estalpea. Teiladuraren egitura nagusia metalezkoa litzateke, egurrezko zenbait zatirekin. Teilatua 16 hiruki inklinatutan banatuko litzateke, “m” itxura sortuz. Hiruki horien erditik eguzki argia pasatuko litzateke. 

Beste bat 
Arbizuko Udalak aurreratu du beste parte hartze prozesu bat egin nahi duela. Beste horren bidez arbizuarrek eskola zaharren eraikinaren etorkizuna erabakiko lukete. Udaletik gaztigatu dutenez, Elhuyar enpresaren laguntzarekin parte hartze prozesua eginen da irailean eta lastailean. Orduan erabakitzen dena heldu den urteko lehen sei hilabetekoan gauzatu nahiko luke Arbizuko Udalak. 

Egutegia 
Otsailak 15-19 
Informazio guztia jasotzen duen txostenaren etxez etxeko banaketa. 

Otsailak 20-28 
Arbizuarrek galderak egiteko tartea. COVID-19agatik bilera jendetsurik egin ezin eta galderak dituenak idatziz egin beharko du. Haiek udaletxean utzi beharko dira edo partehartzea@arbizu.eus e-posta helbidera bidali. 

Martxoak 8-9
Egindako galderak eta erantzunen bilduma etxez etxe banatuko da. Horrekin batera, boto paperak ere banatuko ditu udalak.  

Martxoak 14
Herri galdeketa. Udaletxeko areto nagusitik pasa beharko da botoa emateko, 10:00etatik 20:00etara. 16 urtetik gora eta Arbizun erroldatutako edonork izanen du iritzia emateko aukera.