Ane Lizarraga

"Segurua delako antolatu dugu Arbizuko Duatloia"

Maider Betelu Ganboa 2021ko mar. 16a, 13:30

Martxoaren 27an Arbizuko Duatloia jokatuko da, Nafarroako Distantzia Motzeko Duatloi Txapelketarako baliagarria. 120 partaiderendako muga dago, eta asteazkenetik izena ematea zabalik dago www.navarratriatlon.com webgunean

Martxoaren 27an 23. Arbizuko Duatloia jokatuko da. Urte askotxo dira horiek. 
Bai, eta pentsa tartean proba bertan behera utzitako urteak izan direla, eguraldi kaxkarra edo bestelako arrazoiak zirela medio. Esaterako aurreko urtea, pandemiagatik jokatu gabe geratu zena. 

Asteazkenean zabaldu zen izena ematea.
Bai, Nafarroako Triatloi Federazioan (www.navarratriatlon.com) edo www.rockthesport.com webgunean eman daiteke izena. Asteartean itxi genuen guztia eta behin betiko txostena Nafarroako Triatloi Federaziora bidali genuen. Pandemiagatik aurtengo edizioan plaza mugatuak izanen direla erabaki du Arbizuko Udalak. Hau da, gehienez 120 partaide egotea. Horregatik erreleboen proba ez egitea erabaki dugu. Nafarroan federatuta dauden triatletak eta duatletak dezente dira, eta erreleboak jarriko bagenitu, maila absolutuan federatuta daudenendako toki oso gutxi geratuko litzateke. Horregatik aurten erreleboen proba bertan behera uztea erabaki genuen, aurreko asteburuan Basaburuan egin zen bezala. Horrela, aurten bi proba izanen dira: Arbizuko Duatloia (8 km korrika -32 km bizikletan -4 km korrika), Nafarroako Distantzia Motzeko Duatloi Txapelketarako baliagarria izango dena, eta Arbizuko Ibilbide Herrikoia (4 km-16 km-2 km), proba nagusiaren distantzia erdia duena. Datorren urterako egoerak hobera egitea eta erreleboen proba ere antolatzeko aukera izatea espero dugu. Jakina, eta partaideen kopurua igo ahal izatea. Hau da, dena lehen bezala antolatu ahal izatea. 

Hortaz, gehienez 120 partaide onartuko dituzue.
Bai, Arbizuko Duatloian, hau da, proba nagusian gehienez 90 partaideko muga jarri dugu eta Arbizuko Ibilbide Herrikoian gehienez 30 partaideko muga. Guztira 120 duatleta. Arbizuko Duatloia martxoaren 27ko 15:30ean abiatuko da. Segurtasun neurriak eta distantziak betetzeko, txandaka aterako dira partaideak. Hau da, irteera kronometratuak egingo ditugu, 10 segundoro hiru partaide aterako dira. 

"Kultura segurua dagoen bezala, kirol segurua ere badago, eta kirolaren aldeko apustua egin dugu"

Ibilbidean aldaketarik egin al duzue?
Ibilbidea berbera izango da, baina aldaketa nagusia da pandemiarengatik irteera eta helmuga ez direla Kale Nagusian izanen, ezta bizikleta hartu eta uzteko trantsizioak ere. Burbuila bat egingo dugu Olatzea eta Kattukaren arteko eremuan, eta bertan egongo dira boxak edo trantsizio gunea, irteera eta helmuga eta baita zaindegia eta gainerako zerbitzu guztiak. Zonalde blindatu horretan soilik partaideak, epaileak eta antolatzaileak sartu ahalko dira. Aurten helmuga eta irteera publikorik gabekoak izango dira eta irteera, helmuga eta trantsizioak ez dira plazan izango. Gainontzekoan, ibilbidea berbera izango da. Aldaketa bakarra izanen da txirrindularitza segmentuko bigarren bueltan. Bigarren buelta hori egiteko txirrindulariak elizatik Baxerri aldera igotzen ziren, eta handik San Juan ermitarantz, Lizarragako katea igotzeko. Aurten, aldiz, Kale Nagusitik pasako dira txirrindulariak, herri erditik. Boxak Olatzean daudenez, txirrindulariak Kale Nagusitik pasatzea posible da. Gainontzekoan guztian ez dago aldaketarik.

Jendea, hortaz, Kale Nagusian, plazan eta ibilbideko beste edozein tokitan jarraitu ahal izango du proba.
Bai, burbuilan izan ezik edozein tokitan jar daitezke, jakina, distantziak mantenduz. 

Egun edozer gauza antolatzeko eskatzen diren neurriak zorrotzagoak dira, lan gehiago eskatzen dute. Zergatik erabaki duzue Arbizuko Duatloia antolatzea? 
Argi dago, aurtengo egoera dela eta, buruhauste gehiago dela edozer egitea, antolakuntza zaildu egiten delako. Baina iruditzen zaigu nolabait ere normaltasun egoera batean hasi beharko dugula eta egoera berezi honetan gauzak egiten ohitu beharra dugula. Inskripzioak murriztu egin ditugu, baina kirolaren aldeko apustua egin dugu. Kultura segurua dagoen bezala, kirol segurua ere badagoelako. Pentsatzen dut kirolariek, kasu honetan duatletek, asko eskertuko dutela Arbizuko Duatloia egiteko aukera izatea, aste bat lehenago martxoaren 20an Altsasuko Duatloia eginen den bezala eta aurreko larunbatean Basaburuan egin zen bezala. Pixka bat mugitzea da gauza. Segurtasunarekin gauzak egin daitezkeela erakustea. 

Hortaz duatletak lehenbailehen izena ematera animatuko ditugu, tokiak mugatuak direlako.
Bai, federaziotik esan digute ziurrenik plazak bete egingo direla, jendea gogotsu dagoelako eta tokia mugatuta dagoelako. Momentuz, gaur gaurkoz, soilik nafarrek eman dezakete izena, itxiera perimetralean gaudelako. Asteazkenean zabaldu zen izena ematea eta uste dugu aste bateko epean inskripzio asko eginen direla. Ildo honetan, aurten federazioak hartutako erabakietako bat da izena ematerakoan hasiera batean federatuek izango dutela lehentasuna. Izena ematea bukatzen den aste horretan, egun bateko federatuek posible izango dute izena ematea, tokiak egonez gero. 

Aurten kategoria txikiko Nafar Kirol Jolasen jardunaldia hartuko al du Arbizuk?
Ez. Juniorren kategoria antolatzeko asmoa genuen, baina plaza mugatuak izanda, absolutua egitea erabaki dugu. Dena den, federatuta dauden juniorrak Arbizuko Ibilbide Herrikoian apuntatu daitezke.