Album ilustratuen munduan barneratuz

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko mar. 17a, 12:13

Karla Fernandez de Gamboa Vázquez album ilustratuetan aditua. UTZITAKOA

Album ilustratu bat haurrekin batera irakurtzea oso onuragarria dela azaldu du Karla Fernandez de Gamboa Vázquez irakasleak. Matxoaren 30ean, 'Album ilustratuak elkarrekin irakurtzen' hitzaldi-tailerra eginen du Arbizuko Kattuka haur eskolan

Album ilustratu bat liburu mota bat da, eta istorio bat kontatzeko aldi berean bi kode erabiltzen ditu: testu idatzia eta ilustrazioa. Bi elementuak elkarren mendekoak dira. Aditu askorendako album ilustratu bat haur eta gazte literaturak literaturari egindako ekarpen bakarra dela aipatu du Karla Fernandez de Gamboa Vázquezek. Fernandez de Gamboa album ilustratuetan aditua, hezkuntza doktorea eta EHUko irakaslea da: "Nahiz eta gaur egun album bezala ulertzen dugunaren oinarria 1960ko hamarkadan sortu, gurean oraindik tradizio luzerik ez du". Martxoaren 30ean, 17:30etik 19:00etara Album ilustratuak elkarrekin irakurtzen hitzaldi-lantegia eginen du Arbizuko Kattuka haur eskolan Sakanako Mankomunitateak antolatuta.

Ikastaroan parte hartzen dutenek 0 eta 6 urte bitarteko umeendako gomendagarriak diren albumak aurkezteko irizpideen inguruan hausnartuko dute eta, horretarako, "kalitatezko hainbat adibide" irakurriko dituzte. Albumak irakurtzerakoan kontuan hartu beharreko elementuak azalduko ditu Fernandez de Gamboak ere, "eta haurrekin batera irakurtzen dugunean nola jardun behar dugu" landuko dute.

Albumak
"Uri Shulevitzek esaten zuen bezala, albuma irratitik irakurri ezin den liburua da". Albumaren istorioa berez osotasunean ulertzeko bai ilustrazioak bai testu idatzia irakurri behar direla azaldu du Fernandez de Gamboak. Hala ere, ilustrazioaren eta testuaren arteko interrelazioa ez da desberdintzen duen ezaugarri bakarra: liburuaren elementu materialek funtzio narratiboa izan dezakete. "Album batean denak kontatzen du".

Haurrek, gazteek eta helduek album ilustratuekin gozatu dezaketela aipatu du irakasleak. "Ez dezagun ahaztu nahiz eta irakurle inplizitua haur edo gazte bat izan, helduok garela liburu horiek aukeratzen, erosten eta haiei eskaintzen dizkiegunak". Liburu batzuek jorratzen dituzten gaiagatik edo ikuspegitik irakurle gazteei eta helduei zuzentzen dira ere.

Bestetik, album ilustratuak haurrekin batera irakurtzea oso onuragarria dela azaldu du Fernandez de Gamboak bai haurraren garapenerako bai haien literatura gaitasuna garatzeko. "Baita heldu horrekiko harreman afektiboa eta komunikazioa aberasten dituelako. Ohikoa da haurrek liburu bat behin eta berriro irakurtzea eskatzea: hori gertatzen da ez bakarrik liburu hori bereziki gustatzen zaielako, baizik eta une horretan helduak arreta osoa eskaintzen diolako ere bai". Kanpoko errealitatea desagertzen da, ez dago beste ezer: haurra, heldua eta liburua. "Dena den, irakurketa autonomoari eta bakarkako irakurketari denbora eta espazioa eskaintzea ere beharrezkoa da".

Elkarrekin
Irakurketa partekatua haurraren izaeraren eta adinaren arabera aldatzen dela azaldu du Fernandez de Gamboak. "Oraindik irakurtzen ez dakien haur baten kasuan, adibidez, heldua izanen da testu idatzia irakurriko duena, eta elkarrekin ilustrazioak interpretatuko dituzte". Albumen kasuan irakurketa ariketa aktiboa da, eta irakurketa erritmo desberdinak eskatzen ditu: "Ilustrazioak irakurtzeko testu idatzia irakurtzeko baino denbora gehiago beharko dugu, eta oso garrantzitsua da denbora hori eskaintzea". Patxadaz hartzea, alegia. "Album bat presaka irakurtzen badugu, ziur asko xehetasun asko oharkabean pasatuko zaizkigu, eta album horrek eskain diezagukeen irakurketa esperientziaren zati garrantzitsu bat galduko dugu".

Album ilustratuen gaien artean "denetarik" aurkitu daiteke: eguneroko istorioak, fantasiazkoak, bidai "iniziatikoak", abenturak, aldarrikapen sozialak eta abar. "Haur eta gazte literatura bezala, albumetan gaia oinarrizkoa da, baina gai hori nola kontatzen den da garrantzitsuena; nola egokitzen den irakurlearen ulermen eta literatura gaitasunera". Besteak beste, heriotzari, depresioari, gerrei, arrazakeriari, diskriminazioari eta abarri buruzko albumak aurki daitezke.

"Ez dakit zeintzuk diren merkatuaren joerak, baina sinetsi nahiko nuke album arrakastatsua albumak liburu mota bezala eskatzen dituen aukera narratiboez abilezia handiz balitzen dena dela". Hortaz, irakurleei esperientzia literario eta artistiko "paregabea" eskaintzeko gaitasuna duena.

Ikasten
Album ilustratuak irakurtzeko denbora eta gogoa "bakarrik" behar direla esan du irakasleak, "lehen aipatu bezala, xehetasun guztiei erreparatzeko behar dugun denbora hartu behar dugu". Albuma behin eta berriro irakurri daitekeen liburu mota bat denez, ohikoa da irakurketa bakoitzean xehetasun gehiagoz "ohartzea edo interpretazio maila desberdinaz" gozatzea, Fernando de Gamboaren iritziz.

Album ilustratuak elkarrekin irakurtzen ikastaroan albumak irakurtzerakoan kontuan hartu beharreko elementuak eta haurrarekin nola jardun landuko da, baita albumak aurkezteko irizpideak ere aipatuko dira. Horretarako, modu praktikoan "kalitatezko" hainbat adibide irakurriko dituzte parte hartzaileek Fernandez de Gamboarekin batera. Haur literatura gustuko duen edonork parte har dezake, baina batez ere 0 eta 6 urte bitarteko haurrekin aritzen diren guraso, irakasle, hezitzaile, liburuzain eta bitartekariei zuzenduta dago. Irakasleak aipatu duenez, Arbizun eskaini duen ikastaroa "aukera ona da albumen potentziala ezagutzeko, album berriak ezagutzeko eta haurrekin horiek irakurtzean esperientziaz ahalik eta gehien gozatzeko". Irakurketa esperientzia partekatzeko "gune paregabea" izanen dela gaineratu du. Lantegian parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da euskara1@sakana-mank.eus helbidean.