Aitor Alberdi

"Afizionatuetan ikasteko gaude; etorriko dena, etorriko da"

Maider Betelu Ganboa 2021ko mar. 24a, 14:00

Afizionatuen mailara egin du salto Aitor Alberdik Rural Kutxa-Seguros RGA taldearekin lau lasterketetan parte hartu du eta profesional izatearekin ez dagoela batere obsesionatuta adierazi du

Sakana Group Aralar taldean egin zinen txirrindulari.
Nire anaia Lakuntzako taldean ibiltzen zen eta berarekin batera hasi nintzen, txiki txikitan. Eta orain arte; bide luzea izan da. 

Talde polita osatu zenuen Sakana Groupeko gainontzeko txirrindulariekin. Kadete mailan garaipenak eta emaitzak lortzen hasi zineten, baita junior mailan ere. Ba al dakizu guztira zenbat garaipen dituzun?
Ez ditut zenbatuta, baina batzuk badira. Eskoletan lasterketa batzuk irabazi nituen, kadete mailan Igor Arrietarekin batera proba batzuk irabazi genituen eta jubeniletan ere oso ongi ibili ginen. 

A ze tandema osatzen zenuen Igor Arrietarekin eta Mikel Olaetxearekin.
Bai, hala da. 

Sakanako txirrindularitzan urrezko urteak izan dira azken hauek. Bai zuek, Aralar taldekoak, eta baita Burunda klubekoak ere ia astebururo podium gainean zeundeten. Goian egotera ohitu egiten da?
Zaila izaten da erregulartasun hori denboran mantentzea; baina motibatuta bazaude eta lana ongi egiten baduzu, dena ateratzen da. 

Orain arte zein entrenatzailek erakutsi dizu gehien?
Entrenatzaile askok. Hasieran Joxe Andueza lakuntzarrarekin ibili ginen, Aralar taldea sortu zuenarekin. Asko ibili eta erakutsi zigun. Eta azkeneko urteetan Eddi Cerviño lakuntzarrak entrenatu gaitu. Asko lagundu, erakutsi eta babestu gaitu. Lan ikaragarria egin zuen gurekin. Sekulako entrenatzailea eta pertsona ona da. Oraindik harremana dugu. 

Sakana Group-Aralarko txirrindularia izateaz gain, Nafarroako Selekzioarekin aritu izan zara urte hauetan eta hor ere ongi ibili zara.
Nafarroako Selekzioarekin aritzea sari bat lortzea bezalakoa izaten da eta beti ongi etorria izaten da. Azken urteotan selekzioarekin esperientzia oso onak bizi izan ditugu. 

“Eddi Cerviñok lan ikaragarria egin zuen gurekin; oraindik harremana dugu”

Orain arte zein lasterketak markatu zaitu gehien?
Jubeniletara pasa berritan, 2019an, Villatuertako lasterketa irabazi nuen eta horrek asko markatu ninduen. Ez nuen espero jubeniletara pasa eta denboraldiko lehenengo lasterketa irabaztea. Nire buruarekin harrituta geratu nintzen. 

2019 denboraldiko junior mailako Itaroa Challengea irabazi zenuen. Denboraldiko 26 lasterketek puntuatzen zuten eta zuk lortu zenituen puntu gehien. Sari hori zure erregulartasunaren erakusle izan zen.
Bai. Egia esan, oso denboraldi ona izan zen. Challengeak erregulartasuna saritzen duenez, oso kontentu jaso nuen saria. 

Argi duzu txirrindulari profesional izan nahi duzula edo txirrindularitza gustuko duzu, gustura zaude eta denborak erakutsiko du posible den ala ez. 
Bigarrena. Txirrindulari profesionala izatea oso zaila da. Bide honetan saiatuko naiz, txirrindularitza ikasketekin uztartzen saiatuko naiz eta profesional izateko aukera badago ongietorria izango da, baina...

… ez da obsesio bat. 
Argi eta garbi. Profesionaletara pasatzeko ametsa beti hor dago, baina bidea egiten jarraitu behar da.  Etorri behar bada, etorriko da. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak ikasketak egiten ari naiz, Gasteizen, eta alde horretatik nire etorkizuna kirolari lotuta ikusten dut. Momentuz ikasketak ongi daramatzat eta txirrindularitzarekin guztia uztartzeko moldatzen naiz. 

Bide horretan pauso erraldoia eman duzu, Rural Kutxa-Seguros RGA talde sakandarrarekin afizionatuen mailara salto egin baituzu. Aurretik zenuen palmaresa kontuan izanda, erraza izan al da edo taldea aurkitzea ez da uste bezain erraza?
Afizionatuetara pasatzeko aurretik emaitzak izatea garrantzitsua da, baina horretaz gain goian laguntzeko prest dagoen jendea izan behar duzu. Rural Kutxa etxeko taldea da, beti lagundu izan gaitu. Iaz denboraldi hasieratik esan zidaten lasai egoteko, ea eurekin afizionatuetara pasa nahi nuen. Hortaz, iazko urtea lasaia izan zen alde horretatik. Nirekin batera Mikel Olaetxea taldekideak debutatu du Rural Kutxarekin. Ondoan taldekide bat izateak beti laguntzen du. Mikel, Igor eta hirurok beti batera egon gara, eta talde bereko hiru kide afizionatuetara pasatzea beti da pozgarria. Eta horietako bat nire taldean badago, hobe. 

“Ni ez nago profesional izatearekin obsesionatuta. Pausoz pauso joan beharra dago”

Iker Mintegik (Laboral Kutxa) esaten du kategoria berrira saltoa izugarria dela, orain arte jolasa zenak, beste seriotasun bat hartzen duela. Zuk ere nabaritu duzu?
Bai, saltoa oso handia da. Afizionatuen denboraldia Iparraldean, estatu frantziarrean korritzen hasi nuen, Essor Basque lasterketan, Ikerrekin batera. Ni Rural Kutxan eta bera Laboral Kutxan. Eta salto handia nabaritu genuen, bertan sekulako maila dutelako. Afizionatuen mailak beste prestakuntza bat eskatzen du, ordu eta dedikazio gehiago.

Entrenatzeko eta elikatzeko modua goitik behera aldatu duzu edo prozesua aurretik zetorren? 
Beti gustatu izan zait elikadura eta halako alderdiak zaintzea eta hori ez zait hainbeste kosta. Ordu gehiago sartu behar dira entrenatzen eta hori gehiago kostatu egin zait. Entrenatzailearekin oso ondo moldatzen naiz. Beraiek entrenamenduak planifikatzen dizkigute plataforma ezberdinen bitartez eta ikasketekin uztartuz eta berarekin komunikatuz, ahal den hobekien egiten saiatzen zara. 

Nola planifikatzen duzu aste normal bat?
Pandemia dela eta ez da denboraldi normal bat izaten ari; orain hasi da mugimendua. Asteburua gogorra izan ohi denez, astelehenetan normaletan deskantsatzen dut. Asteartetan gimnasioko saio bat egiten dut eta ordu pare bat ateratzen naiz errepidera, lasai. Asteazkenean hiru orduko entrenamendua egiten dut, ostegunean lau ordukoa eta ostiralen erritmoa jaisten dut, astebururako atseden hartzeko. Eta asteburuan, lasterketa badago lasterketara eta gero atseden hartu, eta lasterketa ez badago fondoa egiteko aprobetxatzen dugu. Klaseak arratsaldez ditudanez goizez entrenatzen dut. Nahiago izaten dut goizez ateratzea, goizetik lana kendu eta arratsaldean ikasteko lasaiago ibiltzeko. 

Lagunekin egoteko tarte gutxi duzu.
Astez denbora gutxi izaten dut, baina ostiraletan eta asteburutan lagunekin egoteko probesten dut, deskonektatzea ere oso garrantzitsua baita. Bestela, psikologikoki gogorra egiten da. 

“Hemen su moteleko txirrindulariak gara, pixkanaka egiten garenak”

Essor Basque eta Iparraldeko lasterketa horietan hasi zenuten denboraldia. Aipatu duzu bertako txirrindulariek sekulako maila zutela. Lasterketa horiekin alderatuta hemengoak ez al dira proba hain gogorrak edo hemengoa txirrindularitza ulertzeko filosofia ezberdina da?
Nik uste filosofia ezberdina dela. Iparraldera lehen aldiz joan ginenean, beraiek beste erritmo bat dutela agerikoa zen. Lasterketa guztian gelditu gabe doaz, oso erritmo azkarrean.  Zumaiakoa beste erritmo bat zen. Ez zen lasaia, baina ez zen Iparraldekoa bezain azkarra. 

Azkenaldi honetan Europako Iparraldeko zenbait txirrindularik junior mailatik zuzenean profesionaletara egin dute salto. Geroz eta gazteago debutatzen dute: Evenepoel, van Aert, Pogacer, Roglic eta van der Poel… Oscar Guerrero kirol zuzendariak dio ez garela horrekin itsutu behar eta pazientzia izan behar dela; estatuko txirrindulariak beranduago ateratzen direla, baina beti ateratzen direla. 
Azken urteotan hori izan da tendentzia Europan. Txirrindulari asko juniorretatik World Tourrera pasatu dira zuzenean. Baina hemen su motelekoak gara; pixkanaka egiten direnak, baina gero ateratzen dira. 

Otsailaren 27an Zumaian jokatutako lasterketan erorikoa izan zenuen azken esprintean, baina denboraldia ongi hasi zela esan zenuen.
Bai, azken esprintean, helmugarako 200 metroren faltan erori nintzen, baina denboraldia ongi hasi zen, taldekide batek, Marc Brustengak, irabazi zuelako. 

Igandean Aiztondo Klasikoa irabazi zuen Marc Brustengak. Rural Kutxan denboraldia oso ongi hasi duzue.
Igandeko Aiztondo Klasikoan sekulako ikuskizuna eman zuten taldekideek. Gehien harritu nauena da gure taldea nola hasi den, lau garaipenekin, Marc Brustengaren hiru –Essor Basque, Zumaia eta Aiztondo– eta Francesc Bennassarrena, Sabadellen. Taldea oso indartsu hasi da eta listoia goian jarri dute. Nik momentuz lau lasterketa egin ditut, bi Iparraldean, Zumaiakoa, eta igandekoa, Astilleron, Santanderren ondoan. 

Zer nolako txirrindularia zara?
Azkarra. Esprintean azkarra. Mendi oso luzeak badira, gehiago kostatu egiten zait, baina mendi ertainean ongi ibiltzen naiz. Nahiko todoterrenoa naiz. 

Afizionatuen lehen denboraldirako ilusio bereziren bat duzu? Non aritzea gustatuko litzaizuke?
Lehen urtea da, eta jakina, ilusioak baditut. Finean, taldekideez ikasten jarraitzea eta etxeko lasterketetan, Iturmendin eta Altsasun, ongi ibiltzea dira ilusioak. Baina helburu nagusia ikastea da. Afizionatuen mailan lehenengo urtea beti ikasteko da. Etortzen dena etorri dadila, burua gehiegi estutu gabe. Sentsazioak onak dira. Joan zen urtean gaizki pasa nuen gaixotasun batzuk tarteko, baina buelta ematea lortu nuen; eta aurten osatzeko bidean nago. Beraz, gogotsu nago, ikasteko eta jarraitzeko irrikan.

“Afizionatuen mailak beste prestakuntza bat eskatzen du, ordu eta dedikazio gehiago”

Anbizioa izan behar da, baina ez gehiegi, kontra etorri daitekeelako.
Hori da. Helburuetara iritsi ahal izateko anbizioa izan behar duzu, baina lehendabiziko urteetan gehiegizko anbizioa kaltegarria izan daiteke. Lasaiago joan behar da. 

Afizionatuetan txirrindulari sakandar ugari zaudete: Olaetxea, Arrieta, Mintegi, Cerviño, Gil, Lasa, Ocaña, zu… Gurea bezalako bailara txiki batendako zenbaki potoloak dira horiek. 
Ikusgarria da. Hemen beti egon da zaletasuna, baina afizionatuetan horrenbeste txirrindulari sakandar egotea oso pozgarria da. 

Rural Kutxan hiru txirrindulari nafar zaudete eta horietatik 2 sakandar. Zer diote gainontzeko kideek?
Rural Kutxa talde handia da, estatu guztiko txirrindulariak hartzen ditu. Hiru nafarrez gain zenbait gipuzkoar daude, eta uste dut oso talde euskalduna sortzen dugula, estatuko gainontzeko txirrindulariekin batera. 

Denboraldian sakandarren bat ikusiko al dugu podiumaren gorenean?
Nik uste dut garaipenen bat izango dugula, eta Rural Kutxakoa bada hobe (kar, kar…). Sakanan maila oso altua dago. 

Orain arte taldekide izan duzun Igor Arrieta arerio izatea arraro egingo zaizu. 
Oso arraroa. Urte asko egon gara elkarrekin. Ohitu arte arraroa izanen da. Ziur ongi ariko dela. 

Rural Kutxa-Seguros RGA taldeak UCI World Tour mailako talde profesionala du. Hori ere beste pizgarri bat izango da zuretzat. 
Garrantzitsua da. Profesionaletara pasatzeko orduan beti aukera gehiago izango dituzu profesional mailako talde filial batean bazaude. Baina berriro diotsut, ni ez nago horrekin obsesionatuta. Hobe da pausoz pauso joatea eta etorri behar bada, etorriko da. Ametsa beti hor dago, baina hankak lurrean izan behar dira beti. 

"Gehien harritu nauena da gure taldea nola hasi den, indartsu, lau garaipenekin"

Erlazionatuak