Duatloia

Dena prest biharko Arbizuko Duatloirako

Guaixe 2021ko mar. 26a, 11:30

Bihar, larunbata, 15:30ean abiatuko da Arbizuko 23. Duatloia, Nafarroako Distantzia Motzeko Duatloi Txapelketa izango dena. 120 duatleta daude izena emanda, bi distantzia izanen dituzte aukeran eta maila altuko lasterketa espero da

Aurreko larunbatean jokatutako Altsasuko Duatloiari Arbizuko Duatloiak hartuko dio txanda. Arbizuko Udalak kirola sustatzeko apustua egin du eta kirola modu seguruan egin dela erakutsi nahi du. Horrela, pandemiak eskatutako osasun neurri guztiak beteaz, bihar, larunbata, Arbizuko 23. Duatloia jokatuko da, 15:30ean hasita, aldi berean Nafarroako Distantzia Motzeko Duatloi Txapelketa izango dena. 

Itxiera perimetrala dela eta, soilik Nafarroako duatletek hartuko dute parte, eta baita Espainiako Txapelketetan aritzen diren eta Nafarroako lizentzia ere baduten triatletak. Horregatik, Altsasun bezala, maila oso altuko lasterketa espero da. Pandemiagatik aurtengo edizioan plaza mugatuak izanen zirela erabaki zuen Arbizuko Udalak, eta horregatik, aurten ez da erreleboen proba jokatuko. 

180 duatleta eta bi distantzia
Guztira 120 duatletek eman dute izena eta bi proba dituzte aukeran. Batetik ohiko proba, Arbizuko Duatloia (8 km korrika -32 km bizikletan-4 km korrika), Nafarroako Distantzia Motzeko Duatloi Txapelketa izango dena, eta bestetik Arbizuko Ibilbide Herrikoia (4 km-16 km-2 km), proba nagusiaren distantzia erdia duena. Juniorrek azken honetan parte hartu ahalko dute, baina kategoria txikiagokoek ezingo dute aurten Arbizun lehiatu. 

Segurtasun arauak betetzeko, Olatzea Hotelaren parean eremu itxia prestatu du antolakuntzak, burbuila edo zonalde blindatua. Bertan duatletek euren beroketak egingo dituzte, boxen eremua edo trantsizioak egiteko eremua bertan izanen da eta baita irteera eta helmuga eta gainontzeko zerbitzuak. Irteera kronometratuak izango dira: 10 segundoro hiru partaide aterako dira. Jakina, eremu itxi honetan soilik duatletak, antolakuntzako kideak sartu ahal izango dira. 

Irteera, trantsizioak eta helmuga izan ezik –eremu blindatuan egingo dira, ez plazan– ibilbidea ia berdina izango da. Aldaketa bakarra izanen da txirrindularitza segmentuko bigarren buelta Baxerri aldetik San Juan ermitarantz egin beharrean, plazatik pasako dela. Ikusleek ibilbideko edozein eremutan egoteko aukera izango dute burbuilan izan ezik. Jakina, distantziak mantendu beharko dituzte. 

Arbizuko Duatloia proba exigentea da, bizikleta segmentuan Lizarragako portua igo behar delako eta haizeak jotzen badu, gogorra egiten delako. Arbizuko Duatloian inoiz ezin izan da raftinga egin, hau da, aurreko bizikletari lotuta joan, baina aurten are gutxiago, pandemia dela eta.