Euskara irakasteko gau eskolak besterik ez zeuden hasieran. Haien koordinazio beharraz sortu zen AEK eta Lurdes Mendinueta Ijurra arbizuarrak ardura hori zer zen ikasi behar izan zuen, AEK-ren Nafarroako lehendabiziko koordinatzailea izan baitzen.
Noiz hasi zinen gau eskolan?
Ikasketak 1977an bukatu nituen. Arbizura itzuli nintzen eta hortik Iruñera. Lana bilatzeko denbora horretan euskarazko klaseak ematen hasi nintzen, Arturo Kanpion euskaltegian. Ez gaur egungoan, lehengokoan. Elkarte bat zegoen, Konpainia kalean-edo, ez naiz oroitzen; kale estu bat eta etxe zahar batean ematen genituen klaseak. Momentu hartan ez zegoen AEK-rik Nafarroan; gau eskola batzuk bazeuden, esaterako, Sakanan, Baztanen, Iruñerrian… Batez ere Bizkaitik eta Gipuzkoatik bultzatuta AEK sortzen hasi zenean, eta Euskal Herrian koordinazio baten beharra ikusi zenean, gu ere hor sartu ginen. Eta, orduan, liberatu gisa lan egitea proposatu zidaten.
Momentu hartan Nafarroan hiruzpalau tokitan zeuden bakarrik gau eskolak. Ikusten genuen behar beharrezkoa euskal kontzientzia, euskara ikastearen kontzientzia sortzea eta euskaldun zaharren alfabetizazioa baita ere. Hor hasi nintzen lanean.
Geroz, Nafarroako AEK-ko lehen arduraduna.
Hala da. Lehenago ez zegoen ez AEKrik ez arduradunik. Ni lanean hasi nintzen eta ikasi behar izan nuen zer zen ardura hori hartzea. Zaila izan zen denbora hura. Pentsa ezazu: Nafarroa osoan kontaktuak hartu behar genituen. Ez nuen autorik ez ezer. Autobusa hartzen nuen eta behin joaten nintzen Sartagudara, beste batean joaten nintzen Lizarrara eta hurrengoan joaten nintzen Errora. Horrela ibili nintzen Nafarroan zehar, jendearekin, kontaktuak hartzen eta begiratzen aukera genuen irakasleak bilatzeko, baita irakasleak bidaltzeko ere. Horretarako denbora asko pasa zen, asko mugitu ginen. Zaila egiten zen.
Hala ere, gauza batzuk lortu genituen. Tuterara joan nintzen eta banekien euskara klaseak ematen ari zirela. Kontaktua eman zidaten adineko emakumezko batena, Karmen Albisu, oker ez banago Oreretakoa zen, eta bere bi alabekin zegoen etxean. Berarekin hitz egiten egon nintzen eta klaseak nola hasi zen ematen esan zidan. Horrela, pixkanaka pixkanaka, koordinazio hori hartzen hasi ginen, jendearekin kontaktuan jartzen eta AEK hedatzen eta osatzen Nafarroan.
Sartagudan ere kontaktu bat lortu genuen. Hitz egitera joan nintzenean ikusi nuen klase klandestinoak ematen zituztela. Esan nien: “baina, nola? Legezkoa da, euskara ikastea eskubide bat da”. Baina beraiek herrian egoera horrela bizi zuten eta klandestinoki ibiltzen ziren. Horrela ibili nintzen denbora batez, jendearekin kontaktuan jartzen.
Zerotik AEKren geografia bat osatzen, ezta?
Hori da. Ez genuen dirulaguntzarik ere. Bizkaia-eta pixka bat hobe zeuden. Baina guk ez genuen laguntza handirik. Nafarroako Diputazioak noizbehinka ematen zuen diru pixka bat. Baina gau eskola bakoitzaren izenean ematen zuen. Orduan hasi ginen dena elkar eskatzen, denok AEKren izenean, gau eskola guztien izenak emanez. Diputaziora gure aurrekontua bidaltzen genuen eta gero beraiek nahi zutena ematen ziguten. Horrela, pixkanaka pixkanaka, osatzen joan ginen. AEK ekonomikoki pixka bat aurrera ateratzeko gau eskola bakoitzak laguntza ematen zuen kutxa batera. Ordura arte, gehien bat, militantziaz egiten genuen lan, dirurik ez zegoelako. Eta handik nire lanpostuaz aparte liberatu batzuk atera genituen. Zarrakaztelun bertan bizi izan zen mutiko euskaldun bat, Jose Labio, han klaseak ematen hasi zena. Beste bi neskatxa Erriberara bidali genituen. Sagrario Aleman Andosillan eta eskualde horretan egon zen klaseak ematen. Liberatu genuen jendea eta hasi ginen indartzen eta hasi ginen gure artean, gehien bat, sustengua izaten. Beste herrialdeetako AEKko jendearekin harremanetan eta bilerak-eta, elkarrekin.
Euskara irakasten edo alfabetatzen, zertan aritzen zineten gehiago?
Eskualdearen arabera. Euskaldun zaharrak baziren, alfabetatuko lirateke. Bestela, euskaldundu. Batzuk zerotik hasita, beste batzuk, berriz, mintzapraktikan. Etxean behar bada, Iruñean guraso batzuekin entzuna zutelako… Kontuan izan behar da baita ere denbora haietan ez zegoela ez Internet, ez wifi, ez ezer. Komunikazioa zaila egiten zen askotan. Azkenean, auto bat lortu zidaten eta horrekin, pixka bat, erraztu zen.
Lurdes Menditueta Ijurra 1984an.
Orduan zein material zegoen euskara irakasteko?
Bazegoen Euskalduntzen metodoa. Gero laminekin beste metodo bat hasi zen, AEK-k atera zuena. AEK-ko talde teknikoa lanean ibiltzen zen pedagogiakoak eta hori guztia prestatzen. Horrekin ibiltzen ginen. Eta toki askotan ahal zuten moduan, fotokopiekin…
Eta lokalak?
Toki batzuetan laguntza bazegoen eta lortzen zuten lokala izatea. Baina beste toki batzuetan ezer ez. Sartagudan, esaterako, klandestinoki egiten zuten ahal zuten lokal batean, beraiena, ezkutuan. Beste batzuetan baita etxeetan ere egin dira. Eskoletan egiten zen baita ere. Klaseak ahal zen tokian ematen ziren. Ez zen berdina Sakanako egoera edo Erribera edo Lizarraldeko egoera. Toki batzuetan errazago lortzen zuten beste batzuetan baino.
Jendeak pixkanaka AEK-ren berri izanen zuen. Herrietara klaseak ematera joateko deiak jasotzen zenituzten?
Horrela joan ginen egiten. Hasieran behar bada zaila egiten zen irakaslea aurkitzea ere. Baina momentu batzuetan etorri zen jendea Gipuzkoa aldetik, ikasle zeudenak, etortzen ziren. Ni, esaterako, negu batean Irunberrin egon nintzen. Deitu zuten eta ez genuen irakaslerik. Iruñeko mutiko batek bazuen neska laguna Irunberrikoa eta harekin egoteko hara astean bitan joaten zen astean zehar. Ni berarekin joaten nintzen bi talderi klaseak ematen nizkion eta bukatzen nuen, mutikoak bere lagunarekin bukatzean, berarekin Iruñera bueltatzen nintzen.
Andosillan bi apaiz zeuden, oso jatorrak. Haiek deitu zuten norbait bidal genezan hara. Liberatua bidali genuen eta urte batzuetan egon ziren. Pentsatzen dut jarraitu dutela, baina ez dakit nor dagoen eta nola dagoen.
Irakasleen baldintza, materiala, lokalak, baliabideak… Dirua beti faltan, ezta?
Bai. Askotan zaila izan zen. Liberatuak izan arren, askotan hilabete bukaera heltzen zen eta sekula ez genuen kobratzeko. Diputazioko dirulaguntza eta hori guztia heldu arte, nahiko eskas ibiltzen ginen.
Diru premiari erantzuteko sortu zen Korrika. Non izan zenuen haren berri?
Euskal Herriko AEK-ko bilerak egiten genituen, herrialde bakoitzetik arduradun bat joaten zen. Bizkaian Euskal Herriko ekonomia funtsaz arduratzen zena, bazeuden ere talde pedagogikoan zeudenak. Julen Kaltzada Bizkaiakoa zen, baina Euskal Herriko lehen arduraduna bera izan zen. Bilerak egiten genituen. Denak genuen beharra, ez bakarrik diruarena. Diruarena arrazoi handi bat izan zen. Bestalde, ikusten genuen behar beharrezkoa zela gure herria alfabetatzea eta euskalduntzea eta jendeari euskalduntzeko beharra edo kontzientzia sortzea edo berpiztea.
Bilera haietako batean dirua ateratzeko zer egin pentsatzen hasi ginen. Hainbat proposamen egon ziren. Esaterako, pentsatu zen jaialdi erraldoi bat egitea eta dirua lortzea. Baina horrek suposatuko luke toki batean egitea, Euskal Herri guztiko jende guztia joanen litzateke. Azkenean, erreleboen lasterketaren proposamena egon zen, gero egin genuena. Nahiz eta egiten zailagoa ikusi, ideia askoz ere hobea iruditu zitzaigun, horrela ekintza hori Euskal Herri osoan hedatzen genuelako. Zazpi probintziatatik pasatzen zen eta mundu guztiak parte hartzen zuen.
Hori onartu genuen. Eztabaidatu ziren izen batzuk: arineketan, lasterketa, korrika eta beste. Baina Korrika izenarekin gelditu ginen. Eta bilkura batetik etorri, Nafarroan ahal genuen jende gehienarekin bildu, zer nahi genuen azaldu, eta hor hasi ginen pixka bat pentsatzen nola egin, nola antolatu eta nola koordinatu Nafarroa. Ez zen lan erraza.
Korrika egiteko erabakia hartuta. Bileratik autoan bueltan, zer pentsatzen zenuen?
Ufff. Ez dakit sinesten genuen ere nola eginen genukeen edo zer aterako litzatekeen. Ez dizut esanen beldurtuta, baina pixka bat zaila ikusten genuen. Gehien bat Nafarroa, oso handia baita. Gainera, hiru egunez izan zen, luze-luzea. Hori martxan jartzea oso-oso zaila izan zen hasieran. Herri guztietara joaten hasi ginen, jende guztiarekin kontaktuan jartzen. Lehenik azaltzen zer egin nahi genuen, bakoitzari bere lana ematen: herri bakoitzean zenbat km zituzten saltzeko… Eskualdeka antolatu genuen. Eta herri handiak zirenean, herrika. Jendea bilatu eta km guztietan jendea egon behar zuen. Batzuetan behar bada 100 zeuden, beste batzuetan bi bakarrik korrika egiten. Baina denetan norbait egon behar zuen. Hori guztia prestatzeko arduradunak jarri genituen. Nafarroan Patxi Artze gurekin egon zen Korrikan lan egiten.
Ez zen batere erosoa izan. Gero jende, enpresa, taberna eta toki guztietara joan behar km-en eskaintzak egiten eta dirua eskatzen. Konplexua izan zen, ez zen erraza izan, ez.
Herrietan jendeak nola hartzen zuen Korrika egiteko ideia?
Batzuetan barrez. Batzuk ez zuten sinisten ere eginen genuela, edo zerbait aterako zela. Esaten genien: “hemen ezin bada ekarriko dugu jendea beste nonbaitetik, etorriko da norbait korrika egitera. Zuek lasai. Baina lortu behar duguna da km guztiak saltzea eta km guztietan jendeak egon behar du korrika”. Ez bilera bat, behin baino gehiagotan egon ginen antolakuntza muntatzeko, dena prest uzteko, programa guztia ikusteko: zer egun eta zein ordutan tokatuko litzatekeen herri bakoitzean. Gero, esaterako, Irunberritik 24:00etan pasa behar bazuen, jendeak elkartean afaritxoa antolatu zuen, musika eta guzti; denak itxoiten, Korrika noiz helduko. Horrela, ilusioa eta gogoa sortzen joan zen.
Erabakia hartu zenetik Korrika Oñatitik abiatu bitartean zenbat denbora pasa zen?
Ez naiz gogoratzen, baina asko. Niri oso luzea egin zitzaidan. Orain ere sentsazio hori daukat: asko kostatu zitzaigula eta asko ibili ginela.
Garai hartan petoak, kamisetak eta beste salgai zeuden?
Bai, bazegoen materiala; pegatinak eta gauza guztiak, orain bezala. Hori guztia ere saldu behar zen. Herri guztietara eramaten zen. Beti zegoen arduradun bat horren kontrola zuena. Eta herri guztietan berdin-berdin, saltzen joan behar. Lan erraldoia izan zen. Jende askok eta askok parte hartu zuen.
Beñi Agirre, Urtsa Errazkin eta Lurdes Mendinueta Ijurra lehen Korrikako azken kilometroan.
Udazkenean egitea erabaki zenuten. Negu gorriko eguna tokatu zitzaizuen hasierarako.
Elurra ari zuen. Oñatin hasi zen. Satrustegi euskaltzaina Urdiainen hartu genuen eta Oñatira joan ginen. Han, hasieran, herriko etxean egon ginen. Unibertsitate paretik hasi zen, uste dut. Zero km-a eskertzeko egin genuen; Satrustegik eta Eli Galdosek egin zuten. Haiek egin zuten lehen km-a. Gero Satrustegi berriro etxera eraman genuen, eta Iruñera.
Ondoren, Nafarroan, Korrikaren gainean egotea tokatuko zitzaizun.
Hiru egunetan ez nuen ohea ere hartu. Luzaidetik gora Ibañeta elurrez beteta, portua itxita zegoen. Poliziek eta jendarmeek esaten ziguten ezin zela pasatu, kamioneta ezin zela igo mendatetik. Ez genekien zer egin. Auzperriko ezagun batengana joan nintzen. Ez dakit momentu hartan alkatea edo zinegotzia zen. Ez dakit zer zen. Zer gertatzen zen azaldu nion. Elurra kentzeko tresnak, traktore batzuk eta hori guztia zeuden. Hartu, mendatea jaitsi, hartu kamioneta eta mendatean gora. Eta horrela hiru egunez, gelditu gabe. Herri batzuetan behar bada autoan ordu pare bat lotan gelditu, beste norbaitek nire erreleboa hartzen zuen bitartean, antolakuntza ikusteko. Eta, horrela, Nafarroa guztia. Arabara Sakanatik sartu zen, eta hor lasaitu nintzen.
Lasai bai, Etxarrin pasatu zena pasata ere triste?
Bai, Korrika pasa ondoren ibilgailu batek mutiko bat harrapatu eta hil egin zuen. Oso tristea.
Lekuko barruko mezuarena?
Lekukoan zerbait sartzeko ideia genuen, eta ez genekien zer sartu. Egun batez Jose Mari Satrustegi euskaltzainarekin egon nintzen. Korrikarena aipatu nion, eta zer asmorekin egin behar genuen, helduak alfabetatze eta euskalduntzeko, dirua ateratzeko, Remigio Mendiburuk lekukoa egin zigula, barruan zuloa zuena eta han zer sartu ez genekiela. Berak esan zidan bazuela Ricardo Arregik Euskaltzaindiari idatzitako karta bat alfabetatzea bultzatzeko eskaerarekin. Hori interesgarria izanen litzatekeela eta nik, perfekto. Proposatu nuen AEKren Euskal Herriko bilkuran eta onartu zuten. Mezu hori sartzeko asmoa izan zen.
Korrika hasieran, Oñatin, ez zen mezua sartu lekukoan. Satrustegik momentuan ez zuen, baina ez zen sartu (gutunaren kopia Donostian txukuntzen ari ziren). Urdiaindik pasatzerako, momentu batean, tapa kendu genion eta bertan sartu zuen Satrustegik mezua, Urdiainen.
Korrika akaberak ere zeresana izan zuen.
Bilboko erakustazoka parean bukatu zen Korrika (San Mames inguruan). Azken km-a AEK-ko herrialdeetako arduradunek egin genuen, bakoitzak 200 metro-edo. Ailegatu ginenean, gora igo eta gure asmoa eskutitza irakurtzea zen. Lekukoa ireki genuenean ikusi genuen mezurik ez zegoela. Moztuta gelditu ginen. AEK bezala bagenuen baita mezu bat idatzia, Euskal Herriari eskertzeko eta aurrera egiteko. Hura irakurri genuen. Baina momentu hartan ez genuen esan mezua galdu zela.
Lehen Korrikaren balorazioa egin zenuten. Teoriatik praktikara aldea egon zen? Zertan?
Praktikan teorian baino hobe atera zen. Fuertea izan zen, baina gogo handiarekin hartu genuen eta balorazioa bikaina izan zen, oso-oso ongi atera zen. Ilusio handiz eta, gainera, ekonomikoki ere ongi atera zen. Baina ekonomiaz aparte, herrian sortutako ilusioa, jendeak korrika egiteko zer gogo zituen, nola parte hartzen zuen… Espero genuena baino hobe atera zen. Horrek jarraitzeko gogoa eman zigun. Hasieran pentsaezina edo barregarria iruditzen zitzaigun: ez da posible, ez dakit zer… Eta, azkenean, begira nola atera zen. Egia da batzuk oso inplikatuta egon ginela, egunak eta egunak eta egunak horretan. Baina merezi izan zuen. Antolatzen segitzea pentsatu genuen. Hasieran urte eta erdiro egiten zen eta gero bi urtetara pasa zen. Gero nik ez nuen parte hartu. Gaur egun ikaragarrizko arrakasta du. Behar bada euskararen alde egiten den ekintza handiena da, jende gehienak parte hartzen duena. Uste dut bikaina izan dela.
Eta, hala ere, helduendako euskara ikastea ez da doakoa oraindik?
Zoritxarrez horrela da. Euskara ikasteak dohainik izan beharko luke. Eta alfabetatzea berdin. Herri batean bizi gara. Herri horren hizkuntza euskara da, lehena. Nahiz eta gero ofizialtasuna biek izan, batak bestea baino indar gehiago izan, edo zapalduago egon… eskubide bat da. Erakundeek ofizialki euskara lagundu behar dute, Euskal Herria euskalduntzen, gure jendea alfabetatzen.