Hilketa matxista salatu zuten

Guaixe 2021ko api. 22a, 09:01

Hilketa matxista salatzeko Arbizun egindako kontzentzazioa. Argazkia: @arbizun

Urtea hasi zenetik Euskal Herrian gertaturiko hirugarren hilketa matxista da Miarritzekoa. 

Miarritzen 77 urteko gizonezko batek 75 urteko emakumezkoa hil eta gero bere buruaz beste egin zuen hilaren 14an. Hilketa matxista salatzeko Bilgune Feministak kontzentrazioa deitu zuen larunbat eguerdian Arbizun. 15 bat lagun elkartu ziren bilkuran. Mobilizazioetan parte hartzera deitu zuen Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak. Bertatik adierazi zenez, “indarkeria matxistak ez du mugarik, bizi garen sistema kapitalista patriarkalaren funtzionamenduaren ezinbesteko tresna delako, eredu honek sortzen dituen pertsonen arteko botere harremanak, menpeko harremanak bizirauteko eta mantentzeko erabiltzen duen baliabidea izanik”. 

Emakumeen Mundu Martxako kideek adierazi zutenez, “indarkeria matxistak lehen mailako arazo politiko, sozial, ekonomiko eta kulturala izaten jarraitzen du; ez direlako modu isolatuan eta bakartuan ematen diren erasoak; bizi garen jendartearen antolaketa sexistak ahalbidetzen eta sustatzen duen indarkeriaren erabileraz ari baikara”. Azkenik, “autodefentsa feministarako deia” egin zuten, “gure bizitzak direlako jokoan daudenak”. Eta “denak aske izan arte borrokan” segitzeko konpromisoa berretsi zuten.