Pandemia berrikuntzak egiteko baliatu dute, besteak beste, pintura prozesu prototipoa jarri dute martxan.
1. Noiz sortu zen Bikain tailerra?
Goizeder: Joan zen urtean 40 urte bete zituen. Ezin izan genuen ospatu. Sortu zutenak orain jubilatzen ari direnak dira. Soldaduskatik etorri ziren, lagun kuadrilla bat elkartu zen, eta tailerra sortu zuten. Gero jendea sartzen eta ateratzen joan da.
2. Arbizun bakarrik sortu zuten?
G: Hemen tailer libre bezala sortu zen, eta gero 1994an edo 1995an Renault-ek hartu zuen eta Arbizun erakusketa jarri zuten. Gero Altsasun jartzeko aukera ikusi zuten, eta Altsasuko tailerra jarri zuten. Salmentak han egiten ziren.
3. Orain non zaudete?
G: Pandemia bitartean bi tokietan egon gara. Sortzaileetatik sei jubilatu dira eta, beraz, jendea asko joan da. Pandemiak ez digu lagundu ezer, lehen salmentekin Altsasura joan ginen bezala, orain erabaki dugu hona ekartzea. Renault eta Dacia eraskuketa atarian daukagu eta behar izanez gero ekartzen da edo bezeroarekin Iruñera joaten gara.
4. Nola antolatzen da tailerra? Zer egiten duzue?
Mekanika, elektromekanika eta berrikuntza bezala autokarabana eta camper atala sortu dugu ere. Pandemian zer egin eta nola berritu pentsatzen egon ginen eta bururatu zitzaigun hau egitea. Ongi doa. Horretarako jasogailu bat eta camperizazioaren eta elektronikaren munduan espezializatutako pertsona bat ekarri ditugu. Kotxe, furgoneta, autokarabana, karrozeria… denetarik egiten dugu.
5. Berrikuntza gehiago egin dituzue ere.
G: Serie 100 deitutako pintura prototipo bat daukagu.
Antxon: Margo berria da eta gu Nafarroan tailer pilotua gara. Bakarrak gara. Hoberena da kutsadura askoz gutxiago sortzen duela. Erdia baino gutxiago. Europako legearen araberako kutsadura indizea 420 gramo litroko da eta margo guztien indizea gutxi gorabehera 400 gramo litrokoa da. Gure margoak 290 gramo litroko dauzka. Eragin ekologikoa askoz txikiagoa da. Gainera, prozesu guztia da berria eta berritzailea.
6. Prozesua zertan desberdintzen da?
A: Dena da. Lehortzeko denbora askoz motzagoa da, orduan gasoil gutxiago errentzen duzu, elektrizitate gutxiago eta abar. Pintura hasi eta bukatzeko prozesu osoa da ekologikoa. Laburragoa denez, kontsumoa murrizten da eta kutsadura gutxiago sortzen du. Inprimazioa ere UVA izpien bidez egiten da, dena aprobetxatzen dugu eta gutxiago kutsatzen du ere. Ez dago disolbatzailerik, hondakinik… Garestiagoa da, baina kontsumoan jaisten da.
7. Tailerrarendako inbertsio handia izan da?
G: Bada. Baina ez baduzu inbertitzen eta aurrerapausorik egiten, atzean gelditzen zara.
8. Formakuntzarik egin behar izan duzue?
A: Ikastaro bat egin nuen eta margo teknikariak etortzen dira. Trebatzen jarraitzen dut. Prototipoa denez jarraipen bat izan behar du. Otsailean Guadalajaran egon nintzen margo lantegian eta han margotzeari eta produktu berriei buruzko ikastaro bat egin nuen. Ez dakit noiz zehazki baina itzuli beharko naiz beste ikastaro bat egitera. Formazioak hemen jarraitzen du ere.
9. Probatu al duzue?
G: Bai. Egunero ari gara probatzen. Gure kotxeak lehenengoak izan ziren. Oporretan etorri ginen kendu makina zaharra kentzeko eta berria jartzeko. Nik uste bezeroa ez dela asko ohartzen. Gainera, orain ez gaude hainbeste haiekin. Lehen harreman gehiago zegoen, pintatzen ikustera sartzen zinen beraiekin…
10. Gehiago motibatzen zaituzte?
A: Bai, noski. Guretzako erronka bat da. Etorkizunera aurreratu gara. Legeak kutsadura maila jaisten joango dira, eta gure asmoa etorkizunerako pausoa egitea zen. Azkenean, hau etorkizuna da; kutsadura gutxiago, prozesu garbiagoa eta azkarragoa. Karrozerian gure borroka beti da denbora, eta prozesu honetan denbora aurrezten da: kotxea sartzen duzu eta ordu erdian atera daiteke. Lehen bi edo hiru ordu egon behar ziren. Kotxe gehiago ateratzen dira denbora berdinean, baina gasoilaren erabilera asko jaitsi da.
11. Tailerraren sortzaileek zer esaten dute?
G: Hasieran ez zitzaien asko gustatu. Ikusi ondoren, bai. Bizitza osoa egon dira pintatzen prozesu berdinarekin eta orain aldatzea… baina emaitzak ikusi dituzte, eta oso onak dira. Kotxe asko egin ditugu eta emaitza espero genuena baino gehiago da. Gerta zitekeen pentsatzea munduko hoberena zela eta gero ez izatea, baina ez.
A: Emaitza benetan ona da.