Leziza ubeldearen "ekologia arriskuan" dago

Guaixe 2021ko mai. 31a, 11:02
Leziza bizirik plataformaren manifestazioa Agotzaina parera iristen.

Leziza errekara egiten diren isurketak etetea eskatzeko manifestazioa egin zen Arbizun hilaren 23an. Herriko plazatik enpresaren atera eraman zuten arbizuarrek beraien aldarrikapena. 

Arbizun Leziza bizirik! Plataformak errekara egiten diren isurketak etetea eskatzeko manifestazioa egin zuen Arbizun. Akaberan plataformatik azaldu zutenez, Leziza errekara egiten diren isurketen aurrean udalak hasi zuen bideaz aparte, “herritarron kezka, haserrea eta asperraldia jakinarazi nahi genizkion Agotzaina enpresari”. Horretarako, aurretik, sinadura bilketa egin zuten eta Nafarroako Gobernuan eta enpresan bertan aurkeztu zituzten: “412 ahotsa entzun behar dituzte. 412 tanta batera erreka bihurtzen dira”. 

Plataformako kideek azaldu zutenez, ubeledeak “ekosistemetako elementu bizienak eta aldakorrenak dira: euri ura bideratzen dute, erliebea eraldatzen dute, hainbat izaki bizidunei uraz hornitzen die, tartean, guri”. Leziza errekak haren garrantzia “gogorarazi” die. “Ibaiaren ekosisitema bera babesteko beharraz gain, ongi dakigu gure osasuna baliabide natural horren menpe dagoela, gu ere ekosistema garela”. 

Agotzaina enpresak Ingurumen Baimen Integratua txostena landu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu du eta garagarrilaren 29ra arte jendaurrean egonen da; epe horretaraino aurkeztu daitezke alegazioak. Txosten teknikoak enpresak erreka eta ingurumena babesteko hartu behar dituen neurriak agertzen dira. “Udala teknikoarekin egon zen eta balorazioaren esperoan dago. Irakurketaren arabera asmo onekin daude”. Bukatzeko, herritarren lanaren emaitza izan dela esan zuten, “orain ikusi behar dugu nola egiten dugun eta ea neurriak betetzen dituzten”.