Arbizuarrek martxoaren 15ean omendu zuten Fran Balda Araña zena. Sareren Izan bidea dinamikaren barruan, maiatzaren 8an Sakanako 18 mendi tontorretara eraman zuten Franen irudia eta Hik argitutako bidetik, denak etxera leloa makina bat sakandarrek. Eta, borobiltzeko, pandemiagatik apirilaren 11n atzeratu zen omenaldia igandean eginen da, Arbizuko ezker abertzaleak antolatuta.
Hasieratik erabaki zuten aire librean egitea, jende gehiago egoteko. Osasun agintariek hala aginduta, 500 pertsonarendako tokia izanen da. Osasun neurriak errespetatuko dira: ikusleei eremuan sartzeko tenperatura hartuko diete, eskuetan gela eman beharko dute, eremuan pertsonen arteko distantzia mantenduko da… “Franek berak horri izugarrizko garrantzia eman dio hilabete hauetan. Elkar zaindu behar dugu, herria zaindu behar da. Beti horrekin kezkatuta zegoen, bilerak egiterakoan, itxialdia ezarri zenean…”
Antolatzaileak ziur dira jende asko sartu ezinik geldituko dela. Beraz, omenaldira joan nahi duten arbizuarrei eta sakandarrei garaiz ibiltzeko eskatu diete, uste baitute eremua azkar beteko dela. Aldez aurreko gonbidapenik ez dago. Urko Aierbe omenaldiaren prestaketan aritu da.
Lehen aldian hitz egitea arraro eginen zaizue. Zein zen Fran Balda Araña?
Fran oso ezaguna zen Sakanan, Nafarroan, Euskal Herri osoan hainbat arrazoirengatik. Bat-bateko heriotza izan da, inork espero ez zuen istripua izanda, denak schock-ean jarri gintuen. Baina hasiera-hasieratik ikusi zen Franek merezi zuela omenaldi bat egitea. Aurpegi anitzeko omenaldi bat, Franen izaerari lotuta. Irakurle askok ezagutuko zuten, eta bakoitzak berea izanen du: militantea, parrandazalea, herrigintzan buru belarri zebilena, adiskidea… Omenaldian hori guztia islatzen saiatuko gara. Fran arbizuar moduan eta Arbizuri eskaini zion guztia. Eta ez bakarrik Arbizuri, baita Sakanari, Nafarroari. Gero ere Fran militantea. Urte luzetan, batez ere, presoen askatasunaren alde buru belarri ibilitakoa. Baita Euskal Herri aske eta hobe baten alde ibilitakoa ere.
Zalantzarik ez zen izan, zerbait egin behar zen.
Bai. Lehenengo erreakzioa izan zen: Franek dituen aurpegi desberdin horiekin, Euskal Herrian oso ezaguna izanda, omenaldi txukun bat behar du; dimentsioan, antolaketan… Horrek Arbizutik haragoko proiekzioa zuela ikusten genuen. Horren segidan etorri zen: Arbizu mailako omenaldi bat behar dugu, herritarrek modu xumean parte hartu ahal izateko, norberak bere barrenak husteko. Albistea ezagutu eta bi egunetara Arbizuko omenaldi intimoa, herrikoia egin zitzaion. Inprobisatua izan bazen ere, oso-oso polita izan zen. Plazan egin genion. Franek bazeukan hori ere: oso herrikoia, oso xumea, zinegotzi izandakoa eta Arbizuko herrigintzan buru belarri ibilitakoa. Orain oso ilusionatuta zegoen. Bazeuzkan buruan hainbat proiektu, hainbat kontu. Gainera, hainbat sektoretakoak: energia… Arbizu hobetzeko beti kezka horrekin zebilen, beti ideia berriak sortzen.
Beti besteenganako hori lehentasun.
Bere ingurunean hobetzen ahaleginduta, bere burua etengabeko kezka… Izan genuen azken elkarrizketetako bat horren bueltan izan zen. Esaten zidan eskertzen ziola pila bat feminismoari; azken urteetako feminismo honen ezaugarriei. Berak bere burua beste ikuspegi batetik aztertzeko, pribilegiodun ikuspegitik, bera gizonezkoa izanda, horrela hezi zutela. Konturatzen zela bere buruaren azterketa egin beharra zeukala, errebisio horretan gauza asko moldatu. Eta, alde horretatik, feminismoari eskertuta zegoen. Eta abiapuntu horretatik bere ingurunea hobetzen saiatzen zen. Esan bezala, Arbizu herria hobetzen, Sakana ere eta, azken finean, mundua hobetzeko ekarpen xumea egiteko kezka hori zuen beti.
Eta hori guztia nola bihurtzen da omenaldi?
Ez da erraza izan. Bagenekien, baina egiaztatu genuen jende askok estimu handia ziola. Omenaldia egitea erabaki zenean etorri ziren herrian dauden talde eta elkarteetatik, eta Sakanako batzuek ere parte hartu nahi zutela. Frani aitortza egin eta egindako ekarpenagatik esker ona azaltzea. Eskaera asko etorri ziren. Lantalde bat egon da hori ordenatu nahian. Omenaldian saiatuko gara, nolabait, bere bizitzaren haria jarraitzen. Franen alde desberdinak islatzen saiatzen. Eta parte hartzeko nahia adierazi zuten guztiei aukera emanez. Uste dut emaitza polita izanen dela. Fran omenaldiarekin gustura geldituko litzatekeela uste dugu. Esperantza hori dugu behintzat.
Kanpotik joaten direnendako oharrik?
Herri txikia denez, aparkaleku zabalik ez duenez, aparkatzeko eremu batzuk prestatu dira. Altsasu aldetik autobiatik heldu direnak Etxarri Aranatzen ateratzea (20. irteera) aholkatzen dugu, eta errepide zaharra hartzea. Irurtzun aldetik heldu direnak Lakuntzan (15) atera eta etor daitezela. Bidegurutzeetan jendea egonen da autoak aparkalekuetara bideratzeko.