FRAN BALDARI OMENALDIA

Zuhaitz bat bazina...

Guaixe 2021ko eka. 7a, 12:00

"...arramak zenituzke beso". Herritarren, lagunen, burkideen eta sakandarren agur "polit" eta "hunkigarria" jaso zuen atzo Fran Balda Arañak Arbizun. Bere hamaika lan, borroka eta pasadizoak ekarri ziren gogora adierazpen, irudi, kantu eta grabazioen bitartez

Oso polita izan zen atzo eguerdian Olatzea aurreko berdegunean Fran Baldari egin zitzaion omenaldia. Makina bat jende igo zen oholtza gainera: trikitilariak, joaldunak, dantzariak, Zoila Berastegi –ederra Zuhaitz bat baziña… bere omenez egindako lana–, Amaia Izko abokatua eta sumarioko kideak, Jesus Mari Mendinueta alkate ohia (Palestinako Mardatik bidalitako gutuna irakurri zuen), Porrotx –(Baldarekin izan zen Palestinan), Arbizuko abesbatza, Arbizuko musikariak, Pello Reparaz tartean, Mikel Mundiñano eta Sareko kideak, kuadrilakoak, Argi Bidea elkartekoak, Sortuko eta Ernaiko burkideak… eta abar. Guztiek nabarmendu zuten bizitza osoa eskaini ziola militantziari, langile nekaezina zela eta lagun ona. Bukaeran, guztiek bizitzaren alde topa egin zuten.