Pilota

Joseba Ezkurdia Nafarroako Lau eta Erdian aurrera

Guaixe 2021ko eka. 28a, 10:50

Ezkurdiak aitortu du partida gogorra izan zela.

Aurrelari arbizuarra finalerdietarako sailkatu da atzo Peio Etxeberriari 22 eta 15 irabazi eta gero

Joseba Ezkurdiak Nafarroako Lau eta Erdiko Txapelketako finalerdia Jokin Altunaren kontra jokatuko du larunbatean, Sopelan. Finalerdietara sailkatzeko ederki izerditu egin behar izan zuen aurrelari arbizuarrak, atzo Donostiako Atano III.ean jokatutako final laurdenean Peio Etxeberriak gauzak ez zizkiolako batere erraztu. Jakina denez, asteburu honetan publikoa itzuli zen pilotalekuetara eta azarotik hona pilotalekuek izandako hutsune hori arindu egin zen. 

Ongi hasi zen Joseba Ezkurdia, eta 13 eta 5 aurreratu zen. Serio jokatu zuen arbizuarrak, apenas akatsik egin gabe. Baina Peio Etxeberriak ez zuen partida galdutzat eman eta bigarren zatian ongi aritu zen. 16 eta 12 hurbildu zitzaion Ezkurdiari, eta arbizuarra ederki estutu zuen. Baina Ezkurdiak presioari eusten jakin zuen, eta, azkenean, asko kostata, 22 eta 15 irabazi eta finalerdietara sailkatu zen. “Sentsazioak ez dira izan munduko hoberenak, egia esan, hankak lotuta bezala aritu naiz, bihotzerrea izango banu bezala, baina behintzat partida zail hau aurrera ateratzea lortu dut, eta pozik” azaldu zuen arbizuarrak partida bukaeran. 

Esan bezala, Ezkurdiak Jokin Altuna izango du aurkari finalerdietan. Azken lau urtetan jarraian, biak izan dira aurkari Nafarroako Lau eta Erdian. Azken hiru edizioetan Altuna gailendu zen, eta 2016koan Ezkurdia. Larunbatean ikusiko da nor sailkatuko den uztailaren 7an Labriten jokatuko den final handirako. 

Baikoko azken final laurdena ez da Altsasun jokatuko
Baiko adarreko azken final laurdena Altsasuko Burunda pilotalekuan zen jokatzekoa ostiralean, uztailaren 2an, baina azkenean Mallabiak hartuko du kanporaketa hori. Urrutikoetxeak Laso izanen du aurkari.