Pilota

Uztailaren 7an Labriten egoteko Altuna bidean utzi beharko du Ezkurdiak

Guaixe 2021ko uzt. 2a, 10:30

Nafarroako Lau eta Erdiko Txapelketako Aspeko adarreko finalerdia jokatuko dute Joseba Ezkurdiak eta Jokin Altunak larunbatean Sopelan. Biek uztailaren 7ko final handiko txartela lortu nahi dute eta final kutsua duen finalerdia izanen da

Nafarroako Lau eta Erdiko Txapelketa azken txanpan sartu da eta Joseba Ezkurdiak bere Nemesia du zain bihar, larunbata, Sopelan: Jokin Altuna. Egungo bi aurrelari onenak elkarren kontra ariko dira, beste behin, final kutsua duen Aspe adarreko finalerdian.

Biak antzeko egoeran iritsi dira larunbateko finalerdira, finalerdietan ederki sufritu izan baitzuten Peio Etxeberria eta Iker Salaberria bidean uzteko. Ezkurdia eta Altuna, kaiolan iaioak dira biak, aurrelari trebe eta gogorrak, eta maila goreneko partida da bihar Sopelan espero dena. Nafarroako Lau eta Erdian, azken lau urteetan jarraian, biak aurkari izan dira . Azken hiru edizioetan Altuna gailendu zen, eta 2016koan Ezkurdia. Larunbatean ikusiko da nor sailkatuko den uztailaren 7an Labriten jokatuko den final handirako.