Astekaria

Zeltik parranda hor egon da

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko uzt. 8a, 12:37

Beietz! taldea.

Beietz! talde arbizuarra udako bira egiten ari da. Hurrengo kontzertua larunbatean, uztailaren 11n, izanen da, Lakuntzan. 'Libre' abestia kaleratu dute ere, diskoaren aurrerapen kanta dena

Beietz! Taldea 2018 urteko Arbizuko festetan aurkeztu zuten, eta 2019ko urte amaieran taldearen lehenengo diskoa kaleratu zuten: Erraietatik. 2020. urtean pandemia iritsi zen. Beraz, Hiart Leitza taldeko abeslariak esan duen bezala, "talde askori gertatu zitzaien bezala ez genuen aukera askorik izan diskoa zuzenekoetan defendatzeko eta aurkezpenak egiteko". Stand by-ean gelditu ziren. "Baina geldirik ez ginen gelditu". Zeltik parrandak jarraitu zuen. Iaz kontzerturen bat egin zuten, eta aurten Zeltik parranda tour egiten ari dira. Dagoeneko Irurtzunen eta Bakaikun kontzertuak eskaini dituzte, eta hurrengoa Lakuntzako plazan izanen da, larunbatean, ustailaren 111n, 18:30ean. Abuztuaren 19an Etxarri Aranatzen egonen dira, eta laster data gehiago konfirmatuko dituztela esan du Leitzak.

Bi lanak oso jarraian aterako dituzte. "Pandemiaren lehenengo hilabete horien ondoren lanean jarraitu genuen" eta bigarren diskoa prestatzen hasi ziren. Momentuz, abesti bat kaleratu dute eta astelehenean kantaren bideoa publikatu zuten. "Hortik gabiltza, gelditu gabe". Libre da abestia: "Bakoitzak, norberak, libre izateko, pentsatzeko, sentitzeko eta maitatzeko duen" eskubidearen aldeko abesti bat da. "Askotan esaten dugu gizartearen berdintasuna lortu behar dugu, baina uste dugu berdintasun hori bakoitzaren desberdintasunak onartzea dagoela". Norberaren desberdintasunen alde egiten du abestiak. Abestia plataforma digitaletan entzungai dago, eta hurrengo diskoaren aurrerapen abestia da.

Disko berria
"Diskoa prestatzen ari gara". Oraindik ez dute argitaratzeko datarik, eta egoeraren araberakoa izango da. Lehenengo aurrerapen abestia kaleratu dute, eta orain erabakiko dute gehiago kaleratu edo ez. "Ikusiko dugu". Garrantzitsuena lanean jarraitzen dutela da. Oraindik ezin dute data bat eman, baina "seguru aski uda amaieran" prest egongo da. Taldearen informazio guztia haien sare sozialetan jarrai daiteke.

Bigarren diskoa laster argitaratzearen arrazoietako bat pandemia da; denbora gehiago izanda, abestiak sortzeko denbora tarte gehiago izan zutelako konfinamenduan. Pandemia egon izan ez balitz, "ez dakigu zer egingo genukeen", baina egoera dena dela, inspirazio iturri izan da urte hau. "Abestiak ez genituen orduan egin, baina bai hasierak. Ondoren, abesti horiek osatu ditugu". Letretan ere pandemiak eragina izango du.

Eta diskoa prestatzen duten bitartean, Zeltik Parranda zenbait herritatik zabalduko dute modu berezian bada ere. "Ez daukate zerikusirik pandemia aurreko kontzertuekin alderatuta". Publikoak eserita egon behar du, "eta nabaritzen da". Arraroa egiten dela aitortu du Leitzak: "Gu eszenatokian gaude mugitzen eta jendea eserita dago, geldi". Jendea adi dagoenez, "arrisku hori egon daiteke ere, edozein akats egiten duzula…". Hala ere, gelditu daitekeen formatu bat dela esan du Leitzak. "Baita ordutegiak ere. Orain egunez eta arratsaldez egiten dira, eta beste aukera bat da". Orduaren arabera elementu gehiago edo gutxiago erabiltzen dituzte taldeek, argiteria, esaterako. "Beste ikuskizun mota bat da, azken finean". Taldeek egokitu beharko dute, eta dagoeneko ari dira. Esaterako, akustikoak egiten dituzte edo errepertorio lasaiagoak osatzen dituzte. "Guk momentuz ez dugu errepertorioa aldatu. Betikoa da". Ikuskizun berdina eskaintzen dute.

Esentzia
Beietz! Taldean aldaketak izan dira. Taldekide batzuk uztea erabaki zuten, eta beste batzuk proiektuarekin aurrera egiteko gogotsu zeuden. Beraz, taldekide berriak sartu dira. Zazpi kide dira, hasieran bezala. Taldekide berriak Tafallako Ainhoa Quintena akordeoilaria eta Mikel Goikoria biolinista dira. "Ainhoaren aita olaztiarra da eta ama bakaikuarra. Sakanarekin oso lotuta dago". Baterian Ricardo Areta lakuntzarra egonen da, Peio Skalarik produkzio lana egingo duelako. Hiart Leitzak ahotsa jartzen du, Maider Jakak whistle-a jotzen du, Oihan Mendinuetak gitarra eta Martin Larrazak baxua. "Taldearen musikak berdin jarraitzen du. Musika eta letrak pertsona berdinek egiten ditugu, beraz, berdina da".