Barrutik sortzen den sua

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko uzt. 20a, 11:49
Tor Magoa. UTZITAKOA

Tor Magoak hamabost urte baino gehiago daramatza magiaren munduan; eta bederatzi urte, mago profesionala izaten. Uztailaren 24an, larunbata, Arbizun izanen da Alaitzen udako programazioaren barruan

Tor Magoa Aitor Bilbao algortarraren beste aurpegi bat da, jendearen aurrean bere magia erakusteko hartzen duen aurpegia. "Hasteko, janzkeran ikusten da eraldaketa hori. Kalean ez nabil mago itxuran jantzita". Eszenatokiaren gainean "apur bat transformatzen da", Dr Jekill eta Mister Hyden antzera, baina ez da horrenbeste nabaritzen. "Naturaltasunez egin dut eraldaketa. Txikitatik egin dut magia". Uztailaren 24an, larunbata, 19:00etan, Arbizuko plazan, familiarteko ikuskizuna eginen du Tor Magoak.

"Oso txikitatik izan dut gustuko magia. Aititek gauzak egiten zituen. Ez zen magoa, baina txanponak belarri atzetik ateratzen zituen. Horrelako gauzak egiten zituen". Harrezkero izan du "grina" hori Bilbaok. "Nagusiagoa izan nintzenean, liburuak irakurtzen hasi nintzen. Magia Borras delakoa ere izan nuen". Magia presente egon da bere bizitzan, baina prozesu luzea izan da ere: "Hasi nintzenean ez zegoen ez magia eskolarik ez youtuberik. Orduan, dena nire kabuz ikasi behar izan nuen". Lehenengo magia jokoak aitonak erakutsi zizkion. Geroago, liburutegietara joaten zen magia liburuak bilatzera. Olentzero ere ongi portatzen zela esan du. "Beste mago batzuk ezagutzen hasi nintzen, eta apurka magiaren munduan sartzen hasi nintzen, nire kabuz". Zer edo zer zeukan barruan, "su bat-edo".

Eskolan galdetzen zietenean nagusitan zer izan nahi zuten, Bilbaok mago izan nahi zuela erantzuten zuen. "Astronauta edo futbolari izan nahi zutela esaten zuten besteek; nik mago izan nahi nuela esaten nuen, eta ez zidan inork sinisten". Itxaropen hori zeukan. Hasieran, etxekoen aurrean magia jokoak egiten zituen; ondoren, lagunen aurrean emanaldiak egiten hasi zen, tabernetan. Duela hamasei urte inguru, lehenengo ikuskizuna egin zuen. "Bat-batean, herriko jai batzordeetatik deitzen hasi ziren". Bitartean, unibertsitatera joan zen eta enpresa batean lanean hasi zen ere. "Baina beti neukan zer edo zer hori barruan, su hori". Azkenean, saltoa ematea erabaki zuen, duela bederatzi urte. "Ez naiz damutzen, eta benetan pozik bizi naiz magiarekin".

Ilusioa
Arbizun uztailaren 24an eginen duen ikuskizuna "familiarra" izanen da. "Ikusle guztiendako magia ikuskizuna". Tor Magoaren emanaldiak parte hartzaileak izan ohi dira, baina egoeragatik ezin da ikusleengana hurbildu, ez ikusleak eszenatokira igo. Egoerara egokitu behar izan du: "Bakoitza bere tokian bada ere, saiatzen naiz saio parte hartzailea egiten". Zerbait bizia da. Hori baita magiaren sekretuetako bat: ilusioa sortzea. "Haurrendako lan egiten denean, ikusten da haur batzuek magian sinisten dutela, beste batzuek dudak dituzte… horrekin jolasten dut".

Garrantzitsuena entretenitzea da. "Magiarekin flipatu ahal da, baina ikuskizunak ordubete irauten badu, zerbait gehiago eskaini behar da". Tor Magoak umorea lantzen du ere. "Komunikazioa ezinbestekoa da". Ikuskizunak sortzen hasi zenean, hor ikusi zuen alde zailena: "Nik etxean egin dezaket magia joko bat bost minututan, baina hori ordu batera eraman behar da". Urteekin lortzen den zerbait dela azaldu du. "Denborarekin, publikoaren aurrean askatzen zara". Bi aldetakoa da: "nik ikusleen energia hartzen dut, eta haiek nirea".

Magiarekin hasi zenean, lehenengo jokoak egitean, nagusien artean inpaktua sortzen zuela ikusi zuen. "Ez da bakarrik zer xelebrea den haur hau, baizik eta, nola egin du hori? Jendearengan inpaktua sortzen da". Haurrek zein helduek ongi pasatzen dutela ikusteak Bilbao asebetetzen du. "Energia txute bat da, eta engantxatzen du". Magiaren munduan egotearen alde txarra jendearen ordutegien kontra ibiltzea da: "Nik beti lan egiten dut jendeak lan egiten ez duenean". Alderantziz bizi da, baina "denetara ohitzen zara, eta ongi daramat".

Magia jokoak sortzea oso zaila dela aitortu du Tor Magoak. "Gauzatxo batzuk bai asmatu ditut". Normalean, ikusitakoa eta ikasitakoa bere egiten ditu, "moldatu edo egokitu". Egiten dituen magia trikimailuetatik gehien gustatzen zaiona hau da: "Kutxa batean sartzen naiz, eta kateekin itxi. Kutxa irekitzean, ni ez nago; jendearen artean agertzen naiz". Zoritxarrez, antzoki batean egin behar duen jokoa da, eta, beraz, ezinen du Arbizun egin. Ikusi dituen jokoetatik, David Copperfielden telebistan egindako joko bat du gogoan: "Hegan egiten ikusi nuen, eta horrek txunditu ninduen. Gutxi behar banuen magiarekin maitemintzeko, horrek guztiz maitemindu ninduen".