Gipuzkoan hondakinen gaikako bilketaren bidez jasotako arropa metak agertu ziren Ziordian 2019ko iraila erdialdean. Udalak salaketa jarri zuen eta gerora, herritar baten gaztigua jaso ondoren, Gurelurrek salaketa publikoa egin zuen. Gurelurrek asteazkenean beste ohar bat zabaldu zuen jakinaraziz, Arbizuko bi pabiloitan Gipuzkoatik ekarritako arropa pilatzen ari zirela.
Arbizuko bi pabiloiak alokatu dituztenak bi sakandar dira. Azaldu dutenez, “Gipuzkoan gaika jasotako arroparekin lehen baheketa bat egiten dute eta ongi dagoena Emausen bidez merkaturatzen da berriro. Gainontzekoa, errefusa gisa, hondakindegira joanen litzateke”. Argitu dutenez, beraiek azken hori hartzen dute eta “bigarren baheketa egiten dugu. Baliagarria den arropa Senegal edo Camerunera bidaltzen dugu, eta errefusa dena, Herbehereetara. Han errefusa den arropa horretatik trapuak, haria, plastikoa… ateratzen dituzte. Dena bereizten dute. Gainera, isolatzaile gisa erabili daitekeen aztertzen ari dira”. Bi sakandarrek esan dutenez, “hondakindegian bukatu behar zuen arropa horren guztia aprobetxatzen da horrela”.
Bi pabilioi arropaz beteta zergatik dituzten azaldu nahi izan dute ere. “Beste herri batean pabilioi bat dugu, baina pandemia iritsi zenean, mugak itxi ziren, eta orain arte horrela egon dira. Arropa batera edo bestera ezin bidali ibili gara. Aspaldiko partez, joan den astean bidali genuen lehen edukiontzia”. Arbizun alokatutako azken pabiloira azken bi asteetan egunero bina kamioi iritsi dira eta hara kamioia sartzerik ez zuenez, palarekin sartu behar izan dutela ere argitu dute. Antza, kamioien Arbizurako etorria ez da errepikatuko. Eta mugak zabaldu direnez, haiek husten hasiko direla jakinarazi dute.
Gaineratu dutenez, Foruzaingoa, Guardia Civila eta Nafarroako Gobernua jakinaren gainean daude. “Ez dago inolako lege hausterik”, ziurtatu dute. Ziordian botatako arroparekin zerikusirik ez dutela ere argitu dute. Bi sakandarrek azaldu dutenez, “hondakinen kudeatzaile lizentzia eskuratzeko paper baten faltan gaude. Gure asmoa da dena berrerabiltzea eta ezer ez botatzea”.
Salaketa
Gurelurrek azaldu duenez, Ziordiko kasuan bezala, arropa ekartzen duen enpresa Astigarragako Ekotrade gipuzkoarra da. Zehaztu duenez, Tolosaldean gaika bildutako eta birziklatzeko arropa da oraingoan ere Arbizun agertu dena. Gurelurrek Guardia Civilaren Natura Babesteko Zerbitzuari, Sepronari, gertakariaren berri eman dio, “legez kanpoko isurketa horiek gelditzeko eta Sakanan isuritako arroparen tonak berehala kentzeko”.
Salatzaileen iritziz, “isurketen arduradunek, ingurumen-erantzukizunak izateaz aparte, erantzukizun penalak ere izan ditzakete; izan ere, birziklatzeko eta berrerabiltzeko ematen zaizkien arropetatik enpresa horrek legez kanpo egiten duen isurketarekin, beren zerbitzuak kontratatzen dituzten administrazioei iruzur egiten ari ahal zaie”. Gurelurreko ordezkariek gaineratu dutenez, “arropa ematen duten herritarrei ere iruzur egiten zaie, gezurra esaten baitiete ematen zaien xedearekin eta erabilerarekin. Ingurumen- eta gizarte-helburuetarako arropa emateko lana hartzen duten pertsonen sentsibilitatea zapaltzen ari dira”.
Gurelurrek, bestetik, gogoratu du Ziordian arropa duela urte eta erdi erretiratu gabe dagoela eta Ekotrade enpresaren "erabateko zigorgabetasuna" salatu du, gaineratuz, “Nafarroako Gobernua Sakana Gipuzkoan gaika biltzen diren arropen legez kanpoko zabortegia izatea baimentzen ari da”.