Bigarren urtez jarraian, pandemiaren eraginez, ez da Sandindei erromeria modu ofizialean antolatuko. Duela zenbait urte "sortu" zuten ospakizuna, Irune Ginea Mundiñano arbizuarrak gogoratzen duen bezala. Aurretik, ama birjiñaren hurrengo igandean, Zunpaateko Gurutzera erromeria egiten zuten, baina pixkanaka galdu zen. Duela 25 urte galduta zegoen. "Erromerian joaten zen, baina galdu zen. Igotzeko bidea txarra da". Zunpaateko Gurutzera igotzen zen, bertan meza egiten zen, eta ondoren jan, edan eta kantatzen zen. "Festa hura berreskuratzea pentsatu zen, eta oinez eta autoz joateko Sandindein egitea errazago zela pentsatu zen".
Arbizun lau borda daude: Herriko borda, Mezeriain borda, Artakabar borda eta, beheko basoan dagoena, herritik gertuena, Sandindei borda. Aralar mendizerraren magalean daude, eta laurak elkartzen dituen ibilbide bat dago ere. Herriko bordak abereak eta artzainak hartzeko tokiak ziren. Gaur egun, eginkizuna mantentzen dute, eta gehienbat mendian dauden abereak eta mendizaleak hartzeko tokiak dira.
Sandindei borda berezia dela esan daiteke: bordaren erdia abereak gordetzeko erabiltzen da eta beste erdia barbakoak eta abar egiteko. "Edozein arratsalde pasa edo egun pasa joan daiteke". Bere garaian, Nafarroako Gobernutik bordak berritzeko dirulaguntza jaso zuen Arbizuko Udalak, eta horren ondorioz egin zuten borda berria. Gineak azaldu duenez, barbakoak eta bertan egoteko txokoa herriko jendeak "borondatez" egin zituen.
Bordara iristeko, herritik "paseo polita" dago. Ez dago malda handirik, eta erraz iristen da. Herriko partzelaria hartu behar da, eta trenbide aldera jo behar da. Ondoren, zubi bat pasa behar da, baita trenbidea zeharkatzeko zubia ere. Dena eskubitara joan; ez dago bide gehiago. Basoan, bidea bukatzen denean, ezkerreko bidea hartu behar da. Herritik ordu erdi batera gutxi gorabehera dago Sandindei borda.
Erromeria
Aurten Sandindei abuztuaren 22an ospatuko litzateke, ama birjiña egunaren (abuztuak 15) hurrengo igandean, hain zuzen. Ofizialki antolatu ez bada ere, izanen da bordara bazkaltzera gerturako den arbizuarrik. Borda zabalik egon ohi da nahi duenak erabiltzeko, eta jendeak tokia errespetatzen duela esan du Gineak.
Aurreko egunetan Arbizuko Udalak bi gurdi jartzen zituen, bertan mahaiak eta festa egiteko gauzak eramateko. "Sanjuanetako mahaiak erabiltzen dira, eta udaleko langileek eramaten dituzte, eta gero jaisten dituzte". Barra bat jartzen zuten ere. Bordaren inguruan dena prest zegoenean, arbizuarrak erromerian igotzen ziren, trikitixen laguntzarekin. "Garai batean Axiok herri kirolak egiten zituen". Lan handia egin zuen Axiok herriko ospakizunak antolatzen eta bultzatzen, Gineak gogoratu duenez. Sandindein kuadrillan bazkaltzen zen, eta, ondoren, urdaiazpiko zozketa egiten zen. Ospakizunarekin amaitzeko, herrira jaisten ziren trikitixaren doinupean. Bidean bi edo hiru geldiune egiten zituzten, eta udalak ardoa ematen zuen.
Azken Sandindei erromeria 2019. urtean ospatu zuten, pandemia egoeragatik beste festa asko bezala bertan behera gelditu zelako aurreko urtean eta aurten. "Jende gutxi dago. Abuztua ez da data hoberena jende asko oporretara joaten delako".