2019ko irailaren 9an mustu ziren Arbizuko eskola berria. Herri erdian ikastetxe izandakoa hutsik gelditu zen. Eta harekin zer egin erabakitzeko, arbizuarren parte hartzea nahi du Arbizuko Udalak. Horretarako, prozesua martxan jarri du. Arbizuko parte hartze zinegotzi Maitane Intxaurraga Uribarrik azalpenak eman ditu.
Zergatik herriari hitza eman?
Iruditzen zaigulako aritzeko modu normala eta naturala izan beharko litzatekeela edozein instituzioetan. Eta are gehiago udaletxeetan, herritarrengandik hain gertu gaudelako. Gure programan jarri genuen gutxienez egiturazko erabakietan herritarren parte hartzea eta erabakiak sustatuko eta lehenetsiko genituela. Kasu honetan egiturazko erabaki bat dela iruditzen zaigu. Eskola zaharrak ditugu, eraikin horrekin zer egin erabakitzea garrantzitsua da Arbizu moduko herri txiki batendako. Are gehiago herri erdian kokatuta dagoenean, eta erabilera publikorako hain toki gutxi daukagunean.
Beste noizbait halakorik egin da Arbizun?
Udaberrian herri galdeketa egin genuen estalope bat jartzeko. Bi galdera izan ziren: estalopea behar genuen edo ez. Gehiengoak baiezkoa bozkatu zuen. Eta orduan bi estalope aukera eman genituen. Informazio hori guztia partekatu ondoren, arbizuarrok herri galdeketan parte hartzeko aukera izan genuen. Eta erabaki genuen estalopea nahi genuela, eta zein estalope klase nahi genuen.
Nolakoak dira eskola zaharrak?
Interesgarria da. Batez ere herri erdian dagoelako. Irisgarria delako. Planta bakarra da. Argitsua. Obra gutxi eginda aukera handiak ematen dituela iruditzen zaigu.
Erabilera publikoa eman nahi diozue.
Bai, herritar guztiendako irekita dagoen eraikin bat izatea nahi genuke. Hori nola gauzatzen den? Ea parte hartze prozesuan zein ideia ateratzen diren, eta nola gauzatzen diren.
Zein metodologia izanen du parte hartze prozesuak?
Lehendabizi ideia bera herritarren artean landu behar da. Pixka bat luzeagoa izanen da eta parte hartze aktiboagoa eskatuko du. Ahalik eta herritar gehienak parte hartzera animatu nahi genituzke. Denon arteko iritziak biltzen dituen proiektua nahi genuke. Hasteko, aurkezpen bat egin dugu etxetara oharra bidaliz, www.arbizu.eus webgunearen eta sare sozialen bidez zabalduz. Gaur, 18:30etik 19:30era, eta bihar, 11:30etik 13:00etara, eskola zaharrak bisitatzeko aukera egonen da. Ate irekien jardunaldia eginen da, jendeak eraikinak zein aukera ematen dituen ikus dezan. Heldu den astean etxeetara inkesta pasako dugu. 16 urtetik gorakoek paperean edo on-line erantzuteko aukera izanen dute. Bakoitzak dituen ideiak jasotzea nahi genuke: eraikin hori zertarako erabili daitekeen, nola…
Eta inkestekin, zer?
Parte hartze prozesuetan aditua den Elhuyar enpresa kontratatu du udalak. Hark gidatutako talde eragilea dago. Bertan bi zinegotzi gaude: Aitziber Arbizu Garmendia eta ni. Eta herritar gisa Katrin Gineak parte hartzen du, kulturgintzan, dinamizazio lanetan, komunikazioan-eta eskarmentu handia duelako. Talde horren funtzioa da parte hartzea erraztea eta behar diren lanak egitea. Elhuyarrek inkestekin laburpena eginen du eta hura herri batzar handi batera eramanen dugu. Lastailaren 23an izanen da, frontoian. Elhuyarrek planteatuko duen metodologiaren bitartez ideia nagusiak landuko dira. Eta ikusiko dugu ideia orokor baten inguruan adostasuna lortzen trebe garen. Hala bada, hori izanen da udalak garatuko duena, ahalik eta azkarren. Bizpahiru ideia edo gehiago baleude, orduan herri galdeketa eginen genuke. Eta erabakia izanen litzateke gero udalak garatuko lukeena.
Proposamen guztiak ez dira egingarriak izanen.
Jakina, hor Guggenhein bat ezin da egin. Horrelako proiektu bat sustengatzeko dirurik ez dugu. Zeren kontua ez da egitea, denboran sustengatuko den proiektu bat izan behar du. Taldearen lana da ideia guztiak jasotzea, eta ideia nagusiak aurkeztuko dira.
Zein premia ditu Arbizuk?
Udalean ikusi dugun premia nagusia da jendea biltzeko, hainbat jarduera egin ahal izateko espazio bat edukitzea. Ikus-entzunezkoak, zinema, antzerkia, ikastaroak… Gaur egun gauza horiek guztiak udaletxeko areto nagusian egiten saiatzen gara. Besterik ez daukagu. Txiki gelditzen da. Bakarra da. Ezin dira bi ekintza batera egin. Ikus-entzunezkoendako ez dago prestatuta. Mugatuta dago. Eskola zaharrak aukera ematen du espazio handi bat egiteko. Baita espazio mugikorrak sortzeko, handitzeko, txikitzeko. Guk hori ikusten dugu. Baina ikusi beharko da herritarrek premia bera duten edo ez. Guri prozesu honetatik gehien inporta zaiguna da zenbat herritarrek parte hartzen duten. Ea gai garen herritarrak aktibatzeko eta gure herriko gauza garrantzitsuetan erabakitzeko aletxo hori jar dezaten. Beraz, arbizuar guztiak parte hartzera animatzen ditugu.