Isiltasuna eta naturaren soinuak Iñigoren konbertsioaren lagun dira. Imanol Rayo Barandiaran zinemagile arbizuarrak horrela trasnmititu du Ignazio Loiolakoaren esperientzia. Proiektuan lagunak izan ditu ondoan: Javier Godino antzezle bakarra (Iñigo), Javier Agirre Erauso argazki zuzendaria eta Lamia Producciones ekoiztetxeko Iker Ganuza Taberna. 2020. urteko konfinamenduan bururatutako lana da, eta, margolari inpresionistek egiten zuten bezala, "etxetik atera" eta bertan grabatu zuen: Arbizun. Ignazio Loiolakoaren Konbertsioaren bostehungarren urteurrena da, eta gaur, irailak 27, astelehena, Loiolan mustuko dute Iñigo filma. Dagoeneko sarrerak agortu dira.
Nola ezagutu zenuen Ignazio Loiolakoaren figura?
Herri kulturan oso ezaguna da. Zer esanik ez, berak sortutako Jesusen Lagundiak humanismoan izan zuen eragina erabakigarria izan zen. Errenazimenduaren garaiaz ari gara. Kontuak kontu, beti egon da kondaira asko lehen jesuiten inguruan: Ignazio Loiolakoa, Frantzisko Xabierkoa, Pierre Favre, Simao Rodrigues… Postmodernismo garai honetan hain modan dauden supertaldeak direla eta, Lagundia historiako lehen supertalde intelektuala dela esan daiteke.
Zerk erakarri zizun? Zergatik berari buruzko film bat egin?
Jesusen Lagundia sortu zutenean Parisen, taldeak Veneziarako bidaia egin zuen, negu gorrian, lehen ekintza esanguratsu bezala. Nire lehen asmoa bidai hori filmatzea zen. Bidai horretan, Iñigo falta zen, Azpeitira itzuli behar izan zuelako. Venezian elkartzea adostu zuen. Arazo bat zuen bidai hori filmatzeak: nola hitz egiten dute elkar hain lurralde desberdinetako jendeak? Zer jokabide dute? Irteerarik gabeko bidegurutze bat zen eta, azkenean, oso erakargarria izan arren, ideia bertan behera utzi nuen. Modu batean edo bestean, filmak bidai horretan egon ez zen pertsonai bakarrean zentratzea eskatzen zidan, proiektu hori guztia sortu zuen pertsonan: Iñigo. Are gehiago, beraren bizitzako une esanguratsuenetako batean finkatzea; konbertsio edo bihurketan. Honek zinematografikoki gauza erakargarri asko zituen: Pertsonaia bakar batean zentratzea. Barne bidaia proposatzen duenez, nahitaezkoa zen elkarrizketarik ez izatea. Isiltasunaren ingurua sortu beharra zegoen. Naturaren soinuak; naturaren protagonismo soila. Georges Bernanosen esaldi famatua hartu nuen abiapuntu: "Lehen urratsa barrurantz eta isilean ematen da".
Nola bururatu zitzaizun?
Aurretik ideia pixka bat suspentsoan utzi nuen. Bat-batean konfinamendua iritsi zen. Honek zer pentsaraztea eman zidan. Orain dela bostehun urte gertatutakoa burura ekarri zidalako. Ignazio Loiolakoa, Barojak zioen moduan, ekintza pertsonaia peto-petoa zen. Bere garaiko baldintza sozioekonomikoan kokatutako pertsonaia tipikoa: gentilgizona, gerraria… Iruñeko batailan hanka apurtu, eta sendatu ahal izateko Loiolako dorretxean hilabeteak geldirik egotera behartuta egon zen. Ekintza pertsonaia batentzat erritmo aldaketa ikaragarria zen. Zer esanik ez, honek berarengan izan zuen eragin psikologikoaz. Bostehun urte ondoren gizarteari antzeko zerbait gertatu zaio: Eguneroko azkartasunean finkatuta, pandemia bat dela eta etxean giltzapetuta egotera behartu izan da. Paralelismo hori izan zen filma momentu batetik bestera aktibatzeko detonatzailea. Nirekin lan egiten duten, Javier Agirre Erauso argazki zuzendari eta Javier Godino antzezle, ohiko kideei deitu nien eta ideia kontatu nien. Filma gerrilla moduan egiteko planteatu genuen, baina goi mailako baliabide teknikoekin, alde plastikoa oso garrantzitsua zelako. Eta horrela gauzatu da. Posprodukzioan Iker Ganuza filmaren ekoizle sartu da, eta sendotasuna eman dio proiektuari.
"Filman Iñigoren barne konbertsio hori harrapatzea zen nire interesa"
Zein da helburua?
Barne aldaketa hori harrapatzea zen nire interesa. Zinemak denboraren islatzean du ardatza. Kanpoaldetik ikusita konpas geldoa duen ekintza batek ez du zerikusirik une berean pertsona baten barnean jarduten den konpas frenetiko edo barne gatazkarekin. Azkenean, ideia hau garai guztietan indarrean dagoen kontzeptua da. Honek galdera nagusira eramaten gaitu: zer ematen du norbanako batek bizimoduz erabat aldatzera? Ez dago erantzunik. Artearen papera galderak egitea da, ez erantzunak ematea. Bakoitzak bere barne hausnarketa egin dezake, eta esperientzia pertsonalarekin osatu behar du.
Zein zen Jesusen Lagundiarekin zenuen harremana?
Ez nuen beraiekin kontakturik. Filma erabat independentea da. Prestatzen hasi nintzenean beraiekin kontaktuan jarri nintzen jakinaren gainean egon zitezen. Baina argi zegoen filma librea zela. Proiektua nola begirada. Pertsonala. Kasualitatea edo ez, aurten konbertsioaren 500 urteurrena ospatzen du Lagundiak eta filma amaituta erakutsi ondoren, ekitaldien barne programatzeko oso aproposa zela ikusi zuten. Beraien ideia izan zen Loiolako basilikaren barruan zine aretoa antolatzea eta bertan estreinatzea. Orain arte erabat ezohikoa den zerbait izango da estreinaldia: 30 metro koadroko pantaila batekin eta soinu diegetikoak bertako kupuletan izango duen erreberberazioarekin performance itxura emango dio. Nolabait emanaldian filma berak bizia hartuko du, eta 500 urteko zirkulu bat itxiko du.
"Bostehun urteko zirkulua itxiko du"
Nolakoa izan da filmazio prozesua? Erronka izan da?
Konfinamendutik ateratzen utzi ziguten lehen egunean buruan nituen dagoeneko filmaketa lekuak. Loiolako dorretxe barneko uneetaz aparte, argi neukan kanpoalde guztiak, filmaren %90, Arbizun egingo nituela. Sakanan. Duela 500 urte gaur egun hain industrializatuta dagoen Urolako eskualdeak izango zuen irudia nahiko gerturatzen dela iruditu zait beti. Ezusteko handiagoa izan zen, konfinamenduko hilabeteetan naturak bere eremua berreskuratzen hasi zelako, eta dena erabat basati aurkitu genuelako, behar genuen moduan. Filma gehiena Arbizuko Leziza errekan eta Zizkerteko eremutan filmatuta dago. Guzti honetan badago margolari inpresionistek zuten jokabidearen tendentzia apur bat ere: etxetik atera eta han bertan margotzen hasi.
Zer suposatzen du Loiolako basilikan mustutzeak?
Nire hirugarren filma da, eta, nolabait, aurreko bien hainbat planteamendu estetiko muturrera eramaten ditut. Horregatik, garrantzitsua zen niretako ohizko plazaratze bideetatik irtetea; nire kasuan, festibalak. Beti dago halako produktuaren predestinazio bat eta filma erabat libre egin dugunez, honen erakusketa modua ere erabat ezohikoa behar zuen. Logika aldetik zentzu guztia dauka.
Ez da film komertzial bat. Loiolakoa emanaldi bakarra izan daiteke. Zer ibilbide izan dezake filmak?Etorkizunak dakarrena. Egia esan, ez dugu ezer pentsaturik. Ez da komertzialki zinema aretoeta erakutsiko. Eskatzen duten lekutan ematea baloratuko dugu, baina emanaldi garrantzitsua estreinaldikoa da. Pelikularen helmuga dela esan daiteke. Hortik aurrera, auskalo. Datorrena datorrela.