Lehenengo uzta ona atera dute eta dagoeneko sasoi berrirako prestatzen ari dira baratzea
1. Zergatik herri baratze bat izan?
Betidanik gustatu izan zait baratzea, baina egia esan ez dut inoiz aukera eduki horrelako lurrik edukitzeko. Gasteizen bizi izan naiz, eta hona etorri naiz, gurasoen herrira. Orduan, aukera gutxi lurra izateko. Osabek eta badute. Gustatzen zait, eta ingurune hezkuntzan lan egin izan dut ere, eta bertan baratze bat genuen. Sentsibilizazio handia dut baratzekiko.
2. Nola jakin zenuen Arbizun aukera hau zegoela?
Udalak publiko egin zuen. Buzoneoa egin zuen, Whatsapp talde bat daukagu, eta hor ere abisatu zuten. Aurretik ere udal programan bazetorren. Baratze ekologiko komunitarioen asmoa aspaldidanik neukan irakurria. Aurten zinegotzi bati galdetu nion, eta berehala buzoneoa hasi zuten eta prozesua hasi zen.
3. Zein izan da prozesua? Zer egin behar izan duzue eskatzeko?
Baldintzak ziren arbizuarra izatea eta lurrik ez edukitzea. Horrela gara denak, jakintza gutxi baina gogo asko! Maiatzean lehenengo buzoneoa egin zuten eta abisatu zuten izena ematea herriko etxean egin behar zela. Bilera batera deitu gintuzten zozketa egiteko. Partzela desberdinak direnez, lurra desberdina denez, zozketa egin zuten. Egia esan, izena eman genuen denak hemen gaude; hamabost bat. Urtero kuota bat ordaindu behar dugu, eta bost urterako eman digute. Jende gehiago apuntatzen bada gu atera beharko gara, eta jendea joaten bada beste batzuei emango diete.
4. Partzela guztiak berdinak dira, ezta?
Uste dut esan zutela 60 metro karratu dituztela. Itxuraz gehiago ematen dute, egia esan. Baina lurra desberdina da. Hau Kale Nagusiko obra egin zutenean hondakin horiek guztiak hona botatzeko erabili zuten. Orduan, toki batzuetan gehiago landu behar dugu harri gehiago daudelako. Baina ez gara kexatuko.
5. Maiatzean prozesua hasi zuten, udarako justu.
Maiatza amaieran eman ziguten eta aste horiek izan ziren… denak topera!
6. Nola jakin duzue zer eta nola landatu?
Gure artean galdezka eta dakienari galdezka. Osabak asko lagundu dit. Nekazal dendetan ere joaten zarenean gomendioak ematen dizkizute. Hemen zer jarri, zein den bakoitzarendako garai onena...
7. Nolakoa izan da lehenengo uzta?
Baratzean elkartu garenean eta elkarri galdezka aritzen ginenean esaten genuen: lehenengo urtea da, aurten proba, eta hobetzen joango gara. Baina egia esan oso gustura gaude lortutako uztarekin. Zer esker onekoa den baratzea.
8. Zer landatu duzue?
Gehienok antzeko: babarrunak, tomateak, tipulak, porruak geroxeago, kalabazina, kalabaza… hemengo baratzeetan ikusten dena. Nire aldamenekoa marokoarra da eta beraiek erabiltzen dituzten belar batzuk ere landatu dituzte, zilantroa eta horrelakoak. Horrela ikusten duzu ere gauza desberdinak nola landatzen diren. Gure esperientzia eta jakintza kontuan hartuta uzta nahiko ona izan da.
9. Zenbat denbora eskaintzen diozue baratzeari?
Denetarik dago. Batzuk gutxi, eta nabaritzen da. Baina gero, egia esan, jaso dituzte gauzak. Bakoitzak bere egoera pertsonala dauka. Uda nahiko lehorra eta beroa egin duenez, gauean jende dexente elkartzen ginen ureztatzen. Bi baratze artean udalak ur toma bat jarri du. Eskuz egin behar da. Udalak jarri zuen baldintza bakarrenetarikoa erabiltzea izan zen. Bestela, kenduko dute.
10. Zer du baratze bat izateak?
Nik betidanik nahi izan dut. Gozada bat da. Nire unetxo hori zen. Egoeraren araberakoa da. Egun guztia haurrekin pasa ondoren hona etortzen nintzen ureztatzera eta nire momentutxoa zen. Gero ikustea lurrak ematen dizuna ere. Ikasketa bat da: lurra, landareak… Eta gainera uzta jasotzen duzu eta hori jaten duzu. Umeentzako ere oso aberasgarria da. Nire alabak gustura etortzen dira eta ikasten dute. Txikitatik jasotzen ari dira.
11. Udazken eta negurako prest?
Bai, hasi gara. Azen familiako horiek guztiak, babak, eskarolak… Orain agian bajoi pixka bat ematen du, ez da udako lasaitasun hori, baina guk ongarritu nahi dugu eta baratzeari bizitza pixka bat eman.