Nerepek ahots berezia dutela diote. Betidanik etxean amaren gitarra izan du, eta gitarra jotzen ikasteko "txirrinta" piztu zitzaion. Amak hiru akorde erakutsi zizkion, "baina literalki", eta horrekin hasi zen Nerea Perez Barbarin arbizuarra abesten. "Internetetik bertsioak ikasten nituen. Pixkanaka akorde gehiago ikasi nituen. Lehenagotik idazten nuen, eta idatzi horiekin nire lehenengo abestia sortu nuen". Baina ez zion inori erakutsi. "Gero lotsa pixka bat kendu nuen, eta lagunen artean jotzen hasi nintzen". Orain arte. Larunbatean, Arbizuko udazken azokaren egitarauaren barruan, emanaldia eskaini zuen.
Duela hiru urte hasi zen gitarra jotzen, "2018ko urrian", eta bere lehenengo kontzertua eskaintzera joan den urteko martxoan ausartu zen. Pandemiaren aurretik. Donostiako gaztetxe batean izan zen, "lagunak zirelako. Donostiako lagun bat daukat eta berak bazekien abesten nuela. Animatzeko eta kontzertua eskaintzeko esan zidan". Ondoren, konfinamendua etorri zen. Baita bigarren kontzertua ere Lizarran. "Baina Donostia eta Lizarra zirelako, bestela ez nuke joko". Sakanan abestera "orain" ausartu da Nerepe. "Ordura arte ezagunek ikustea lotsa handia ematen zidan".
Ahotsarekin bat
"Nik uste ikasi nuen lehenengo abestia Lau teilatu edo horrelako zerbait izan zela. Abesti horren akordeak hartuz nire lehenengo abestia sortu nuen. Bigarrena ere antzeko akordeekin egin nuen". Baina abesti horiek ez zituen erakusten. "Duela hiru kontzertu edo erakutsi nituen". Abesti propioak eta berriak zirenez jendeak ez zituen ezagutzen, "eta lotsa ematen zidan". Abestiek ere "ez dituzte jai giro handia" sortzen azaldu du. "Baina orain pare bat jotzen ditut".
Inspirazioa "emozionalki gaizki" dagoenean iristen zaiola aitortu du Nerepek. "Orduan, beti idazten ditut gauza nahiko ilunak. Nire bizipenen metaforak eta horrelakoak". Idaztea barrukoa kanporatzeko modu bat bezala hasi zen: "Beti kostatu zait jendeari nire sentimenduak adieraztea. Gusturago gelditzen nintzen eta barrua zabaltzen nuen idaztearen bidez". Gitarra jotzen hasi zenean, letra horiek abesti bihurtu zituen. "Horri esker orain lortu dut jendearekin gehiago hitz egitea eta emozionalki irekitzea". Garapen pertsonalean aldaketa nabaritu du.
Abestiak sortzen jarraitzen du, baina azken aldian gutxi idatzi duela aitortu du Nerepek: "Denbora pila bat daramat ideiarik gabe, egia esan". Benetan gogoa duenean sortzen du; "krisialdi bat" edo barrutik ateratzen zaionean idazten du. "Ez dut esaten: hilabete honetan idatzi behar dut. Ez".
Unidad Alavesa, Berri Txarrak, Katamalo, Fondo Flamenco… "Alde batetik bestera joaten naiz". Gustuko duen musikaren bertsioak egiten ditu, eta mota askotako musika gustuko duenez, "denetarik jotzen dut. Nire ahotsarekin ongi gelditzen dena". Nereperen emanaldietan, beraz, "betiko bertsioak" entzuteko aukera dago. Azken bi kontzertuak, hain zuzen, Arbizun eskaini zuen. "Askok flipatu zuten ez zutelako espero".
Nerepe oso gaztea da, aurten 20 urte beteko ditu eta ikasten ari da. Baina musikaren munduan jarraitzea nahi du. "Ikaragarri gustoko. Ez daukat ezer aurreikusita, baina gustatuko litzaidake denetarik probatzea". Talde batekin hastea, "bakarrik banago askoz gehiago kostatzen zaidalako ateratzea", edo estilo berriak probatzea, "eta ez bakarrik gitarrarekin jotzea". Etorkizuna badu.