Lau eta Erdiko final laurdenetako ligaxkako 2. jardunaldia dago jokoan eta Joseba Ezkurdiak jada hanka eta erdia baino gehiago du finalerdietan, larunbatean Mikel Urrutikoetxeari 22 eta 15 irabazi eta gero. Orain arte jokatutako bi partidak irabazi dituenez, gaur Tolosan Lasok Jakaren kontra garaipena lortuz gero arbizuarra finalerdietarako sailkatuta legoke, datorren asteburuko 3. jardunaldian zer gerta ere.
Larunbateko Labriteko giro ederrak mesede egin zion Joseba Ezkurdiari eta arbizuarra oso ongi aritu zen. Lehen tantoetan parez pare aritu ziren Ezkurdia eta Urrutikoetxea, baina arbizuarrak sakeari eta abiadurari etekin handia atera zion eta 3 eta 12ko aldea ateratzea lortu zuen. Urrutikoetxea gerturatzen saiatu zen, eta 11 eta 16 hurbildu zitzaion Ezkurdiari, baina arbizuarrak ateratako aldea ongi kudeatzen jakin zuen eta garaipen handia lortu zuen, 15 eta 22, eta finalerdietan egoteko pausu handia eman zuen. Arbizuarra nagusi izan zen esparru guztietan, 218 pilotakada eta 52 minutuko iraupena izan zuen partidan.
“Sentsazioak oso onak dira; hankez arin nago, eta buruz sendo. Ea horrela jarraitu dezakedan” aipatu zuen Ezkurdiak partida bukaeran.
Esan bezala, gaur, astelehena, Tolosako Beotibarrek Lau eta Erdiko ligaxkako 2. jardunaldiko azken partida hartuko du, Erik Jakak eta Unai Lasok jokatuko dutena. Lasok irabazten badu, Ezkurdia automatikoki finalerdietarako sailkatuko da.
Bakaikoak ezin izan zuen Zabalaren kontra
Larunbateko Labriteko jaialdia ixten zuen partidan Promozioko Lau eta Erdiko ligaxkako 2. jardunaldia jokatu zuten Joanes Bakaikoak eta Javier Zabalak. Biak lehen jardunaldia irabaztetik zetozen, eta bigarren puntua lortu nahi zuten. Partida oso lehiatuan, Zabala Bakaikoa baino finago aritu zen eta, azkenean, 12 eta 22 gailendu zen. Finalerdietara sailkatu ahal izateko, etxarriarra asteburuan jokatuko den 3. jardunaldiko partidan garaipena lortzera derrigortua dago.