Astekaria

"Hiru Haundietako hirugarren postuak poztu nau gehien"

Maider Betelu Ganboa 2021ko urr. 27a, 14:00

Ander Erice HIru Haundien helmugan, Araian, hornidura guneetan lagundu zuen lehengusua besarkatzen. UTZITAKOA

Hiru Haundiak ultra trailean hirugarrena sailkatu zen ekainetik Arbizun “oso gustura” bizi den Sakana Bizirik taldeko Ander Erice Tornaria mendi korrikalariak

Sekulako denboraldia egin du Ander Erice Tornariak. Uztailean bigarren sailkatu zinen BUTS-eko 2. etapan, Gasteiz-Iruñean (130 km), irailean bigarren Ultra Trail Montaña Palentinan (74 km) eta urriaren hasieran hirugarrena Hiru Haundietan (101 km).

Barañaindik Arbizura etorri zara bizitzera.
Neska lagunak Gasteizen lan egiten du eta nik Ultzaman. Iruñean bizi ginenez, bikotearendako nekeza zen, eta erdibideko herri batera etorri nahi genuen. Udak eta asteburuak Madotzen pasa izan ditut beti, amaren familia bertakoa delako, eta Larraun eta Sakana oso gustuko ditut. Sakana Bizirik mendi lasterketa taldean 8 urte inguru daramatzat, eta bertako kideak ezagutzen ditut: Alatz Agirre, Aritz Ganboa, Aitor Salinas, Munarriztarrak… Alatzek aipatu zidan Arbizun etxe bat salgai zegoela, hura erosi eta hona etorri ginen. Eta, egia esan, oso gustura gaude. 

Sakana Bizirik taldekoa zara. Sakanarekiko lotura, beraz, aspaldikoa da. 
Ni mendi lasterketetan Gorka Santesteban etxarrendarraren bitartez hasi nintzen. Hasieran mendi martxak egiten nituen –Sakanako Ibilaldia eta Hiru Mendi Zerrak izan ziren lehenak–, eta testuinguru horretan ezagutu nuen Gorka. Batzuk mendi martxak korrika egiten zituztela ikusi nuen, eta Gorkak mendian korrika hastera tentatu ninduen. Duela 9 urte inguru hasi nintzen, eta gustura. Sakana Bizirik taldea sortu zenean Gorkak galdetu zidan ea eurekin taldean hasi nahi ote nuen, eta Sakanan gehien entrenatzen dugunez, Aralarren eta Beriainen, ez nuen zalantzarik izan. 

“Aralar eta Beriain entrenatzeko gozamen hutsa dira. Beti hemen entrenatu izan dut”

Aurten maila bikaina eman duzu ultra trailetan. Agerikoa da distantzia luzeetan hobeki moldatzen zarela. 
Ultra Trailak gustukoago ditut eta hobeki moldatzen naiz. Nik urtea horrela planteatzen dut: denboraldi hasieran lauzpabost mendi maratoi erdi inguru egiten ditut, txispa hartzeko –esaterako, Galarko eta Jurramendiko lasterketak, Berastegiko Negu Traila, Riglosko Traila, Urdazubiko kontrabandisten lasterketa, 2019an bigarren izan nintzena...–, eta gero lasterketa luzeagoekin hasten naiz. Leitzako Euskal Herriko Erronka (67 km) oso gustuko dudan proba da. Eta gero ultra trailak egiten ditut, urtero hiru edo lau. Aurten aipatu dituzun hiru ultra trail horiek egin ditut eta oso pozik nago egindako lanarekin. 

Bi bigarren postu eta hirugarren bat. Kaxoi gorenera igotzea da falta zaizun bakarra. 
Bai, hori da (kar, kar…). 

Zein emaitzak poztu zintuen gehien?
Hiru Haundiak ultra trailekoak (101 km, 5.100 desnibel +). Izan ere, nire bizitzan egin nuen lehendabiziko ultra traila Hiru Haundiak izan zen, 2014an. Gorbeia, Anboto eta Aizkorri lotzea eta 100 kilometro osatzea sekulakoa iruditzen zitzaidan, eta proba bera bukatzea, oso handia. 14 ordu eta erdi behar izan nituen, eta uste dut lasterketa bat bukatzerakoan sentitutako pozik handiena egun horretakoa izan zela. 2016ko edizioa 13 ordu eta 15 minututan bukatu nuen, eta aurten 12 orduren bueltan egitea aurreikusten nuen. Azkenean denbora jaitsi nuen (11:44:28), eta hirugarren sailkatu nintzen. Oso pozik. 

Horren ongi aritzea espero al zenuen?
Lasterketa luze batean gauza asko gerta daitezke: urdailean arazoak izan, kalanbreak… denetatik. Nik lehen urdailean arazo asko nituen, baina denborarekin eta esperientziarekin orain badakit zerk egiten didan ongi eta zer ez dudan hartu behar. Ultra trailetan oso gutxi jaten dut, soilik behar beharrezkoa dena, menbrilloa eta halakoak, berehala digeritzen direnak, urdailak ahalik eta gutxien lan egin dezan. Bestalde, esperientziarekin ere behar bezala entrenatzen eta atseden hartzen ikasten duzu, zure gorputzak eskatzen dizuna. Aurten oso ongi ikusten nuen nire burua, BUTS-en eta Palentinan lasterketa onak egin nituen, baina, hala eta guztiz ere, lasterketa luze batean ez dakizu nola aterako diren gauzak. Modu positiboegian pentsatzea edo espektatiba gehiegi izatea ez da ona, edozein arazoren aurrean behera egin dezakezulako. Ni nire lasterketa egitera ateratzen naiz, ahalik eta denbora onena egitera, eta postu ona lortzen badut, hobe. 

“Gauza asko alde batera utzi behar izaten ditugunez, emaitzak daudenean gehiago baloratzen ditugu”

Baina aurrean zeundela bazenekien. 
Bai. Aurreko astean asko deskantsatu nuen eta fresko nengoen. Gorbeia lehendabizi igo nuen. Boskote bat geunden buruan, eta Julen Martinez de Estibarizek ihes egin zuen. Euskal Selekziokoa da, makina hutsa, eta berak irabazi zituen Hiru Haundiak (11:13:30). Atzean laukotea geratu ginen. Orisolen ongi ikusi nuen nire burua, estutu eta aurrera egin nuen, baina 80. kilometro inguruan atzetik zetorren Aser Arzak aurreratu ninduen –Montaña Palentinan ezagutu nuen, berak irabazi ninduen (9:08:01) eta ni 10 minutura sartu nintzen (9:18:52)–, eta bigarren iritsi zen Araiako helmugara  (11:36:14). Ni izan nintzen hirugarrena (11:44:28). Honetan ordu asko sartzen ditugu eta gauza asko alde batera uzten ditugu; beraz, emaitzak daudenean gehiago baloratzen dituzu. 

Maite Maiora izan zen ere Hiru Haundien protagonista, sailkapen absolutuan bosgarrena sailkatzeaz gain emakumezkoen errekorra ordu erdian apurtu zuelako (12:09:39). 
Bai, ikusgarria izan zen. Maite Maiorak nazioarte mailan sekulako maila du eta Hiru Haundietan egindakoa da horren adibide. 

BUTS-eko (Basque Ultra Trail Series) 2. etapa, Gasteiz eta Iruñea artekoa, berezia izango zen, ezta? Mendi lasterketa batean Gasteiztik irten eta Iruñera iritsi…
Bai, oso berezia. Hasieran ez nuen horren polita izango zenik pentsatzen. 130 kilometrotan 6.000 metroko desnibela du, horren luzea izateko ez hainbeste. Hau da, gorabeheratsua da, baina nahiko laua, eta ongi zetorkidan. Urbasa gurutzatu, Beriain Unanutik igo, Ollora iritsi… oso polita izan zen. Bigarren sailkatu nintzen (16:32:29), Owen Davies irabazletik ordu erdira (16:02:08). 

Arbizura bizitzera etorri zarenetik entrenamendu guneak aldatu behar izan dituzu?
Ez, lehenago ia beti hona etortzen ginelako. Baina orain hona autoz etorri beharrean, etxetik korrika atera eta iristen naiz, eta hori askoz hobea da. Aralar eta Beriain entrenatzeko gozamen hutsa dira. 

Entrenatzeko, bakarrik edo norbaitekin?
Lasterketa oso konkretuak prestatzen ari naizenean, bakarrik, entrenamendu espezifikoagoak direlako, bestela jendearekin, bakarrik joatea monotono egiten delako. Aurreko egunean Alatzekin hitz egin nuen elkarrekin Dantzalekura etortzen hasteko, pistetan serieak egitera. 

Zeintzuk dira zure hurrengo erronkak?
Aurten ez nuen beste lasterketarik egitea aurreikusten, baina bikotea, Arantzazu Perez de Arenaza, lesio batetik atera berri da, entrenatzen hasi da eta lasterketa batean aritu nahi du. Hortaz, abenduaren 12an Rigloseko Mallos Trailean parte hartuko dugu biok (35 km). 2019an bigarren izan nintzen proba horretan. Arantzazuk ere gustukoago ditu proba luzeak; 2016an bigarren sailkatu zen Hiru Haundietan. 2018an Baigorriko Euskal Trailean (130 km) elkarrekin aritu ginen, eta bikote mistoetako txapelketa irabazi genuen. Bestalde, datorren urteari begira, BUTS-eko 3. etapa egin nahiko nuke maiatzean, Iruñea eta Donostia artekoa (120 km), aitaren herritik, Larunbetik, pasatzen delako; uztailaren hasieran Ehunmilak egiteko asmoa dut, eta Montblanceko Ultran parte hartu ahal izateko dortsala lortzen saiatuko naiz. 2016an egin nuen, baina orain sasoi hobea dut eta berriro probatu nahiko nuke. Dortsala lortzea zaila da, mendi lasterketek geroz eta zaletasun gehiago dutelako eta korrikalari gehiago gaudelako. Bestalde, orain arte Hiru Haundiak lasterketa Manuel Iradier mendi taldeak antolatzen zuen, bi urtero, baina badirudi Gasteizko Ironmana antolatzen duen Ascentium enpresa antolakuntzan sartu dela ultra traila urtero egin ahal izateko. Datorren urtean egiten badute, ez dakit parte hartuko dudan.