Ezkurdia partida guztiak irabazita iritsiko da finalerdietara

Guaixe 2021ko urr. 25a, 11:30
Ezkurdiak Jaka ederki estutu zuen. ASPEPELOTA.EUS

Jakaren kontrako partida gogorrean 22 eta 20 gailendu zitzaion arbizuarra Lizartzakoari

Lau eta Erdiko hasierako ligaxkako hirugarren eta azken jardunaldia jokatu zen atzo, igandea, Eibarko Astelenan. Joseba Ezkurdiak Erik Jaka izan zuen aurkari txapelketara begira erabakigarria ez zen partidan. Izan ere, Ezkurdia dagoeneko finalerdietarako sailkatuta zegoen, eta inolako aukerarik gabe Jaka. Horregatik, agian, ikusle oso gutxi bertaratu ziren Astelenara, baina bertan bildu zirenek gozatu ederra hartu zuten, Ezkurdiak eta Jakak 232 pilotakada eta 46 minutuko iraupeneko partida ikusgarria eskaini zutelako.

Izan ere, joan den urteko Lau eta Erdiko Txapelketan Erik Jakak Joseba Ezkurdia kaiolatik kanpo utzi zuen finalerdietan. Arbizuarrak arantza hori kendu nahi zuen atzoko partidan. Bestetik, joan den urteko finalistak, Jakak, aurtengo txapelketa gutxienez garaipena batekin despeditu nahi zuen. Hortaz, dena ematera atera ziren kantxara bi pilotariak. 

Partida gogorra eta oso lehiatua izan zen lehen unetik, bi pilotariak parez pare ibili zirelako. Ezkurdia 10 eta 2 aurreratu zen, baina Jakak ez zuen behera egin, sakea berreskuratu eta erasokor hasiz, 11ra berdintzea lortu zuen. Sakea eskuratuta, Ezkurdiak bost tanto egin zituen segidan, eta atzera ere aldea hartu zuen, baina Jakak egindako takada ederrari esker, 16 eta 17 aurreratu zen lizartzarra. Eta hortik aurrera bizi izan ziren partidarik unerik eder, lehiatu eta estuenak. 20ra berdindu eta gero, sakea berreskuratu zuen arbizuarrak eta hurrengo bi tantoak bereak izan ziren. Bi pareta ikusgarri batek garaipena eman zion arbizuarrari. Finalerdietara sentsazio onekin iritsi nahi zuen arbizuarrak, eta lortu du. 

Bengoetxea edo Altuna
Gaur, astelehen arratsaldean Lau eta Erdiko hasierako ligaxkako hirugarren jardunaldiko azken partida jokatuko dute Bengoetxeak eta Altunak Tolosako Beotibarren. Asko dute jokoan, finalerdian Ezkurdiaren kontra aritzeko txartela lortzea, hain zuzen. Altuna da faboritoa, baina Oinatz Bengoetxeak argi du hau bere ibilbideko azken txapelketa izan daitekeela eta duen guztia emango du finalerdietarako sailkatu ahal izateko. 

Joanes Bakaikoa, irabaztera
Tolosako Beotibarko jaialdia zabalduko duen partidan Promozioko Lau eta Erdiko Txapelketako hasierako ligaxkan Joanes Bakaikoak Salaberria izango du aurkari. Finalerdietara sailkatzeko irabazi beharra du pilotari etxarriarrak, eta ea zortea alde duen.