Eraikinean bertan egindako batzarrarekin despeditu zen lastailaren 23an Arbizuko Udalak eskola zaharren inguruan erabakitzeko bulkatutako parte hartze prozesua. Batzarrera joan ziren guztiak talde txikitan banatu ziren, eta planoak eskutan, aurrera-atzera ibili ziren eraikinean, aukera eta erabilera posibleak aztertzen. Akaberan batzartutakoek aho batez hartu zuten erabakia. Espazioaren banaketa, antolaketaren eta funtzionamenduaz adostasuna lortu zuten. Hura dokumentu batean jasoko du Elhuyarrek, prozesua dinamizatzeko kontratatutako enpresak. Hura bizpahiru astetan publiko eginen da.
Arbizuko Udalak karrika Nagusiko argiteria publikoko bonbillak kendu eta LED argiak jarri ditu. Javier Razkin Flores alkateak azaldu duenez, “horrek argindar kontsumoaren %66 jaistea ekarri du. Energia kontsumoa ahalik eta gehien jaistea da helburua, eta hori lortzeko bidean lehen pausoa eman dugu”. Lan horietara 90.000 euro (BEZ barne) bideratu ditu udalak (65.000 euroko dirulaguntza). Karrika Nagusiaren ondoren, herriko gainontzeko bonbillak LED argiekin ordezkatuko ditu udalak. Bi fasetan eginen da, eta, beti ere, dirulaguntzen arora eginen dira lanak.
Bestalde, Arbizuko Udalak Kattuka haur eskolako patioa handitu, egokitu eta ixteko lanak egin zituen udan. Horretarako 21.168,35 euro bideratu zituen. Haietatik udalak 7.408,92 euro jarri zituen eta Nafarroako Gobernuak 13.759,43 euro. Horrekin batera, Razkinek azaldu du, udal langileen lanpostuen deskribapena eta balorazioa egiteko 6.413 euro bideratu dituztela. “udaleko langile bakoitzaren lanak finkatu eta horren araberako soldatak zehazteko egin dugu”, azaldu du alkateak. Azkenik, Arbizuko Udalak plazan estalpea jartzeko beharrezko dirulaguntza lortzeko dokumentazioa prestatzen ari da. Cederna Garalurren bidez Landa Garapenerako Planeko deialdira aurkeztuko du eskaera.