Pilota

Joseba Ezkurdia, finalik gabe

Guaixe 2021ko aza. 2a, 10:16

Jokin Altunak 22 eta 10 irabazi zion Joseba Ezkurdiari eta bere seigarren final jarraitua jokatuko du igandean, Unai Lasoren kontra. Altunaren erakustaldiaren aurrean ezer gutxi egin ahal izan zuen Ezkurdiak

Joseba Ezkurdiak eta Jokin Altunak jokatu beharreko Lau eta Erdiko finalerdia, final aurreratua zela zioen katedrak. Azken urteetako bi txapeldunak elkarren kontra, kaiolako bi espezialista handiak. Ikusmina handia zen Gasteizko Ogeta pilotalekuan, eta finalerdia parekatuta hasi zen. 

Lehendabiziko sei tantoak ikaragarriak izan ziren, tanto oso borrokatuak, goi mailakoak. 3 eta 3, finalerdi ireki eta borrokatua aurreikusten zen. Altuna aurretik jarri eta aldea atera zuenera arte. Sekulako erakustaldia emanez, 6 eta 3 aurreratu zen hasieran, 9 eta 3 segidan. Ezkurdiak erantzun ezin izan zituen sake zitalei eta erremate gaiztoei esker egin zuen aurrera Altunak. Zaleen artean zurrumurruak hasi ziren: bazirudien Altunak partida apurtu zezakeela, eta horrela izan zen. Ezkurdia jokoz kanpo utziz, denetariko tantoak lortu zituen, eta zalantzarik gabe, amezketarraren eguna izan zen: denetik ateratzen zitzaion, eta guztia ongi. Joseba Ezkurdia batetik bestera mugiarazi zuen, ezker pareta bilatuz. Ezkurdia defendatu zen, baina Altuna nagusi izan zen eta Amezketarraren erakustaldiaren aurrean ezer gutxi egin ahal izan zuen. Arbizuarrak ez zituen aukera asko izan, baina izan zituen gutxietan ez zuen min handirik sortu. 

Azkenean 22 eta 10 gailendu zen Altuna. “Guztia ateratzen zitzaidan ongi, izugarri disfrutatu dut” aitortu zuen partida bukaeran Altunak. “Maila pixka bat jaisten denean buruz buruko txapelketetan sortzen diren aldeak handiak dira” zioen, bere aldetik, Ezkurdiak.