Pilota

Joseba Ezkurdia Bilboko podiumera igoko da

Guaixe 2021ko aza. 8a, 12:15

Ezkurdia eta Peio Etxeberria lagun minak dira, baina elkarren kontra serio aritu ziren. JAVIER BERGASA.

Lau eta Erdiko hirugarren postua erabakitzeko partidan Ezkurdiak 22 eta 16 irabazi zion Peio Etxeberriari eta kaiolako brontzea lortu du

Joseba Ezkurdia Galarraga Bilbon egongo da igandean. Ez du, tamalez, Lau eta Erdiko final handia jokatuko, baina podiumeko hirugarren kaxoira igoko da, larunbatean kaiolako hirugarren postua erabakitzeko partidan Peio Etxeberriari 22 eta 16 irabazi eta gero. 

Ez da gustagarria finalen aterian gelditzea, eta hirugarren postua erabakitzeko partida jokatu behar izatea. Baina behin egoera honetan egonda, hobeto podiumera igotzea kanpo geratzea baino. Ezkurdia nahiko hotz hasi zen partidan, bere erritmoa ezin topatu, eta 2 eta 6ko aldea hartu zuen Peio Etxeberriak, baina Zenotzeko jokalariak egindako akats batzuk airea eman zioten Ezkurdiari eta partidan sartu zen. Parez pare aritu ziren tenore horretan, tanto gogorrak jokatuz, eta 10 eta 10era arte ez zen inor gailendu. Baina partidako bigarren zatian arbizuarra esnatu zen eta benetako Ezkurdia ikusteko aukera izan zuten Labriten bildutako pilota zaleek. Hor hasi zen bere etengabeko erasoa. Etxeberria defendatzen saiatu zen, baina tantoak Ezkurdiaren aldera erortzen hasi ziren etengabe, eta 21 eta 12ra joan zen arbizuarra. Peio Etxeberriak ez zuen etsi, baina aldea gehiegizkoa zen eta, azkenean, 22 eta 16 irabazi zuen Ezkurdiak. Lau eta Erdian hirugarrena izan da, soilik finalerdiko partida galduta.