Bi urtean behin Elkar Fundazioak banatzen duen Joseba Jaka beka irabazi zuen 2020. urtean Juanjo Olasagarre Mendinuetak. Urte batean bekara aurkeztutako proiektua osatu behar zuen Elkar Fundazioko eta bekako editore eta epaimahaikideen laguntzarekin: Maialen Berasategi, Iratxe Retolaza eta Iban Zaldua. "Eskerrak eman Elkar Fundazioari beka hau emateagatik. Iruditzen zait modu interesgarria liburuak aurrera ateratzeko. Saria eman beharrean, proiektu bati ateratzeko aukera ematen diote eta epaimahaiarekin elkartruke bat sortzen da". Liburuaren lehenengo bertsiotik argitaratu denera epaimahai kidei esker "hobetu" dela esan zuen arbizuarrak Bilboko Elkarren egindako aurkezpenean. "Gero irakurleek esango dute".
Mamu eratortzeko moduak Bilboko aurkezpenean "arazo" bat zegoela aipatu zuen Olasagarrek: ez zuen liburuaren mekanismoari buruz asko hitz egin nahi izan. "Liburuak badauka mekanismo bat eta gauzak nik gehiegi azaltzea ez dakit mekanismo hori apurtzea ote den". Xabier Mendiguren editorearen galderei erantzunez, ordea, liburuaren nondik norakoak azaldu zituen, eta lehenengo galdera liburuak zer kontatzen duen izan zen. Olasagarrek iraskasleek ikasleei eskatzen dieten bezala liburua esaldi batean definitzen saiatu zen: "Zorionez bizi garen garaiekin bat egin nahi nuen eta biktimak zertan diren edo zer diren erakutsi nahi nuen".
Gatazka
Euskal gatazka da liburuaren gaia, Olasagarraren lanean berria ez dena, Mendigurenek gogoratu bezala. Obsesioa ote den edo nahigabe ateratzen ote zaion galdetu zion idazleari: "Nobelista erretiratu batek, Jokin Muñozek, esaten zuen euskal literaturak eskaini zezakeen plus bat dela munduari euskal gatazka kontatzea. Oso hemengoa delako. Horrek ez du esan nahi beste tokietan ez dela gertatzen". Haren belaunaldiari eta aurrekoei gertatzen zaien gauza "inportante" bat dela azaldu zuen, "eta gure buruak etikoki, politikoki eta nobelistikoki ere irakurtzeko ematen du".
Gatazka atzera uzten ari den neurrian, "fantasmala edo mamuzkoa bihurtzen ari dela" adierazi nahi zuen. "Metafora hau ez dut nik sortu. Toki askotan sortu da". Besteak beste, Muñozen eta Zalduaren nobeletan metafora hau agertzen dela aipatu du. "Mamuek daukaten gauza ona errealitate eta ez-errealitate tarte horretan bizi direla da", eta bi munduak irakur ditzakete, beraz. Liburuak ere gotikotasunetik baduela gaineratu du.
Fantasmak hor zeuden, biktimak dira, eta idazleak jolastu nahi zuela azaldu zuen. "Honekin ez dut irakurlea izutu nahi, baina teknika literarioarekin jolastu nahi nuen". Narratzaileak lehendabiziko, bigarren eta hirugarren pertsonan agertzen da, orainaldian eta iraganaldian, diskurtsoaren erdian EAEko buletinaren zatiak agertzen dira, elkarrizketak, narrazio hutsa berriz, ipuin bat… "Puzzle batekin zerbait koherentea egiten saiatu nahi nuen. Ez dakit lortu dudan". Helburua istorioa hainbat teknika edo puskekin sortzea zen, "eta irakurlea ez galtzea hortik". Nobela bat irakurtzen denean lehendabiziko hitzetatik nobelagilearen eta irakurlearen artean "halako itun bat" sinatzen da, eta Mamu eratortzeko moduak liburuak "kapituluz kapitulu" itun hori berritu behar dela azaldu du.
Tonua
Nobelak tonu mingotsa duela azaldu zuen Mendigurenek. Umorea ere baduela erantzun zion Olasagarrek. Arbizuarra Hego Afrikan apartheid, amnistiaren eta Mandelaren prozesuaren garaian egon zela aipatu du, "eta nahiko markatu zidan". Etxera itzuliz ETAK armak utzi zituenean "prozesua gelditu" zela iruditzen zaio, garai horretan ere 2008ko ekonomia krisialdia zelako. "Iruditzen zait orain berriz hartzen ari dela". UPNko kide batek German Rodriguezen, Lasa eta Zabalaren eta abarren kasuetan "ez zuelako sentsibilitate" eduki barkamena eskatu zuen aurreko astean, Maixabel filma egin da… "Hor ari gara". Baina oraindik "min asko" dagoela uste du. "Min hori azaleratzeak lasaitzen du. Dolu prozesu batean bezala gaude". Mingotsa "berez" ateratzen zaiola aitortu du. "Baina min bat dagoelako, eta agertzen da".
"Nik nobela bat idatzi nahi izan dut nire kezkekin. Norbaiti balio badio katarsi bezala, ongi. Baina ni ez naiz Fernando Aranburu eta ez dut idatzi nahi gatazkaren inguruko hitz katartikoa". Ez da Olasagarrren asmoa lan katartikoa egitea. "Biktimak irudikatzea eta errealitate hori beste nonbaitetik ikustarazi nahi nuen". Mamuen mundu batetik, hain zuzen. Liburuan ez dago eztabaida politikorik. "Ñabardura batzuk badaude, peripeziaren bat. Biktimak agertzen dira, galdezka. Baina zeharka norbaitek zerbait esaten badio etikaren aldetik, hori irakurleak jartzen du".
Geografia
Asko aurreratu gabe, Bilbon hasten da istorioa eta Euskal Herritik barna bidaia egiten dute pertsonaiek. "Geografia bat sortu nuen: Lekunberri Aranatz. Nafarroako herri bat da, Arbizu izan daiteke, Altsasu edo Elizondo". Askotan haien pertsonaiak Lekunberrikoak dira edo bertatik pasatzen dira. "Bilboko pertsonaia bat da, baina nire geografia hori bisitatzera eramaten dut". Obaba ez dela aipatu du arbizuarrak, "askoz txikiagoa bada", baina geografia bat sortzea eta hara itzultzea erosoa dela esan du.
Mamu eratortzeko moduak liburua idazteko Olasagarrek, besteak beste, Irene Villaren eta Iñaki Rekarteren memoriak irakurri ditu eta gaiarekin zerikusirik duten antzezlanak eta filmak ikusi ditu "irudikatu ahal izateko zer senti zezaketen. Dokumentazioak jartzen zaitu toki batean, eta sinetsi nahi dut toki horretako jakintza hartuta pertsonaiarekiko koherentzia lortzen duzula". Izan ere, esan zuenez, mamuek ere koherentzia dute. "Erabaki beharra zegoen noraino ikusten zuten errealiatea, nork ikusten zuen eta nork ez".
Komediarako tokia duen tragedia bat idatzi du Olasagarrek. "Kontatzea erraza izan delako. Aurreko nobela potoloagoa zen, pausatuagoa, pertsonaien barrunbeak arakatu nituen". Mamu eratortzeko moduak nobelan, ez, "historia nahiko tragikoa da, baina erraza egin zitzaidan komedia enredua sartzea ere". Piezak batzen "dibertitu" dela aitortu zuen idazleak. "Banekien zer kontatu nahi nuen, baina nola? Teknika literariorekin jolastu nahi nuelako dibertitu naiz".