Arbizuko eskola izandako eraikinaren erabilera, herritarren beharrak eta iritziak kontuan hartuta, modu komunitarioan erabakitzeko prozesuak eman du emaitza: eraikina kultura jardueretarako erabiliko da. Ikastaroak, tailerrak, hitzaldiak, erakusketak, proiekzioak, kontzertuak... eta beste hainbat ekintza eta bilera egiteko leku izatea lehenetsi dute arbizuarrek.
Eskola izandako eraikinak solairu bakarra du, arkitektura oztoporik ez du eta "lan txikiak eginda aukera handiak eskaintzen ditu", azaldu du Arbizuko Udalak. Eskola zenak 299 metro karratuko azalera du. Gaur egungo banaketa honakoa da: hiru gela handi, bulegoa eta bi komun. Bulegoa bilera gela edota beharreko materialak gordetzeko espazioa izan daitekeela aurreikusi da parte hartze prozesuan. Bi gela handi elkarrekin konektatuta daude, eta haien aldamenean beste gela handi bat dago, sukaldea duena. Bi espazio horien arteko pareta bota edo ez aztertu daitekeela jaso da proiektuan. Pareta errespetatuz gero gelari erabilera jakin bat emanen liokete. Bestetik gelen arteko banaketak irekita utzi edo ixteko aukera eskaintzea ere mahai gainean jarri zuten. Eraikinak komunak beharko ditu eta egun dauden bietako bat egiteko horrekin segitzea aurreikusten da, bestean bilera gela edo biltegia egin daitekeela aipatu zuten parte hartze prozesuan arbizuarrek. Bestetik, gela guztiak beharrezko material (mahai, aulki...) eta teknologia baliabideez hornitzea ezinbesteko jo dute.
Arbizuko eskola zaharraren banaketa planoa. ARBIZUKO UDALA
Arbizuko Udalak, herritarren hitza kontutan hartuta, eskola izandako eraikinaren egokitzapenari lehentasunez helduko dio, eraikuntza lanetarako diru-laguntzak eskatu, obrak batzuk egin, espazioa atondu eta ahalik eta epe laburrenean eskola kultur espazio izan dadin.
Parte hartze prozesua
Estreinako aldia Arbizun horrelako partaidetza prozesu bat egiten dena. "Balorazio positiboa egin dugu, izan ere horrelako prozesuek herritarrek parte hartze kulturara hurbildu eta erantzunkidetasunean irabazten baita", argudiatu du Arbizuko Udalak.
Partaidetza prozesua aurrera eramateko Arbizuko Udalak Elhuyar enpresaren aholkularitza teknikoa izan du. Udalak etxeko lanak egin eta gero, ikasturte hasieran aktibatu zen, eskola zaharreko ateak ireki eta berau bisitatzeko aukera eskaintzearekin bat. Irailaren 17an eta 18an izan zen hori. Aldi berean, Arbizuko etxe guztietara partaidetza prozesuaren berri ematen zuen gutuna eta eskola zaharrerako proposamenak egiteko galdetegia bidali zituen udalak. Euskaraz, gaztelaniaz eta arabieraz zabaldutako galdetegia 76 lagunek erantzun dute, %66 emakumeak izan dira eta gainerako %34 gizonak.
Galdetegi bidez jasotako proposamenak bildu eta partaidetza prozesurako osatutako Talde Eragileko kideek erantzunen lehen galbahe bat egin zuten. Horretarako ezarritako hiru baldintzak kontuan hartu zituzten: erabilera publikoa izatea, erabilera anitza ahalbidetzea eta ekonomikoki bideragarri izatea. Bestalde, lastailaren 23ko herri batzarrerako irizpideak zehaztu zituzten: espazioa ahalik eta pertsona gehienendako erabilgarria izatea; emakume eta gizonezkoen arteko berdintasunaren bidean eragin positiboa izatea; desberdinen arteko onarpena kultura, genero, hizkuntza, sexualitate, gaitasun... dagokionez; hainbat belaunaldietako herritarrak erabiltzeko aukera izatea eta beren arteko baliabide eta ikaskuntzak elkarren artean trukatzeko eremua izatea eta ingurumenarekiko errespetua eta konpromisoa izatea.
Eskolan bertan egin zen herri batzarrera 17 herritar joan ziren. Baldintza eta irizpideak kontuan izanik, arbizuarren proposamen zerrenda eta eskolako planoa esku artean, eskola izandako eraikina kultur ekintzetarako espazio izatea adostu zuten.