Toureren zortzigarrena

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko abe. 22a, 13:12
Jon Arretxe idazlea 'Dortokaren begirada' lan berriarekin. EREIN

Madrilgo Lavapies auzoan kokatu du Jon Arretxek 'Dortokaren begirada' liburua. Parisen egon ondoren, egoera berriak biziko ditu sasi-detektibeak. Frantzian lapurtutako bitxiak dira trama pizten dutena.

Bilboko San Frantzisko auzoan hasi, Afrikara itzuli, Nafarroako Pirinioetan egonalditxo bat egin eta handik Parisera bidaia egin zuen Tourek. Zortzigarren nobela Madrilen girotu du Jon Arretxe Perez Arbizun bizi den idazleak, Lavapies auzoan, hain zuzen ere. Tourek harribitxi batzuk lapurtu zituen Parisen eta Retiro parkean ezkutatu ditu. Baina norbaitek lapurtu ditu; horien ordez, ezkutalekuan dortoka bat mezu misteriotsu batekin agertu da. Dortokaren begirada liburua Durangoko Azokara begira aurkeztu zuen Arretxek, abenduaren 2an, Uxue Razkin Ereingo editorearekin batera.


Jon Arretxe Perez idazlea eta Uxue Razkin Olazaran Ereingo editorea Donostiako aurkezpenean. EREIN

19 kamera, 612 euro, Hutsaren itzalak, Estolda jokoak, Sator lokatzak, Ez erran deus, Mesfidatu hitzez eta, azkena, Dortokaren begirada. Toureren zortzigarrena aurkeztu du Jon Arretxek. "Niretzako esperimentu bat, proba bat, izan zen". Ez zekien istorioak zenbat ale izango zituen, baina saga bat egin nahi zuela bazekien. "Aurretik nobela beltz batzuk idatzita neuzkan, denetan protagonistak akabatzen nituen, eta jende askok esan zidan pertsonaia bat sortu behar nuela, eta serie bat egin. Tourerekin probatzea erabaki nuen". Pertsonaiak harrera ona izan zuen, eta idazlea ere gustura gelditu zen. "Toureren bizitza pixka bat luzatzea erabaki nuen". Dagoeneko "ente" bat bihurtu da, editoreak azaldu bezala.

Lavapies
Oraingoan Toure Madrilera joan da, "gustuko hiria dudalako. Ez zait gustatzen nork agintzen duen eta zelako iritziak dauzkaten, baina hiria bera gustatzen zait: herria, jendea, ulertuta eta hiria bera ere bai". Hiri handia denez denendako lekua duela azaldu du, baita idazleari gustatzen zaizkion "gogoko lekuak" ere. "Ez dira izaten turistikoenak. Bilbon San Francisco, Parisera Barbes afrikarra edo Asiatikora eraman nuen Toure". Madrilen Lavapies auzoa gustatzen zaio Arretxeri, "oso leku aproposa Toureren nobela bat kokatzeko, eta aitzaki prefektua pertsonaiak Paristik ihes egin behar zuelako".

Toureren mugitzeko behar hori ez da "apropos" izan. "Beti berdina edo antzekoa egiten aspertzen naiz, orduan, literaturan ere beharrezkoa nuen Toure mugitzea. Batetik bestera, baina gehien bat da bere izaeragatik". Pertsonaiaren buruaren barruan sartzen saiatzen da idazlea, eta egiten dituen gauzen ondorioz "nahiz eta nahiz ez" ihes egin behar duela azaldu du. "Berak ere esaten du nobelaren momenturen batean bere bizitza ihesaldi etengabe bat bihurtzen ari dela. Ea noiz topatuko duen toki bat han egoteko eta bere egoera normalizatzeko". Baina, ez. "Bere patua da, beti ihes ibiltzea".

Ongi egongo dela dirudien arren, azkenean beti konplikatzen zaio dena eta ihes egin behar du. "Nik uste bide hori interesgarriagoa izan daitekeela irakurlerentzat, barietate gehiago eta marko desberdinak ateratzen direlako". Madrilen badirudi estabilitatea lortu duela. Lehenengo aldiz dirutza du, eta apartamentu bat alokatu du. Aberatsak bezala bizi da. "Arraro sentitzen da. Bizi guztia miseriaz inguratuta ahal bezala bizirauten egon da, eta bat-batean dirutza dauka, bitxiak gordeta…". Istorioak lehenengo pertsonan kontatuta daude, eta Retiroko parketik paseatzen dabilenean neska txuri guapa batekin, bera etorkina, edo txalupa batean bueltatxoa ematen, terraza batean kaña erraldoi bat hartzen, "txuriz eta turistaz inguratuta". Horretaz asko filosofatzen du. Pertsonaiak eboluzionatu duela esan du idazleak, "beharrezkoa iruditu zait".

Kritika soziala

Jon Arretxe idazlearendako ezinbestekoa da kritika soziala nobela beltzean

Toureren nobeletan gizarteko baztertuek protagonismoa hartzen dute. "Niretzako ezinbesteko osagarria da kritika soziala nobela beltzaren barruan". Gaur egun modan dagoen adarrak poliziakoa edo enigmakoak direla esan du idazleak, "errespetagarria da. Bakoitzak bere estilo propioa dauka, baina niri estilo horrek ez nau betetzen". Gaur egun kritika soziala egitea "beharrezkoa" ikusten du, mezu xenofoboak eta Europan eskuindarren ideiak asko zabaltzen ari direlako. "Asko kezkatzen nau, eta nobela beltzen bidez aukera dugu mezu horien kontra egiteko". Zortzigarrenean "inoiz baino gehiago" egon dela esan du.

Giro gordina erakutsi, umorea sartzeko kapazak eta biak ondo ezkontzen dituzten idazleak miresten dituela azaldu du Arretxek, Chester Himas kasu. "Bi osagarri horiek beharrezkoak dira". Dortokaren begirada nobelan umorea berreskuratu du. "Hasierako nobeletan oso presente zegoen umorea, baina bilakaera gogortasunera eta gordintasunera izan da, eta puntu batera heldu nintzen edo Tourek bere buruaz beste egiten zuen edo norbaitek akabatu behar zuen. Ez zen gogorragoa edo tragikoagoa izan". Zortzigarren honetan, beraz, bilakaera hori modulatu du eta umorea berreskuratu du.

Zortzigarren nobelan ere pertsonaia ezagun bat itzultzen da: Kristina. "Pertsonaia hori behar nuen. Lehenengo nobeletan in crescendo joan zen bere protagonismoa eta hirugarrenean ia protagonismo nagusia du". Toureren leku aldaketen ondorioz, Sa Kene ezin izan zen joan, eta orain berreskuratzeko aukera izan du. "Madrilera bisitan joaten da, eta biek batera daramate ikerketa". Berarekin beste azpitrama bat dago ere, beste misterio bat.

Bigarren mailako pertsonaiek ere protagonismoa hartzen dute nobelan, nahiz eta, idazleak aitortu duen, batzuetan zaila den idazteko eta irakurtzeko. “Irakurle moduan pertsonaia asko daudenean galtzen naiz, horregatik ez zait asko gustatzen nire nobeletan pertsonaia asko sartzea”. Baina kasu honetan Lavapiesek berak eman dizkio pertsonaiak.

Beti bezala dokumentatzeko nobela non kokatu bertara joaten naiz idaztera, girotzera edo ideiak hartzera, eta Lavapiesen egonaldi batzuk egin ditut. Aurretik ere ezagutzen nuen, eta auzoak berak eman dizkit pertsonaia horiek”. Esaterako, bertan liburu denda txiki bat dago nobela beltzean espezializatuta eta “ia gosez hiltzen dira ez duelako inork erosten”, dendaren aurrean, eserleku batean, emakume bat egoten da garagardoak edan eta edan istorio izugarria duena: “Vedet oso famatua izan zen, Espainiako lehenengo transexuala izan zen…”. Oihuka eta kantuan hasten da. Pixka bat aurrerago gameluak daude.

Pantailara
Toure telesaila bihurtzeko prozesuan dago. "Idazleontzat edo honetaz bizi garenontzat gure pertsonaiak zinemara edo pantailara eramatea sekulako ilusioa izan da beti. Alde batetik, dirua da; bedeinkapen bat da diru hori bat-batean hartzea. Liburu asko saldu behar dituzu hori ikusteko. Bestetik, zure pertsonaia pantailan ikusteak ilusioa egiten du ere". Momentuz ezin du gehiegi kontatu, baina ekoiztetxe "oso handia" dagoela atzetik azaldu du. Kezka nagusia pertsonaiak eta tramak errespetatuko ote zituzten zen, "eta badirudi errespetatuko dituztela. Niretzako oso inportantea zen nobela hauen fondo eta giro sozial hori agertzea".