Erailketa matxista salatu dute

Guaixe 2022ko urt. 14a, 09:05
Hilketa matxista salatzeko kontzentrazioa Arbizuko plazan. UTZITAKOA

Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxaren deialdiarekin bat eginez, Sara Pina Ieregiren erailketa salatu zuten atzo Arbizun: "Estrukturala den arazo baten aurrean gaude. Gizarte osoaren arazoa den hau, emakumeon gorputzetan gorpuzten da". 

Tuteran erahil zuen haren senarrak Sara Pina Ieregi. Cortesko 38 urteko emakumezkoaren gorpua astelehen goizean opatu zuten eta ihes eginda zegoen bere senarra Bordele inguruan atzeman zuen poliziak eta ustezko hiltzailea zelakoan atxilotu zuten. Erailketa matxista salatzeko Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak kontzentrazioak deitu zituzten, tartean Arbizun egin zuten. 

Elkarretaratzearen deitzaileek gaztigatu dutenez, “garbi dago emakumeen aurkako indarkeriak ez du etenik. Feministok behin eta berriro esanen dugu: egiturazkoa den arazo baten aurrean gaude. Gizarte osoaren arazoa den hau, emakumeon gorputzetan gorpuzten da”. Emakumeon Mundu Martxatik, aztera ere, baliabideak eskatuko dituzte “instituzio publikoetan, eraldaketa soziala lortu nahi badugu, hainbat alderdietatik lan egin behar dugu denok batera. Gizarteak aldaketa beharra dauka, eta jarrera matxistak eta sexistak behingoz bukatu behar dira”. 

Horretarako, “lehenengo eta behin, osasungintza, hezkuntza, eta justizia publiko eta unibertsala behar ditugu. Izan ere, babestu behar gaituztenen joko arauak berriro porrot egin du”. Azpimarratu dutenez, “zerbitzu publiko osasuntsuak eta biolentziarik gabeko espazio seguruak behar ditugu, pairatzen dugun biolentziak erreproduzitzen jarrai ez dezan”. Gaineratu dutenez, “gizarte sozial moduan gure espazioetan eraldaketa bultzatu behar dugu, erasoak salatu behar ditugu, espazio seguruak bermatu behar ditugu, ekimen desberdinak bultzatu behar ditugu… guzti honetarako indarrak batu, eta eraldaketa bultzatu behar dugu”.

Horretan elkarrekin aritzeko deia egin dute. Borroka feminista ere aldarrikatu dute: “feministok beti izanen dugu indarra eta ausardia aurrera egiteko, izan direnengatik eta izanen direnengatik. Feministok gizarte hobeago batean sinisten dugu, arrazakeria, biolentzia eta gorrotorik gabekoa, denok bizitza duin bat nahi dugulako, eta horretarako eskubidea aldarrikatzen dugulako…”

112
Sexu erasoa edo tratu txarrak sufrituz gero, 112 telefonora hots egin daiteke eta Nafarroako Gobernuak prestatutako protokoloa martxan jarriko da.