Sebastian Insausti

“Xakea, berez, ez da zaila. Ongi jokatzea, hori beste gauza bat da”

Maider Betelu Ganboa 2022ko ots. 2a, 15:00

Sestian Insausti, ezkerrean, eta Koldo Flores, eskuinean, abenduan Iturmendin jokatutako Sakanako Xake Txapelketan.

Nafarroako Taldekako Xake Txapelketan hirugarren mailatik bigarren mailara igo da Sakanako Zaldi Beltza taldea, eta maila berrian aritzeko xakelari gehiago behar ditu taldeak

Sebastian Insausti Goñi arbizuarra Sakanako Zaldi Beltza taldeko xakelaria da taldea sortu zenetik. Taldeak une onak bizi izan zituen: Nafarroako Taldekako Xake Txapelketan lehen mailan aritu izan zen, baina jende faltagatik taldekako txapelketetan aritzeari utzi behar izan zion. Aurten, taldea osatu eta Nafarroako Taldekako Txapelketako hirugarren mailan lehiatu eta gero, bigarren mailara igotzea lortu dute. Urrian hasiko den txapelketarako xakelari gehiago behar dituzte eta eurekin aritzeko gonbita egin dute Sakanako Zaldi Beltza taldekoek. 

Noiz ikasi zenuen xakera jokatzen?
Arbizun garai batean don Pablo maisuak jende askori erakutsi zion xakean jokatzen. Niri ez zidan zuzenean irakatsi, baina nire anaiari eta ingurukoei bai. Orduan Arbizun jende askok zekien xakean jokatzen eta nik ere txikitatik jakin izan dut. Baina txapelketetan hasi... 40 urterekin hasiko nintzen txapelketaren batean jokatzen. 

Sakanako Zaldi Beltza Taldeko kidea zara. Noiztik dago taldea martxan?
Orain dela 20 urte inguru hasi ginen taldean.  Hemengo bospasei biltzen ginen xakean, eta bazeuden ere kanpoko bakarren batzuk hemen bizi zirenak eta xakean aritzen zirenak. Elkartu eta taldea atera genuen. 

Zenbait urtetan Nafarroako Taldekako Xake Txapelketan parte hartu zenuten talde gisa, baina gero utzi zenioten. 
Lehen aritzen ginen maila nahiko altua zenez, lehen maila, zortziko taldea behar zen. Hainbat jardunalditan astebururo zortzi pertsonak jokatzeko gutxienez 10-12 pertsona behar dira. Eta azkenean horrengatik utzi genuen, nahikoa jenderik ez genuelako. Erretiratuta hainbat urte egon eta gero, aurten berriro bildu eta txapelketan aritzeari ekin genion, azpiko kategoriatik, hau da, hirugarren mailatik hasita. Kategoria horretan lau kidez osatutako taldeak lehiatzen dira eta ongi moldatu gara. Gustura aritu gara eta mailaz igo gara, bigarren mailara. Maila horretan sei kidez osatutako taldeak lehiatuko gara. Egun bospasei kide gara, maila berrirako kopuru justua, eta jendea behar dugu.

Beraz, bigarren mailako txapelketan partaidetza bermatzeko jende gehiago behar duzue. 
Bai, 8-10 kide beharko genituzke. Aurtengo txapelketan Koldo Flores lizerrengotarra, Cesar Razkin etxarriarra, Juan Andres Cerro eta Mikel Castellano altsasuarrak eta ni neu ibili gara, eta espero dugu beste bizpahiru xakelari animatzea eta izena ematea. Gutxienez pare bat behar ditugu. 

Abenduan Iturmendin jokatutako Sakanako Xake Txapelketan bederatzi sakandarrek parte hartu zuten, parte hartze polita. Horietakoren bat animatzea posible ikusten duzue?
Esperoan gaude, ea animatzen diren. Gainera, aurten mailaz igo garenez…. Hirugarren mailan gehienbat haurren kontra aritu ginen lehian. Gustura ibili gara, baina bigarren mailan partida politagoak espero ditugu. 

"Txapelketan aritzeko maila bat izatea beharrezkoa da, eta gu jendea trebatzeko prest gaude"

Nafarroako Taldekako Txapelketa luzea izaten da?
Urrian hasiko da eta zortzi-bederatzi jardunaldi inguru izaten ditu, izena ematen duten taldeen arabera. Bertan parte hartzeko federatu beharra duzu, eta horrek ere ahalbideratzen dizu Banakako Txapelketan edo bestelakoetan aritzea. Jokoaren denborari dagokionez, txapelketa serioak izaten dira. Guk jolastu dugunean, hirugarren mailakoan, bakoitzak ordu bat dauka eta egiten duzun mugimendu bakoitzak minutu erdi bat gehitzen dizu. 

Beraz, lehenbailehen taldekide berriak izatea nahiko zenukete, xakelariak behar bezala prestatzeko.
Bai. Izan ere, txapelketetan aritzeko maila bat izatea behar da. Jendea interesatuta egonez gero, gu prest egongo ginateke eurekin biltzeko, trebatzeko eta ahal denean laguntzeko. Ea jendea animatzen den. Deitu gaitzatela lasai (634 447 108), eta ikusiko genuke xakelari horiek nola trebatu. Dena den, xakean aritzeko gogoa duenak jakin dezala ia egunero Altsasuko Espejo tabernan jendea xakean jokatzera biltzen dela, bertako nagusia, Ismael Anton, xakelaria delako. Une honetan Sakanan bertan jokatzen da xakean, eta hor dago aukera. 

Zaldi Beltzakoek xake klaseak ematen dituzue Andra Mari ikastolan eta Etxarri Aranazko eskolan. 
Cesar Razkinek eta Koldo Floresek Andra Mari ikastolan xake klaseak ematen dituzte, eta nik Etxarri Aranazko eskolan. Koldok urte asko daramatza ikastolan xakea erakusten. Xakearen hastapenak irakasten dizkiegu neska-mutikoei. Ordu bat izaten da astean, eta xakean jokatzen ikasten dute. Harrera ona dute ikastaroek, gustura ibiltzen dira. 

Egun zer moduzko osasuna du Sakanako Zaldi Beltza Xake taldeak? Badirudi loraldian zaudetela, okerrago ere egon izan zaretelako.
Guk jokatzen jarraitzeko esperantza dugu. Herri edo bailara batetik xake talde bat ateratzeak ilusio handia pizten du, Nafarroako xake talde gehienak Iruñekoak eta Tuterakoak direlako. Une honetan, gu bakarrik izango gara herri txikietatik sortutako taldea. Orvina, Oberena eta San Juan dira klub nagusiak. Oberena eta San Juanen, esaterako, nazioarteko maisuak ekartzen dituzte, ordainduta. 

Xake Txapelketa gehienetan partaide gehienak adinez nagusiak diren gizonak izaten dira. Eta  gero haurrak. Adin kontraste horrek arreta deitzen du. Eta normalean, oso emakume gutxi aritzen dira. 
Bai. Haurrak 16 urtera arte aritzen dira, gutxi gorabehera. Pilotan gertatzen denaren antzera. Gutxi jokatzen duenak, normalean txapelketan aritzeari uzten dio Unibertsitatera sartu baino lehen. Bere etxean jokatzen jarraituko du, baina txapelketetan ez. Gero, batzuk 30 urterekin edo xakea berreskuratzen dute eta lantzen hasten dira. Izan ere, txapelketak beste gauza bat dira. Txapelketa batean aurpegia eman behar duzu. Pilotan bezala, 22 eta 16 galtzen baduzu, ongi, baina 22 eta 3 galtzea ez da berdin. Inori ez zaio gustatzen barregarri geratzea. 

"Internetek dena aldatu du; baina aplikazioak xakean jokatzeko dira, ez xakean entrenatzeko"

Xakeak zer ematen dizu? 
Niri xakea gustatzen zait; afizioa dut. Gero hortik zer jasotzen dugun, ba burua landuko dugu zer edo zer. Bueltak ematen dizkiogu, behintzat. Xakea joko nahiko biolento bat da.

Azkenean bi gudarosteren arteko borroka bat da.
Hori da, borroka bat da. Eta erakusten dizu arduratsua izaten, jokaldi bakoitzean zure bizia jokatzen duzulako. Esaterako, tenisean tanto bat galtzen duzu, baina  hurrengoan irabazi dezakezu. Xakean akats bat egiten baduzu… ia ia izorratu eta zureak egin du. 

Gauzak asko pentsatu behar direla burutu baino lehen. Irakaspen hori?
Bai, eta arerioari errespetua, eta balore horiek, kirol gehienetan lantzen diren baloreak. 

Teknologia berriek eta Internetak sekulako bultzada eman diote xakeari. Munduko edozein txokotan dagoen beste jokalari batzuekin jokatu dezakezu xakean, txapelketa ugari daude...
Internetek dena aldatu du. Lehen asko jota egoitza batean 100 pertsona biltzen ginen txapelketa batean eta gaur egun egunero daude tokiak momentuan agian 80.000 partida jokatzen ari direnak. Aplikazioan sartu eta zuzenean edonoren kontra joka dezakezu. 

Aplikazio horiek erabiltzen dituzue?
Bai, mundu guztiak erabiltzen ditu. Baina hori da xakean jokatzea. Entrenatzea beste gauza bat da. Hor partida oso-oso azkarrak jokatzen dira. Gustura pasatzen duzu baina ez duzu xakea lantzen. Adibidez, akats bat egiten duzu eta partidak jarraitzen du. Agian ez zara jabetu ere akats hori egin duzunik, eta hurrengoan gauza bera egiten duzu. Ez da ikasten, hori da unea pasatzeko. 

Xake manual potoloak daude, partida eta jokaldiak aztertzen dituztenak. 
Manualak baditut, baina liburu horiek oso astunak egiten zaizkit. Ez ditut gehiegi erabiltzen. Entrenatu gutxi egiten dugu. Gure taldean xakean helburu jakinak izatea oso zaila da. Egunetik egunera hobeki jokatzea eta dibertitzea, hori da gure helburua. Baina norbait norabait ailegatzea. ... ez. 

Xakelariek oso jakitun eta bereziak zaretenaren fama duzue. Beste maila batean egongo bazinate bezala. 
(Kar, kar…) Ez gaude beste maila batean ezta gutxiagorik ere. Gertatzen dena da xakea buruko jokoa dela. Xakean buruak funtzionatu behar du, ez dute funtzionatu behar bihotzak eta hankek. Orduan hemen jokalari ona dena, garbi izan burua ere oso-oso ona duela. Xakean edonork jokatu dezake, baina on-onak direnek beste mundu bateko burua dute.  

"Magnus Carlsen da, alde handiarekin, xakelaririk onena"


LABURREAN
Zaila da xakean jolasten ikastea?
Ez da zaila. 

Pieza bakoitzak mugimendu jakin batzuk ditu, estrategia kontua da, eta horrek bere zailtasuna badu. 
Dena bezala. Musa bezala edo beste edozein joko bezala. Berez, ez da zaila. Ongi jokatzea, hori beste gauza bat da. 

Nor da xakelaririk onena?
Magnus Carlsen, baina alde handiarekin. Munduko azkeneko sei txapelketak irabazi ditu. Gainera, ez da bakarrik ona partida lasaietan, partida azkarretan ere bai. Aurkariak badauzka, baina ia-ia beti lehena da bera. Jokalari osoa da. 

Pieza txuriak edo beltzak, zer nahiago?
Txuriak, beti ere abantaila pixka bat ematen dutelako, xakean lehendabiziko mugimendua txuriak egiten duelako. Txuriekin partida hasteko sakea duzu, pilotan bezala. 

Piezen artean, zein gustukoena?
Denak berdin. Bakoitzak bere funtzioa da. Ez dut holako fijaziorik. Hori bai, nire maniak baditut. Hobe dut pieza polit batzuk erabiltzea, egurrezko horiek, plastikozkoekin ibiltzea baino. 

Sekulako xake joko landuak daude, dekorazio elementu ederrak direnak, asko museoko piezak. 
Bai, egurrezkoak batzuk ikusgarriak izaten dira. Gainera, piezak ez itzultzeko, azpian berunez kargatuta egoten dira. Eskuan hartzen dituzu eta gozamen hutsa dira. Plastikozkoekin, alderantziz...