Palestinako emakumezko errefuxiatuen “argia” Arbizun

Guaixe 2022ko ots. 4a, 11:05

Samarabu, Palestinako emakumezko errefuxiatuei buruzko erakusketako zortzi protagonistetako bat.

Haien berri zabalago ezagutzeko gaur, errefuxiatu batekin mahai ingurua izanen da, ihes gelan sartu eta ateratzeko aukerarekin batera. Gainera, hilaren 14ra arte haiei buruzko erakusketa birtuala izanen da.

Zisjordanian dagoen Marda herriarekin senidetu zen Arbizu 2005eko garagarrilaren 14an. Ordutik, aldian behin, herri palestinarraren egoeraren berri emateko ekitaldiak antolatzen ditu Arbizuko Udalak. Oraingoa, Palestinar errefuxiatuendako Nazio Batuen Erakundeko agentziarekin (UNRWA), Nafarroako Gobernuaren eta Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuaren laguntzaz, egitaraua prestatu du. Gaur ihes gela eta mahai ingurua izanen dira udaletxean. 

Baina egitarauaren barruan, astelehenaz geroztik, Noor erakusketa birtuala ikusteko aukera dago. Izenburuko hitz horrek arabieraz argia esan nahi du. Eta erakusketak zortzi palestinar emakumezko errefuxiaturen “argiaren distirari jarraitzeko eta bidea egiten jarrai dezaten beraiei elkartasun mezuak bidaltzeko” aukera ematen du. Khitam Awad, Amjad Saed, Ayat Gharabli, E’itimad Mutawa, Fajir, Ishan Rahhal, Nawal Al-Ghsein eta Haneen Hanna-ren istorioen bidez Palestinako emakume errefuxiatuen bizitzetara hurbiltzeko leihoa ireki du erakusketa birtualak. 

Protagonistak 
Hainbat adin, leku eta egoera sozio-ekonomikotako Palestinako emakume errefuxiatuak dira erakusketa birtualeko ardatza. Duintasunetik, ametsak eta sentimenduak partekatzen dituzte erakusketan, eta beren eskubideak eta beren komunitateenak bermatzearen alde lan egiten dute. “Ahalduntzeaz eta erresilientziaz betetako argiak, okupazioari, blokeoari eta sistema patriarkalari aurre egiteko”.

Palestinako emakume errefuxiatuek 70 urte baino gehiago daramatzate babes-egoeran, 50 urte baino gehiago Israelek lurralde palestinarra okupatuta duela eta 10 urte baino gehiago Israelek Gazako zerrenda blokeatuta duela, beren eskubideak urratuta ikusten. Bestalde, emakume izateagatik jasaten dituzten diskriminazioek murriztu egiten dute haien partaidetza soziala, politikoa eta ekonomikoa; eta hori areagotu egiten du dagoeneko bizi duten krisi humanitarioak. Hala eta guztiz ere, erakusketako emakumezkoek Palestinako bizitzari eusten diote eta gizarte hori eraikitzen duten zutabeak izan dira, dira eta izango dira. Emakume horiek www.mujeresqueiluminan.es web orriaren bidez ezagutzeko aukera dago. 

Egitaraua 

  • Noor erakusketa birtuala 
    Otsailaren 14ra arte www.mujeresqueiluminan.es webgunean. 

  • “Misio humanitarioa Gazan” ihes gela 
    Otsailaren 4an, 17:00etatik 18:00etara eta 19:00etatik 20:00etara Arbizuko udaletxean. Izena emateak: anitzartean@gmail.com.

  • Palestinako errefuxiatu batekin hitzaldi mahai-ingurua 
    Otsailaren 4an, 18:00etatik 19:00etara, Arbizuko udaletxean.