Aurten zortzi kinto daude Arbizun: Naroa Arretxe, Ibai Lumbreras, Ibai Perez, Aimar Flores, Mikel Yeregui, Beñat Perez, Saioa Lizarraga eta Manex Urbe. 15 urterekin festetarako granate koloreko atorra egin zuten eta bizkarrean Kezkabayek irakur daiteke. Baina ez dira ospakizuneko protagonista bakarrak izanen, joan den urtean kinto ospakizunak egin ezin izan zuten hamazortzi gazte batuko baitzaizkie: Alain Gorriti, Haritz Estanga, Iraitz Petriati, Goiatz Mendinueta, Igaratz Reparaz, Ioritz Gorrotxategi, Leire Urkia, Mikel Imaz, Mikel Chacon, Iker Lizarraga, Naroa Nuñez, Nerea Etxabarri, Jeray Terradillos, Xabi Murugarren, Aitzol Gaintzarain, Aintzira Arretxe, Ane Iza eta Higer Balda. Azken horiek kuadro txuri-urdineko atorra jantziko dute, Petralak izenarekin.
Hogeita sei gazteak afaltzera elkartuko dira gaur eta, ondoren, Arbi Bidea gazte elkartean parranda eginen dute. Larunbateko ihote ospakizunaren ondoren, kintoak berriro kalera igandean aterako dira. Baserritarrez jantzita eta festetako atorra aldean dutela, 10:30 aldera kinto eskea hasiko dute gazteek. Trikitilaria eta pandero jolea lagun dituztela herrian barna eskean ariko dira gazteak 14:00 arte edo. Haiekin eskuzabal direnei pastak edota moskatela eskainiko dizkiete esker ona adierazteko. Majo bazkaldu eta poteoaren ondoren, afaldu eta Tolosarako bidea hartuko dute kintoek. Astelehenean kinto eskea herriko lantegietan segituko dute. Bazkaldu eta poteatu ondoren, kintoak, atzera ere, Tolosarako bidea hartuko dute.
Hurrengo egunean kinto segizio arbizuarrari lana handituko zaio, astearte ihotea baita. Bazkaldu ondoren, haurrendako txokolate jana egin eta jolasak prestatuko dituzte. Gainera Arbizuko ihoteko protagonista diren Aittun haundiya eta Amiñ ttikiya popinak prestatuko dituzte, gauean plazan erreko dituztenak. Aurreko urteko kinto eta nahi duten arbizuarrendako Aldabide elkartean herri afaria izanen da. Haren prestaketaz ere kintoak arduratzen dira. Hangoak despedituta, azken parranda Altsasun eginen dute.
Arbizuko kintoek egun hauetakoez aparte, bi egiteko izaten dituzte urtean. Batetik, Olentzeroren etorreran laguntzea eta, bestetik, San Joan egunean, ermita parean, dantzatzea. Joan den urteko kintoek dantzatu zutenez, aurten zortzikote baten ardura izanen da Maria Lonbreren zaldiya dantzatzea.