Astekaria

Lizarragatarrak, sokari lotuta

Maider Betelu Ganboa 2022ko mar. 16a, 14:00

Belen eta Nerea Lizarraga Berastegi, Arbizuko kiroldegian.

Nerea eta Belen Lizarraga Berastegi ahizpak dira Nafarroako Herri Kirol Jokoetan parte hartzen duten sokatira talde sakandarren entrenatzaileak. Biak Sakana sokatira taldeko tiralariak izan ziren, munduko txapeldunak, eta bizitza guztia daramate sokari lotuta

“Soka jaso. Ongi kokatu. Tenkatu. Denak batera: tira!”. Nerea eta Belen Lizarraga Berastegi ahizpek Iñigo Aritza eta Andra Mari ikastoletako sokatira taldeak entrenatzen dituzte ostiralero Arbizuko kiroldegian. Aurten bost talde trebatzen ari dira igandean Antsoainen hasi ziren Nafarroako Herri Kirol Jokoen Txapelketarako. “Iñigo Aritzatik bi talde daude kadeteen mailan, eta Andra Maritik bi talde haurren mailan eta talde bat kadete mailan. Guztira bost talde dira. Izan dira zortzi eta bederatzi talde izan ditugun urteak ere. Nola edo hala, moldatzen gara” dio Nerea Lizarragak. 

Aurrekaria: Sakana sokatira taldea
Nerea eta Belen Lizarraga sokatiran aspaldiko ezagunak dira. 1995. urtean sortutako Sakana sokatira taldeko tiralariak izan ziren biak. Sakanako Mankomunitateak herri kirolak sustatze bidean, sokatira ikastaroa antolatu zuen eta hortik sortu zen emakumezkoen Sakana sokatira taldea. “Arbizuarrak animatu ginen, neskak, eta Lakuntzan entrenatzen genuen, igerilekuen ondoan dagoen Sakana frontoian. Frontoian polea jarrita zegoen eta horregatik entrenatzen genuen han. Arbizuko kiroldegia egin zutenetik bertan hasi ginen entrenatzen, kiroldegian sokatiran aritzeko beharrezkoak diren zuloa, poleak, pisuak eta beharrezko guztia jarri zutelako” gogoratu du Nereak. 

Jokin Razkin arbizuarra izan zen euren entrenatzailea hasieratik. “Aldaketa batzuk ere izan genituen, Jone Arbizukoa ere gurekin aritu baitzen entrenatzaile. Izan ere, gu hasi ondotik mutikoak ere hasi ziren sokatirara entrenatzen eta tiratzen. Mutilen taldeak ez zuen asko iraun, lau urte inguru, bosten bat gehienez jota, eta gero Jokinek gurekin jarraitu zuen” gaineratu du sokatiralariak. 

Sakana sokatira taldea berehala nabarmentzen hasi zen. Oso gogotsu hasi ziren, indartsu. “Kontuan izan herri kiroletan sortu zen lehen emakumeen taldea izan zela. Guztiak arbizuarrak ginen, ezagunak… eta horrek indarra ematen dizu” dio Lizarragak. Gustura eta zorrotz entrenatuta, berehala punta-puntako taldea bilakatu ziren. Beranduago etxarriarrak eta Txantreakoren bat hasi ziren. Talde berberarekin aritzen ziren pisu txikian (480 kilo) eta pisu handian (520 kilo), epaileen eta gainontzeko taldeen harridurarako. Nafarroako Sokatira Txapelketara aurkeztu ziren lehen aldian txapela lortu zuten. Gero Euskadiko Txapelketa irabazi zuten eta horrek nazioarteko txapelketan aritzeko atea zabaldu zien. 1999 urtean Dublinen jokatutako Munduko Sokatira Txapelketan “bigarrenak edo hirugarrenak, ez dut ongi gogoratzen” izan ziren, eta 2000 urtean Herbeheretan jokatutako Mundialetan Sakana sokatira taldea munduko txapelduna izan zen. “Munduko txapeldunak. Sekulako poztasuna izan zen. Hurrengo urtean, 2001ean, Japonian zer gertatu zen mundu guztiak daki” dio Nerea Lizarragak. Nola ahaztu. 

Sakana sokatira taldea, munduko txapelduna. Japonian duela 20 urte luze gertatutakoa nola ahaztu

Japonia, 2001
Abuztuaren 26an 21 urte beteko dira Japoniako Akitan jokatutako Kirol Ez Olinpikoen Munduko Txapelketan Sakana sokatira taldeak pisu txikian urrezko domina lortu zuenetik. Sakandarrak bigarrenez munduko txapeldunak ziren. Euskal federaziotik emakumezkoen talde sakandarra eta gizonezkoen talde bizkaitarra ziren talde ordezkariak, Euskadiko txapeldunak zirenak. “Munduko Txapelketa antolatzen den tokietan bertako taldeak edo selekzioak izaten dira normalean faborito, txapelketa hobeto prestatzen dutelako. Ez genuen espero irabaziko genuenik, baina dena eman genuen eta 480ko munduko txapelketa irabazi genuen” oroitzen du Lizarragak. Podiumera igo ziren, ikurriña eskuetan, eta bat batean Espainiako ereserkia entzun zuten. Elkarri begira jarri, podiumetik jaitsi, bigarren eta hirugarren sailkatuei eskua eman –japoniarrak eta herbeheriarrak– eta alde egin zuten. Nazioarteko txapelketak TWIFT Nazioarteko Sokatira Federazioak antolatzen zituen eta euskal taldeek hamarkadak zeramatzaten txapelketa ofizial horietan parte hartzen, Euskadiko Herri Kirol Federazioaren bidez. Espainiako Sokatira Federaziorik ez zegoen -gaur egun ere ez dago–. Ordura arte irabazterakoan tiralariak We are the champions kantua jartzen zuten eta TWIFT federazioko bandera. Horregatik sorpresaz hartu zuten Espainiako ereserkia entzutea. “Kontua da Japoniako txapelketak Kirol Ez Olinpikoen Munduko Txapelketak zirela, eta Nazioarteko Olinpiar Batzordeak (NOB) antolatu zituen TWIFT-ek beharrean, txapelketa hartako kirolak Olinpiar Jokoetan sartu nahi zituztelako. Horregatik jarri zuten Espainiako ereserkia. Gurea erantzun espontaneoa izan zen, unekoa, aurretik prestatu gabekoa. Podiumetik jaitsi, arerioak agurtu, ez baikenuen inor mindu nahi, eta atera ginen” azaldu du Nerea Lizarragak. 

Horrek sekulako zalaparta sortu zuen. “Hurrengo egunean 520koan lehiatzekoak ginen eta galdetu ziguten irabaziz gero ea zer egingo genukeen. Berbera egingo genuela erantzun genien, eta horrela parte hartzeko ezin genuela aritu esan ziguten. Hori kontuan izanda, parte hartzeari uko egin genion, mutilen euskal selekzioa ez kaltetzeko. Izan ere, mundiala urte osoko lana da, eta gu erretiratzean mutilei mundialetan aritzeko aukera eman nahi genien, hurrengo egunean tiratzekoak baitziren. Agiri bat sinarazi zieten, irabaziz gero Espainiako ereserkia entzutean ez zirela joango ziurtatzeko, baina azkenean Euskal Herriko talde guztiak txapelketatik bota zituzten” kontatu du tiralariak.

Kritikak eta babesa
Une gogorrak bizi zituzten. “Persona non grata izendatu gintuzten, pentsa! Denetatik entzuten zen, hegazkin bat ere prestatuko zigutela bueltatzeko. Gau hartan mugimendu handia egon zen eta beldurra ere pasatu genuen. Gainontzeko taldeak ere harrituta zeuden sortutakoarekin” gaineratu du Lizarragak. Herri kirolarien artean ere giroa gaiztotu zen, federazioan askok ez zutelako ulertu tiralari sakandarrek egindakoa. “Behin bueltatuta, federazioan talde batzuk esaten ziguten ea zergatik egin genuen hori, hemendik aurrera nazioarteko txapelketetan ezingo genuela gehiago lehiatu leporatu ziguten… denetatik entzun behar izan genuen, eta mespretxu begirada asko jasan” aipatu du. 

Baina euren alde jende asko kokatu zen, gizartea, orohar, tartean Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldea. Japoniatik bueltan, sekulako harrera egin zieten aireportuan. “Beste garai batzuk ziren, eta hemen gertatzen ari zenaz ez genekien ezer. Aireportura iristerakoan harrituta geratu ginen; oso polita izan zen. Hunkitu ginen, ez genuelako halako harrerarik espero. Eta baita Arbizuko ongi etorria ere. Zerbait espero genuen, baina horrenbeste jende biltzea, plaza beteta egotea, bideoa ere jarri ziguten… oso polita izan zen. Eta beste herri askotan ere omenaldia egin ziguten” gogoan du. 

Euskal selekzioaren aldeko bidean euren alea jarri zuten sakandarrek, lehendabiziko urratsa. Hasieran TWIFen kluben mailan lehiatzeko aukera berreskuratu zuten euskal taldeek, eta 2014an TWIFek izaera ofiziala aitortu zion euskal selekzioari eta Basque Country izenpean lehiatzen da. “Jende askok lan handia egin zuen lorpen horretarako” nabarmendu du. 

Gaztetxoak trebatzen "oso gustura" aritzen dira Nerea eta Belen Lizarraga

Bukaera eta beste hasiera bat
Japoniako mundiala irabazi eta bizpahiru urte ondoren Sakana sokatira taldeak agur esan zion bere ibilbideari. Ikasketak zirela, lana zela, zenbaitzuk familia sortu nahi zutela, geroz eta zailagoa egiten zitzaien entrenamenduetarako biltzea eta taldeak jarraipena izatea. “Azkenean dena ezin daiteke”, tiralariak dioen moduan. Baina Nereak eta Belenek sokatirari lotuta jarraitu zuten, berehala Nafarroako Herri Kirol Jokoetan Iñigo Aritzako sokatira taldeak entrenatzen hasi zirelako. “Gure entrenatzailea, Jokin, Andra Mariko sokatira taldeekin hasi zen. Eta guri Iñigo Aritzako taldeekin aritzeko deitu ziguten. Denborarekin Jokinek utzi zuen, eta ordutik Andra Mari eta Iñigo Aritza taldeak trebatzen ditugu” dio Nereak. 

Neska-mutilak trebatzen “gustura” aritzen dira. “Talderen bat errebelde xamarra egoten da, baina orokorrean txintxoak dira” diote bi ahizpek. Pandemiagatik iaz ez ziren lehiatu, eta hori “nabaria” dela dio Lizarragak. “Aurretik parte hartu izan duten gaztetxo batzuk daude, baina beste asko guztiz berriak dira. Zaila da egun gutxitan maila ona emateko taldea sortzea, baina oso gogotsu daude. Aurreko urtean lehiatu ziren taldeek zein maila duten ikusteko dago, baina gureek parte har dezatela, ikas dezatela eta esperientzia hori har dezatela. Gustura egon badira, datorren urtean hobeago egingo dugu” diote lizarragatarrek, irribarrez. 

Nerea Lizarraga: "Garrantzitsuena teknika da, koordinazio eta sinkronizazio hori lortzea"

Sokatiran indarra baino teknika da garrantzitsuena. Lehenengo gauza “gogoa” izatea da, “eta asko entrenatzea, teknika ikastea. Hori da garrantzitsuena. Ongi kokatzea, postura egokia izatea, guztiak batera mugitzea eta aldi berean tiratzea… koordinazio eta sinkronizazio hori lortu. Eta hori entrenamenduekin lortzen da. Lehendabizi pisu arinekin postura mantentzen eta koordinazioa izaten ikasten dute, eta pixkanaka pisu gehiago sartzen diegu” dio Nereak. 

Sakana sokatira talde berriren bat sortzea “zaila” ikusten dute. “Gu horren atzetik ibili gara aurreko urteetan, baina zaila da ikasketak, lanak eta beste uztartzea” diote. Nafarroako Herri Kirol Jokoetako taldeekin jarraitzen dute sokatirari lotuta. “Guri sokatirak gauza asko eman dizkigu: taldeko esperientzia hori, jende asko ezagutu dugu, esperientzia asko bizi izan ditugu, gustuko dugun kirolean aritu izan gara, oso gustura” aitortu dute. Eta orain gazte hauek zer ematen diete? “Gustatuz gero sokan kontentu daudela ikusteak eta txapelketaren bat irabaziz gero, euren aurpegiak ikusita, horrekin nahikoa dugu. Beraiek gustura egotea”. Ziur lortuko dutela.