Duatloia

Arbizuko Duatloiak Nafarroako Txapelketa erabakiko du

Guaixe 2022ko mar. 25a, 12:15

Arbizuko Duatloiak betiko formatua berreskuratuko du eta Trantsizio Gunea edo boxak Kale Nagusian egongo dira.

Bihar, larunbata, 15:30ean abiatuko da XXIV. Arbizuko Duatloia, aldi berean Nafarroako Distantzia Motzeko Duatloi Txapelketa dena. Ehun partaide inguru espero dira eta Arbizuko Udalak sakandarrak proba jarraitzera gonbidatu ditu

Aurreko larunbateko Altsasuko Duatloiari lekukoa hartuta, bihar, larunbata, XXIV. Arbizuko Duatloia jokatuko da, aldi berean Nafarroako Distantzia Motzeko Duatloi Txapelketa izango dena. Arbizuko Udalak antolatu du Nafarroan duatleta proba beteranoa dena, hainbat babesleren laguntzarekin.

Bi distantzia
Emakumeak 15:30ean abiatuko dira, gizonak 15:35ean, eta jubenilak, paratriatletak, erreleboetan ariko direnak eta distantzia herrikoia egingo dutenak 15:45ean. Proba egiteko bi distantzia daude: Arbizuko Duatloia, hau da, betiko ibilbidea (8 km korrika-32 km bizikletan-4 km korrika), hala hautatzen duten duatletek eta erreleboetan ariko direnek osatuko dutena; eta proba herrikoia, aurrekoaren distantzia erdikoa (4 km-16 km-2 km), hala hautatzen duten duatletek, jubenil mailakoek eta paratriatletek osatuko dutena. Guztira ehunen bat partaide daude izena emanda.

Lizarragako portua, bitan
Aurten ohiko formatua berreskuratu du Arbizuko Duatloiak. Hau da, trantsizio gunea edo boxak Kale Nagusian egongo dira, eta irteera eta helmuga ere bertan izanen dira. Herri gunean lau kilometroko zirkuitu ederra prestatu da. Arbizuko Duatloia proba exigentea da, batez ere bizikleta tartean Lizarragako portua bi aldiz igo behar delako –proba herrikoia hautatatzen dutenek eta jubenilek behin– eta haizeak jotzen badu, oso gogorra egiten da. Arbizutik abiatuta Lizarragako portua igo, Etxarri Aranaztik jaitsi eta Arbizuraino iritsi, hori da bizikleta tarteko ibilbidea, betiko probakoek bitan egin beharko dutena. Betiko moduan, Arbizun ezin da raftinga egin, hau da, ezin da aurreko bizikletari lotuta joan. Hala egiten duenak bi minutu egon beharko du geldirik antolakuntzak zehaztutako zigor eremuan.

Eguraldi ona
Larunbaterako ez dute euririk iragartzen, baina ikusteko dago haizeak nola jokatuko duen. Nolanahi ere, Arbizuko Duatloia ikusgarria izango da, beti bezala. Arbizuko Udalak lasterketa jarraitzera gonbidatu ditu sakandarrak. Bukaeran, sari ematea izango da plazan, eta saridunek herriko produktuen loteak jasoko dituzte.