Duatloia

Arbizuko Duatloiak Mikel Astiz Nafarroako txapeldun egin zuen, hirugarren aldiz

Guaixe 2022ko api. 5a, 13:00

Mikel Astiz eta Pello Osoro, korrikako lehen tartean. N.MAZKIARAN

Pello Osorok eta Maialen Egiak irabazi zuten Arbizuko Duatloia, baina helmugara hirugarren sartu zen Mikel Astizek lortu zuen Nafarroako Distantzia Motzeko Duatloi txapelduna izatea, Maialen Egiarekin batera

Larunbatean XXIV. Arbizuko Duatloia jokatu zen, Nafarroako duatloi proba beteranoena, aldi berean Nafarroako Distantzia Motzeko Duatloi Txapelketa izan zena. Lasterketa Arbizuko Udalak antolatu zuen, hainbat babesleren laguntzarekin. 93 partaide zeuden izena emanda, eta horietatik 87k lortu zuten proba bukatzea, horietatik 69 Betiko Arbizuko Duatloian. 

Izan ere, duatletek bi aukera zituzten: Arbizuko Duatloia, hau da, betiko ibilbidea (8 km korrika-32 km bizikletan-4 km korrika), edo Arbizuko proba herrikoia, aurrekoaren distantzia erdikoa. Erreleboetan parte hartu zuten bikoteek distantzia luzea egin behar izan zuten eta jubenil mailako duatletek distantzia motza. 

Larunbatekoa arratsalde eguzkitsua zen, baina haizeak jotzen zuen eta fresko zegoen. Horrek, jakina, bizikletaren tartean izan zuen eragin gehien, haizeak gogor jotzen duenean Lizarragako portua igotzea ez baita makala, are okerrago bitan egin behar bada. Hasieran herrian barna prestatutako zirkuituari bi bira egin zizkioten duatletek, korrika –bira bakarra proba herrikoikoek eta jubenilek– eta segidan Kale Nagusian zegoen Trantsizio Gunean bizikleta hartu eta Lizarragako porturantz jo zuten. Pello Osoro gipuzkoarra (Alusigma) korrikako lehen sektorean aurretik jarri zen, eta trantsizio gunean bigarren Mikel Astiz Erro ihabardarra (San Juan) izan zen. Eibarko duatleta ikusgarri aritu zen bizikletako 34 kilometroko tarte horretan, orduko 34 kilometroko batezbestekoa egin baitzuen, Astizen orduko 32,9 kilometroko batezbestekoaren ondoan. Hala ere, bizikletako sektorean azkarrena Julen Lopetegi (Alusigma) izan zen, orduko 35 kilometroko batezbestekoarekin. Lopetegik hor hartu zion aurrea Astizi. 

Sailkapena
Bizikletako tartea oso gogorra izan zen, haizeak oso gogor jotzen zuelako, baina bizikleta utzita azken 4 kilometroko korrikaldia okerrena izan zela nabarmendu zuten partaidetako askok. Pello Osorok bizikletan lortutako errenta oso ongi kudeatu zuen eta bakarrik iritsi zen helmugara (1:37:13), bere taldekide Julen Lopetegiri minutu pasatxo aterata (1:38:39). Mikel Astiz ihabardarra hirugarren izan zen (1:41:05), lehen nafarra, eta, hortaz, Nafarroako Distantzia Motzeko Duatloi txapelduna. Sergio Garcia de Eulate altsasuarra Top-Tenean sartu zen, bederatzigarren sailkatu baitzen (1:45:25). 

Emakumezkoetan, Maialen Eliak (San Juan) hasieratik aurrea hartu zuen eta Nafarroako Distantzia Motzeko Duatloi txapelduna alde handiz nagusitu zitzaien Uxue Idiazabal (2:11:32) eta Beatriz Riezu (2:21:35) taldekideei. 

Erreleboetan lau bikote lehiatu ziren eta Jonathan Unzalu eta Iker Beitia gailendu ziren (1:53:13), eta Arbizuko Duatloi herrikoian Oier Etxeberria (52:22) eta Ainhoa Calleja (1:05:47) izan ziren lehenak. 

Mikel Astiz, "oso pozik"
Mikel Astiz Erro kontentu zegoen. “Egia esan, oso pozik nago Arbizun egindako lanarekin. Azkenaldian justu samar nago, uste dut denboraldia luze egiten ari zaidala, oso goiz hasi bainintzen, krosean, eta, hortaz, Arbizun lortutakoarekin kontentu nago. Eguraldi bikaina zegoen, hori bai, haize dezente zebilen Arbizutik Lizarragako kateraino eta gero Etxarri Aranaztik Arbizurantz, baina ezin naiz kexatu. Gutxi gorabehera nire mailan ibili nintzen, hirugarren sartu nintzen eta Nafarroako txapelduna naiz, distantzia motzean” azaldu du Ihabarko duatletak. 

Mikel Astiz denboraldi ikusgarria egiten ari da, aurten duatloian jokatutako Nafarroako txapelketa guztiak, hiru, irabazi baititu. “Egia esan, aurten dena oso ongi ateratzen ari zait. Nafarroako hiru duatloi txapelketan parte hartu dut eta hirurak irabazi ditut: Tuterako Nafarroako Duatloi Kros Txapelketa, Basaburuako Nafarroako Sprint Distantziako Duatloi Txapelketa eta Arbizuko Distantzia Motzeko Duatloi Txapelketa. Nafarroako txapelketak irabazteaz gain, Tuterako eta Basaburuako probetan proba irabazita txapela lortuta. Beraz, oso pozik” gaineratu du. 

Maiatzaren 9an Vianan jokatuko den Nafarroako Distantzia Luzeko Duatloi Txapelketan aritzekoa da Astiz (15 km-72 km-10 km), eta Nafarroako laugarren txapela lortzea izugarria litzateke. “Nire maila ematea espero dut. Ea beste txapel bat irabaztea lortzen dudan” dio ihabardarrak, irribarrez. 

Triatloiari dagokionez, aurten Delta Ebrora joateko asmoa du Astizek, bertako proba batean aritzeko, eta maiatzaren 14an Iruñeko Half Triatloian aritzekoa da (1,9 km-85 km-21 km). Astebete beranduago, maiatzaren 21ean bukatuko du triatloi denboraldia, Aritzalekuko triatloian. Asteburu barru, Antton Zelaia urdiaindarrarekin beste abentura bati ekingo dio: Erromatik Sakanara bizikletan etortzea. 

Sakandarrak XXIV. Arbizuko Duatloian
Arbizuko Duatloia (8 km-32 km-4 km)
Gizonak:
1.Pello Osoro 1:37:13
3.Mikel Astiz 1:41:05
9.Sergio G. de Eulate 1:45:25
25.Felix Benjumea 1:52:08
37.Juan Luis Maiza 1:56:42
50.Jose Ignacio Mikeo 2:05:05

Emakumeak:
1.Maialen Elia  2:07:09

Erreleboak (8 km-32 km-4 km)
1.Jonathan Unzalu-Iker Beitia (Aramaixo Tropikala) 1:53:13

Herrikoia (4 km-16 km-20 km)
Absolutua, gizonak eta emakumeak:
1.Oier Etxeberria 52:22
6.Juan Martinez del Olmo 1:00:13