Gauzak konpontzeko txokoa mustutzear

Guaixe 2022ko api. 7a, 10:02

Utzubar EKOguneko konponketa txokoa. HONDAKIN ZERBITZUA

Utzubar EKOgunean dago. Objektuak bota aurretik haiek konpondu eta bigarren bizitza eman nahi zaie.

Sakanako Mankomunitateko Hondakin Zerbitzuak jakinarazi duenez, Utzubar EKOgunean konponketa txokoa sortu du. Egurrezko etxola bat da Konponketa Txokoa. Gauzak konpontzen ikasteko txokoan bigarren bizitza eman nahi zaie hondatuta dauden objektuei, horrela hondakinak murrizteko eta berrerabilpena sustatzeko. Konponketa Txokoan elkartzen direnek etxe tresnak, jostailuak, bizikletak eta beste konpondu ditzakete. Edo hondatutako objektuak berrerabiliz berriak sortu, esaterako: jostailuak, mozorroak, loreontziak edo bestelakoak. 

Tailerrak 20 pertsonez osatutakoak izanen dira. Eta horiek apiril, maiatz, garagartzaro, irail edo lastailean eginen dira; astelehenetik ostiralera goiz edo arratsaldez, eta larunbatetan goizez. Informazio gehiago edota hitzordua hartu nahi duenak 900 730 450 telefono zenbakira hots egin edo bidali posta info.hondakinak@sakana-mank.eus helbidera.